Edaskaiak dioenez, Santxok ez zuen loaldirik egin bazkalondo haretan, alderantziz, bere hitza betez, dukemearengana joan zen. Honek entzuteaz atsegin hartzen zuen eta bere ondoan aulkiño batean esertzeko esan zion, nahiz eta Santxok, ondo hazitakoa zenez, eseri nahi izan ez; andereak, ostera, baietz, esertzeko jaurlari antzean eta mintzatzeko ezkutari bezala, horiengatik biengatik Zide Rui Diaz Kanpeadorren zizeilua bera irabazia zuela eta. Bizkarrak uzkurtu zituen, men egin, eta eseri egin zen, inguruan neskame guztiak, etxandereak ere bai, erne-erne, isil-isilik zer esanen zain, aditzeko gerturik; duke andereak hartu zuen lehenik hitza, esateko:
Bakarrik orain gu, hemen inork entzun ez, eta jaurlari jaunak ditudan zalantza edo ezbai batzuk argitzea nahi nuke, On Kixoteri buruz han-hor-hemen argitara berririk dabilen kondaira horretarean sortuak batzuk. Bata, zera da: Santxo Pantza zintzoak Dultzinea, Tobosoko Dultzinea anderea erran nahi dut, inoiz ikusi ez bazuen, eta On Kixoteren gutuna eraman ez bazion, zergatik geratu zen Sierra Morenako liburuan, nolatan ausartu zen erantzuna gezurrez asmatzera, eta gari-haizatzen edo kurubilatzen ari zelako hura gehitzera, oro gezur oro iseka zelarik, eta dena Dultzinea berdingearen izen onaren kalterako, ezkutari zintzoek, izaera ondunek egin behar ez dutena.
Honetaraz gero, tutik erantzuteke, zutitu da Santxo aulkiñotik, soina makur, geldo-geldo, atz bat ezpainetan, gela osoan zehar hasten da ibilten, errezelak goratzen, eta hau egindakoan, eseri da atzera, eta dio:
Orain, ene andere, nehor ostendurik edo altxaturik entzuten ari ez zaigula aztertu dudanez gero, ingurukook izan ezik noski, galdera horiei beldurrik bage erantzunen diet, horiei eta eginen zaidan bertze zer-nahiri. Lehenik eta behin, nik On Kixote nire jauna xoil erotzat, zorotzat hartzen dut, zeren, batzuetan, nire iritziz eta aditzen dioten bertzeen iritziz, erran zuhur askoak eta egokiro erranak ukaiten ditu, Satanek berak hobeki erraitekoak ez direnak; baina, honela eta guziz ere, zinez eta lotsa bagerik, niri buru-mentsa dela gogo barrenera tinki sartu baitzait. Nik hauxe buru-buruan sartua dut eta honen harira, ez bururik ez oinik duena ere sinetsarazten diot, harako gutun haren erantzuna adibidez; eta duela sei-zortzi egun, oraino kondairan ez badago ere, bertze zer bat: Dultzinea nire anderearen sorgineztatze horrena, sorgindurik dagoela sinetsarazi baitiot, eta ez da egia, ez hurrik eman ere.
Andereak sorginkeria edo iseka hau jaulkitzeko otoi egin dio, eta Santxok benetan gerta bezala zehaztu ere bai, entzuleen gozamenerako; dukemeak berriro hitz eta dio:
Santxo zintzoak jaulkitakoaz, badut ariman zalantza bat jauzika, eta halako zurrumurru bat, edo txutxumutxu bat belarrietaratzen zait hauxe diraustana:"On Kixote Mantxako zoroa, mentsa eta ergela bada, eta Santxo Pantza bere ezkutariak badaki, eta honela ere, atzetik doakio, beti gibeletik, eta mirabe zaio, eta haren agindu ezerezei atxekitzen zaie, haren hitz-eman zentzugeei dagokie, beharbada, bere nagusia baino zoroago eta kokoloago izan behar du, izan; hauxe honelaxe, beraz, eta honelaxe da izan ere, ez duzu onik eginen, duke andere, urlia Santxo Pantzari uharte bat jaurteko emaiten badiozu; zeren, bere burua jaurten ez dakienak, nola jakinen du bertze inor jaurten?".
