Bazuen dukeak otsein bat, otsein-burua, irrizale lotsabagea zena; Merlinena egin zuena bera, lehengo katramila hura guztia berak antolatu zuen, bertsoak berak osatu zituen, eta Dultzinearena egiteko mirabe bat berak gertutu zuen. Azkenik, berak sortu zuen, nagusien begi onez noski, inork asma lezakeen asmakizunik barre-harrigarriena.
Biharamunean, Dultzinea bere izaerara itzul zedin egiteko zuen nekaldia hasi ote zuen galdetu zion duke andereak Santxori. Baietz erantzun zion honek, gau haretan bost zigorkada hartuak zituela. Andereak nola edo zerez eman eta hartu zituen galdetu zion, eta eskuz emanak izan zirela harek erantzun.
Horrek – dukemeak ihardetsi zion – "xaplada pallakoa" dirudi eta ez zigorrada. Biguntasun hori Merlin jakintsuak ontzat hartuko ez ote duen nago ni: zigorra arantzaduna edo zi zorroztuna egin behar luke Santxo zintzoak, oinaze pittin bat hartzearren; zeren, ikasten du gogorrak dantzatzen bada zigorra eta astoa ere jakintsua makila badu maisua. Dultzinea bezalako andere handi baten askatasuna ez da deus gutian eta merkezurrian erosteko gaia; ohar zaitez, bada, Santxo, errukizko egintzak, baldin epel eta nagi antzean egiten badira, ezertarako ez direla, hutsaren hurrengo eta meritugeak direla.
Santxok honela erantzun zion:
Eman biezat berorrek zigor edo goroiki bat egoki samarra, eta honexez eman-hartu eginen ditut, min handiegirik egiten ez badit behintzat; izan ere, berorrek jakin dezala, ni oihesa naizen arren, nire haragiok espartzuzkoak dira kotoizkoak baino areago, eta bertzeren onagatik neure burua galtzea ez dateke on.
Horrelaxe dadila – duke andereak berriro – bihar bertan emanen dizut zigor egoki hori, zure haragien leun-xamurrarekin, elkarren senideak balira bezala, bat etorriko dena.
Eta Santxok hau:
Zera jakin behar du berorren goi-gorenak, ene bihotzeko andereak, Teresa Pantza nire emazteari gutun bat idatzi diodana, berarengandik aldendu nintzenez geroztik gertatu izan zaizkidan ororen berri emaiteko, hementxe golkoan dadukat, gaineko aurkibidea bertzerik behar ez du; berorrek, hain zogi, irakurtzea nahi nuke, hona, ene irudikoz, jaurlari-erara moldatua da, erran nahi baitut, jaurlariei dagokien idazkeraz.
Nork esanda egin duzu, bada? – dukemeak galde.
Nork egin behar zuen, bada, neronek, bekatari honek egin ezik?
Eta zuk idatzi al duzu? – andereak atzera.
Bai zera – Santxok harzara – idatz-irakurtze horretan jakin ez nik, nire izenpea egiten bertzerik ez dakit eta.
Ikus dezagun, bada; zure buru argiaren dohain-ahalmenak hortxe agerian dituzula eta nago, errazki.
Santxo Pantzak' Teresa Pantza bere emazteari eskutitza
Zartako ederrik emaiten bazidaten ere, ni zaldun antzera ibili ohi nindunan: jaurlaritza onik baldin badut zartako ederrik jasana dinat. Hik ez dun, ene Teresa, oraingoz ulertuko, baina noizbait jakingo dun. Hona, jakin, Teresa, honelaxe komeni ere dun eta, hi organdian ibiltzea erabakia dudala, zeren beste ezein ibiltze lauhazka ibiltzea bailiteke, apattau-apattau bezala. Jaurlari baten emazte haiz: ea nork egiten dinan orpoetan kosk! Horra, hor igortzen dinat ehiztari-janzki berde bat, duke nire andereak niretzat emana; antzaka ezan eta jos itzan horretatik gure alabaren gona-gorontzak. On Kixote nire nagusia, lurralde honetan entzun dudanez, zentzudun zoroa omen dun edota elloxka irrigarria; eta nerau ez omen noakion xoil gibelean. Montesinosen lezean izanak gaitun eta Merlin jakintsuak ni hautatu nain, Dultzinea Tobosokoa, han bere herrian Aldontza Lorentzo daritzotena, bere izaerara itzularazle: neure buruari hiru mila eta hirurehun zigorkada, bost gutiago, eman behar zizkionat horretarakoxe, eta egin ondotik haur sortu zuen bere ama bezain sorginbagetua geratuko dun. Ez, gero, hitzik ez fitsik esan inori, badakin: hire zeraz biltzarrari galde eta batzuek zuria dela esanen dinate, beltza, aldiz, besteek. Hemendik egun gutxitara jaurlaritzara noaken, diru-irrika bizian noan, gaiztorako tirriarik batere ez, zeren, esan didatenez, jaurlari berriak oro halaxe joan ohi baitira, omen; haztatu