Jainkoarren, andere – dio Santxok – zalantza hori ongi erditua da; argi mintzo dadila, bai, erran biezaio berorrek hainari, egia dio eta, nik badakit: zuhurra banintz aspaldi utziko nuen alde bat nire nagusia. Nire asturua, ordea, hauxe izan da, hauxe, berriz, nire ondikoa; ezin dezaket bertzerik; jarraiki beharrean natzaio: herri berekoak gara; bere opiletik jan izan dut; maite dut; esker onekoa dut; bere astokumeak eman zizkidan eta, guziz ere, ni "fierra" naiz, zirritua naiz, betibatekoa; ez gaitu, honetakoz, deusek elkarrengandik bananduko, hondarraldiko aitzur eta endaia ez bada. Berorren handitasunak nahi ez badu niri hitz-eman jaurlaritza emaiterik, bada, Jainkoak guttiagotik egin ninduen, bai, eta ez emaite horrek, agian, nire "kontzientziari" on eginen dio; kokolo banaiz ere, harako atsotitz hura adimenean ongi sartua dut, huraxe: inurria gaixto izanki hegoak sortu zitzaizkion; agian, baliteke, Santxo ezkutaria Santxo jaurlaria baino errazkiago zeruratzea. Heben Frantzian bezain opil ona egiten dute; eta gauean katu guziak beltz; eta arratsaldeko bi orenetan gosaltzeke dagoena hagitz zorigaitzekoa da; eta urdail bat ez da beste bat baino zehe bat handiagoa; saralez edo zekalez bete ahal da, errana den bezala; eta landetako txoriek Jainkoa dute hornitzaile eta zuzkitzaile; eta lau kana oihal Kuenkakok' Segobiako beste lau kana limistek baino berotzenago du; eta mundu hau utzitakoan, lurrak hartzen gaituenean, bidexka mehar berdinean barrena joan ohi gara hala handikia nola tikikia, eta lurraren barrenean, bata bertzea baino garaiago izanik ere, Aitasantuaren gorpua eta meza-mutilarena zulo bat; eta zuloan sartuz geroztik oro uzkurtzen gara, egokitzen eta doitzen gara, edo, uzkurrarazten gaituzte, nahi eta nahi ez, egokiarazten eta doiarazten gaituzte, eta agur eta gero arte. Eta berriki diot, ezen, berorrek uhartea eman nahi ez badit ergela naizelakoan, nik zuhurraren zuhurrez deusik ez emaiten jakinen dudala; gurutzearen gibelean tusuria dagoela entzunik nago ni, eta distira duen guztia ez da urrea, eta Wamba nekazaria, idien, goldeen eta uztarredeen artetik jalgiarazi omen zuten Espainiako errege izan zedin, eta Errodrigo, aitzitik, urre-zetehunetik, solasaldi gozoetatik eta aberastokitik aterarazi zuten sugeen jana izan zedin, erromatar koblakari zaharrek gezurrik ez badute.
Eta, gezurrik ez dute, gero! – darauntso une honetan Rodriguez etxandereak, entzuleetako bat denak –: erromantze bat bada Errodrigo erregea, bizi-bizirik, suge, txantxiku eta muskerren hobi batean sartu zutela dioena, eta harik egun bitara erregeak, barru haretatik, ahots minberaz eta apalez honelako hau esan ei zuen:
Jaten naute jaten orain
nire bekatugiletik
eta hau honela, jaun honek ederki dio errege izatea baino nakazari izatea gurago duela dioenean, ziringiloek jango badute.
Duke andereak barreari ezin eutsi, bere etxandere haren inozokeria entzunda, Santxoren esaera berriak eta zaharrak aditurik harrituxea, beroni esan zion:
Santxo zintzoak badaki, jakin, zaldunak emaniko hitza bete behar duela, bizia galdu arren. Duke nire senar jauna ibiltarietakoa ez bada ere, ez honegatik zaldun izaiteari utzitakoa eta, honetaz, uhartearen agintza beteko du, mundu osoaren bekaizkeria edota gaiztakeria guztiak gora-behera. Egon zaitez, Santxo, alai, usterik guttienean, zure uharteko jaur-aulkian eserita egonen zara eta, zure jaurerriko aginte-makila eskuan, bertze handiki askoren maila berean edo goragoan. Zure menpekoak nola biziarazi ondo ikasi behar duzula dizut aholkatzen, denak kirmenak eta ondo jaioak direla eta.
Nire menpekoak ongi jaurri behar horretaz – Santxok darantzuio – ez da zertan niri aholkatu, ni neronez errukior, gupidatsu eta behartsuekiko onbera naiz eta; irina egosi eta orea egiten duenari ez ebats opilik; niri, ez didate irusaku eginen, ez hirur ez bi, "dado" zuririk niri ez: zakur zaharra naiz, eta to! to! guziak ulertzen ditut, eta erne nago behar denean eta nire begien aurrean zomorrorik ez dabil, aladzipo!, badakit oskiak non egiten didan min: zeragatik diot, nirekin ongileak esku eta bide ukanen duelako, gaizkileak, ordea, ez oinik ez sarrerarik. Jaur-aginte horretan, nik uste, dena hasera da, hasi eta hamabortz egunetaraz gero, baliteke, lanbide horretaz zer-nahi eta haboro jakitea nik, agian, soro-lanetan hazitakoa izan arren ere, sorogintzan baino gehiago jakinen dut.