egingo dinat, zer-nolakoa ikusiko, eta nirekin jin behar dunanentz gaztigatuko dinat. Astoa onik zagon eta goraintziak damaizkin; ez dinat alde bat utziko Turku Nagusi izaitera eramaiten banaute ere. Duke andereak eskuetan milatan pot emaiten dizkin; itzul iezazkion bi milatan; izan ere, nire nagusiak esan ohi duen bezala, besteekiko era gizalegetsua baino deus erraxagorik eta merkeagorik ez dun. Harako bidezorro hura bezalako beste bat, beste ehun ezkuturekin hain xuxen, ez zidan oraino Jainkoak opa nahi izan, baina ez honegatik atsebagetu, Teresa, erdeinurik ez. Ezkila-joilea ongi zagon, bai, eta oro jaurlaritzaren bokatan agertuko dun; hori bai, gauza bat badun zinez min emaiten didana, zera, behin dastatuz geroztik eskuak ere jan behar omen ditudana, honela esaiten zidaten, eta honela balitz ez niken biziki merke ukango; nahiz eta elbarri zein besomotz geratzen direnek, hortxe, diru-eskean beraien "kalonjetza" ukan: honelatan, beraz, batetik edo bestetik, hi aberats izango haiz, zorioneko.
Jainkoak zori on hori opa diezanala, ahal arau, eta ni gorde nazala hiri laguntzeko. Gazteluan, 1614ko uztailaren 20an
Jaurlari den hire senar Santxo Pantzak
Eskutitza irakurri ondorean, honela Santxori dukemeak esan zion:
Gai bitan jaurlari zintzoa oker samar dabil: bata, jaurlaritza hartu beharreko zigorra horiengatik emaiten zaiola dio edo aditzera dama, ongi dakielarik, jakinik eta ezin uka dezake, nire senar jaun dukeak eskaini zionean ez zuela, ez ametsetan ere, zigorrik gogoan, ez munduan halakorik ere; bertzea, oso diru-zale agertzen dela, irrikatsuegi, eta dena haitz-usaina izaitea ez nuke nahi; beteegiz zorroa lehertu doa eta nekez eman ohi dio nori berea jaurlari diruzaleak
Horrenbertzerainokorik ez dut nik erran nahi, andere – Santxok erantzun – eta gutuna behar bezalakoa ez dela baldin badaritzo berorrek, urratu eta bertze berri baten idaztea baizik ez dago, hala ere, nire esku uzten badidate, okerragoa izaitea baliteke.
Ez, ez – dukemeak atzera – hau ongi dago eta dukeari erakutsi nahi diot.
Honenbestez, egun haretan bazkaldu behar zuten loretegira joan ziren. Duke andereak Santxoren eskutitza duke jaunari erakutsi zion, eta hau oso poztu egin zen. Bazkaldu zuten, mahaiak jaso zituzten eta Santxoren mintzaldi gozoaz egonaldi on bat egin eta gero, halako baten, txistu hits-hits baten hotsa eta ttunttun erlats, gozakaitz baten dunbada entzun ziren. Aztoratu edo balira bezala hasi ziren denak, halako hots nahasi, ilun eta gudakarakoa entzutean, On Kixote batik bat, bere aulkian, ezinegonaren ezinez, jarri ezinik geratu baitzen; Santxori buruz ez dugu hau besterik esanen, hots, beldurrak bere betiko babeslekura eraman zuena, dukemearen gona ondora alegia, iluna zen, izan ere, oso hitsa eta hagitz minbera, mudurria soinua. Hala belarriz eginak denak, loretegian barrena aurrerantz bi gizonezko ikusi zuten, beltzez jantziak biak, soinekoak beren luzean erori ahala lurreraino utziak; danbor handi bana joz heldu ziren, beltzez era berean estaliak danborrak. Txilibitu edo "pifano" esaten dioten hori joiten zetorrena ondoan, besteak bezain beltza. Hiruron atzetik soin larriko pertsonaia bat zetorren, erraldoi baten antzo, "lobe" daritzon apaiz-janzki guztiz beltz bat gainean ipinia, ez jantzia zuena, beronen hegala ere halakoxe handi-zabala. "Sotanaren" gainean, zeharretara, uhal-zerrenda zabal bat, lokera laso, "tahelí" esaten dioten horietakoa, hau ere beltza, eta "alfanje" edo aiztoker zakar gaitz bat zintzilik, beltza hau ere eta hornigarria zein gorde-leka ere beltzak. Aurpegia zapi xare argal beltz batez estalia zekarren, eta bere argaletik, bizar luze-luzea, elurra bezain zuria ertikusten zen, errezel gardenetik zehar-agertzen zitzaion. Astiro eta handikiro, oinkadaz oinkada, danborren hotsetan egiten zuen urrats. Halaxe, beraz, haren handitasuna eta ibilera arranditsua, haren belztasuna eta haren alboko lagunabarra bera ere nor edo nor izutzekoak ziren, eta lehendik ezaguna ez zuten hango guztiak, so egin eta, zur gelditu ziren, lur geratu ziren.