Zuzen zaude, Santxo – dukemeak berriro – inor ez baita ikasia sortzen, eta gizonakandik sortzen dira gotzainak, ez harrietatik. Baina, itzul gaitezen lehenttoagoko hizpidera, Dultzinea anderearen sorgintze horretara; nago, eta benetakoa dela nago, orduko haretan Santxok bere nagusiari iseka egiteko asmatu zuen Dultzinearena, nekazaria zela eta ezezagun izaitea sorginen eragina zelako haxe alegia, den-dena On Kixoteren atzetik ibili ohi diren sorgintzaileen asmakeria dela; nik badakit, egiaz jakin ere, astoaren gainetik jauzika ibilitako neska nekazaria, benetan, Dultzinea Tobosoko izan zela eta dela, eta, beraz, Santxo zintzoa isekagile dela sinetsita isekatua izan dela; ez da zertan zalantza gehiago egin egia honetaz inoiz ikusi ez dugunaz baino; jakin ezazu, bertzalde, Santxo jaun, gure ona nahi duten sorgintzaileak ere baditugula hemen, eta ludian zer gertatzen den erraiten digutenak, garbi-garbi, ez irusakurik ez iruzurrik, zehatz eta mehatz; sinets iezadazu, Santxo, neska "politurruti" ipurnauskari hura Dultzinea Tobosoko zen eta da, erditu zen bere ama bezain sorginduta dagoena; guk usterik guttien dugunean bere benetako itxurarekin ikusiko dugu, eta orduan, bai, aterako da Santxo bizi den gezurretik.
Baliteke hori guzti hori horrela izaitea – Santxok berriro – ; eta oraikoz, nire nagusiak Montesinosen lezean ikusi zuela esan zidana sinetsi nahi dut, zeren, bertan, nik gezurrez ikusi nueneko haretan zeraman janzkera ber-berarekin ikusi zuela esan baitzidan; nik nire gogo hutsez sorgindurik ikusi nuen, eta dena bestetara izanen zen, noski, berorrek, ene andere, dioen eran, zeren, nire adimen urritik sor ez baitzitekeen lipar baten halako trikimaina hain zorrotz bat, eta ez dut uste nire nagusia hain zoroa denik hain ohiz ateko zer bat bete-betean sinesteko, nirea bezalako sinestarazmen kaxkarrari atxekiz. Alabaina, andere, berorrek ez nau gaiztotzat hartu behar, horren hariaz, ni naizen bezain "artopil" zuntzun honek ezin ditu sorgintzaile gaiztoen asmo edota gaiztakeriak barren-barrenetik ikertu: nik orduko haretan itxurak egin nituen, oro asmatua izan zen nire nagusi On Kixote jaunaren ahakarretarik ihes egiteko, ez nuen egin berari iseka egiteko asmoz, eta binperrez agitu bada, zeruetan Jainkoa dago, bai, eta bihotzak "juzkatzen" ditu, epaitzen.
Hori egia duzu – diotso dukemeak – ; baina, erraidazu orain Santxok zer den Montesinosen lezeko hori, jakin nahi dut eta.
Santxok hitzez hitz jaulki dio, hango jazoeraz lehenago esanda dagoen guztia xehe-xeheki; eta dukeak entzunda dio:
Honetarean ondorio ateratuz, On Kixote handiak han ikusi omen zuen nekazaria Santxok Tobosotik irteitean ikusi zuen ber-bera zenez, zalantzarik bage Dultzinea da, eta sorgintzaileak, antza, oso dabiltza erne, oso perkatx.
Nik ere holaxe diot – Santxo Pantza mintzo – nire andere Dultzinea Tobosoko sorgindurik badago, beretzat kalte; nik ez dut nire nagusien etsaiekin, anitz eta gaizto direnekin, hartu-emanik nahi. Nik ikusi nuena nekazaria zela egia da, nekazaritzat hartu nuen, nekazarietsi nuen; hura Dultzinea ote zen niri ez doakit, eta honetaz nik ez dut axolarik nahi. Ez da zeren ibili behar nirekin, behin eta berriz, hizka eta mizka: "Santxok esan zuen, Santxok egin zuen, Santxo bihurtu zen, Santxo itzuli zen", Santxo nor edo nor balitz bezala eta Santxo Pantza ber-bera ez bailitzan, lurbira osoan gaindi liburuetan badabilena bera, Sanson Carrascok jakinarazi zidanez; berau Salamankan batxilertua dugu, bederen, eta honelakook ezin gezurrik erran, harira ez badatorkie behintzat edo gogoak emaiten dienean ez bada; ni, honetaz, ez nau zertan inork ahotan hartu; nik izen ona dut, eta nire nagusiari entzuna diodanetik badakit izen ona ondasun ugariak baino hobea dela, balio handiagokoa; eman niri, beraz, jaurlaritza hori eta ikustekoak ikusiko dira, izan ere, ezkutari ona izan dena jaurlari ona izanen da.
Santxo zintzoak hemen erran duen guzia – andereak harzara – erranairu katondarrak dira, edo, Micael Verino, florentibus occidit amnis, zeritzon haren beraren erraietatik erauzirikoak, behinik behin. Azkenik, azkenik, zure erara mintzatuz, kapusai txar baten azpian edale on bat izan ohi da.
Zinez, andere – Santxok erantzun – egundaino ez dut edan nik gaiztakeriatik; egarriak jorik, beharbada, baliteke, itxurakeriak egiten ez dakit eta; gogoa dudanean edaten dut, eta gogorik ez dudanean, eta emaiten didatenean, itsuskeria ez egiteko, gaizki hazia bezala edo ahoxuri merda banintz bezala ez agertzeko; adiskide baten topari topa egiten ez dionak zein bihotz harrizko ote duen? Zapatak janzten ditut, baina zikintzen ez; gainera, zaldun ibiltarien ezkutariek, ia beti, ura edaten dute, beti baso, oihan, landa, mendi eta haitzetan zehar ibili ohi dira eta errukizko ardo xorta bat ediren bage, begi baten truke ere ez.
Badut sinesten – dukemeak berriro – Oraingoz nahikoa, Santxo, zoaz atseden hartzera; gero luzazago hitz eginen dugu, eta, jaurlarigo hura nola egokitu ebatziko dugu.
Atzera eskuei mun egin zien Santxok eta otoi ere berriro egin zion andereari bere astoa onez onean hartua izan zedin, bere begien argia zela eta.
Zer asto da hori, bada? – galdetzen du andereak.
Nire beharriluxe – darantzuio Santxok – izen honezaz ez deitzeagatik ohiz "ñabartto" erraiten diot; eta etxandere honixe, gaztelura sartzerakoan, otoiz galdatu nion, huraxe ongi hartzeko, eta asaldatu egin zitzaidan biziki, samurtu zitzaidan, zahar edo itsusi erran banio bezala, eta, berez, etxeko andereok astoekin behar lukete, honelako aretoetan nagusi antzean ibili ordez. Ene Jainkoa lagun, zein gaiztatua zen honelakoxe andereekin nire herriko aitonseme bat!
Zitalen bat izanen zen – dio Rodriguez etxandereak – kapare eta ongi jaioa izan balitz, ilargiaren adarraren gainean ezarriko zituen eta.
Oraingoz aski da – duke andereak – : isil hadi Rodriguez anderea, eta lasai zaitez Pantza jauna, astoaren egokiera nire gain, gera bedi nire pentzutan, Santxoren bitxia da, bai, eta nik neure betseinetan ezarriko dut.
Zalditegian emanez gero nahikoa – Santxok harzara – ; berorren begi-ninietan egoiteko ez hura ez ni ez gara duin, unetto baten ere ez; ez nuke, beraz, onartuko nik, aiztokada onartuko ez nukeen eran; adei-legeetan, nire nagusiak dioen bezala, hobe gehiegigatik galdu guttiegigatik baino, asto-arazoetan, aldiz, neurritsu behar da, "konpasa" eskuan beti, hein-heinean.
Eramakezu, Santxo – duke andereak diotso – jaurlaritzara, eta han nahi legez, atsegin betean, egokitu ahal izanen duzu, eta lanetik at opor utzi ere betiko, zahar-saritua alegia.
Ez beza pentsa berorrek, duke andere, askorik erran duenik – Santxok berriro – bi asto baino gehiago nago ni ikusia jaurlaritzan sarturik, nik neronena eramaitea, alta, ez litzateke berri.
Santxoren "arrazoiok", hizpideok berriro barrea eta poza berreragin zioten; atseden hartzera bidali zuen eta bera dukearengana joan zen harekiko guztia aditzera emaiteko asmoz. Biok hitzartuta, On Kixoteri iseka bat egitea ebatzi zuten eta dena eraz honetarakotu, ospagarria eta zaldunen tankera itxurakoa izan zedin; hain berebizikoak, hain alazokoak eta hainbat izan ziren egin zizkioten ihakinak, kilimiskak eta, ezen, edaskai handi honetako jazoerarik onenak direla.