Dukearen aitzinera etorri zen, lehenttoago esan bezala astiro-astiro, handiikiro-handiikiro, belauniko jartera, eta hantxe dukea, besteekin batera hari begira zegoela, zutik; ez zion, hala ere, zutitu arte hitz egiten utzi. Hala egin zuen, bada, gero, mamu izugarri harek, zutitu egin zen, aurpegiko mozorroa jaso zuen, eta han agertu zen agertu, egundaino inoren begik ikusi ez duen bizarrik itsusiena, luzeena, zuriena eta sarriena; dukeari begira, bular zabal haren barru-barrutik, une haretan, ahots ilun, zakar lodia erauz eta iraitziz, esan zuen:
Goi-goieneko jaun ahaltsu, niri Trifaldin Bizarzuri derizt, Trifaldi kondesaren, izengoitiz Dolorida anderea esaten diotenaren ezkutari naiz, eta haren aldetik berorrentzako mezu edo "gaztigu" bat dakart, hauxe: berorren bihotz handiak honenbesteko mesede egin nahi balio, arren, bere nahibagea agertzera berorrengana etortzeko baimena eskatzen zaio, nahibage, horra, inoiz inoren nahibage-minak asma lezakeen lurbirako nahibagerik berriena eta harrigarriena da. Lehenengo eta behin, berorren gaztelu honetan On Kixote Mantxako zaldun kementsu inork oraindik mendean hartu ez duena ote dagoen jakin nahi du, harexen bila oinez eta baraurik Kandaiako erresumatik berorren jaurerriraino baitator, eta hauxe bai mirari edo miraritzat har daitekeena, edo inork amets eragina dirudikeena. Bera gaztelu edo jauretxe honen ateetan dago, berorren baimenaren zain barrura sartzeko. Esan dut.
Eztul egin zuen, edo eztulka antza, eta goitik behera bi eskuez bizarra eskukatu zuen; dukeak zer erantzunen zain gelditu zen, bere haretan, lasai-lasai, eta berehalako erantzuna hauxe:
Ba, bai, Trifaldin Bizarzuri ezkutari on, egun asko da nire andere Trifaldi kondemearen ezbeharra jakinik gagozela, sorgintzaileek Dolorida etxandere deitzen diotenarena alegia; sartzeko esan diezaiokezu, ezkutari on-on horrek, eta On Kixote Mantxako zaldun kementsua hementxe dagoena ere bai; esan beharrik ez, berriz, beronen bihotz handi-zabalak babes osoa eta laguntza guztia opa izanen diola, noski; nire aldetik, gainera, behar izaitekotan, nire mesederik bage ez dela geratuko esan diezaiokezu, zeren, nire zaldun izaite honek horretara behartzen bainau, zaldun izaiteak berez zein edo zein emakumeri lagun egitea dakarrelako, etxandere alargunei, mindunei edota ezinduei batik bat, eta zure andere horrek horrela behar du, beharbada.
Trifaldinek hau entzun zuenean, lurreraino belaunikaturik, txilibitu-danbor jotzaileei joiten hasteko keinua egin zien eta sarrera bezala-bezalako ibilera eginez loretegitik atzera irten zuen, hango guztiak haren sarrera-irteera halakoaz eta besteen aurrerako egokiera guztiaz hantxe bertan harriturik utzita. Dukea On Kixoterenganantz bihurtu zen eta honela mintzatu zitzaion:
Azkenean, horra, zaldun ospetsu, gaiztakeria edo etxakinkeriaren ilunpeak ezin du kemen eta ontasunaren argia estali eta itzali. Honatx, sei egun da, doi-doi, berori gaztelu honetan dagoena eta badatoz urrutietatik berorren galdez, dagoeneko, eta ez datoz gamelu gainean ez zalgurdiz, oinez eta baraurik baizik; eta badatoz atsebagetuak, bihotz-minduak, goibelak joak, beraien min eta neke gaitzen sendabidea berorren beso zail indartsu horretan aurkituko dutelako uste osoan, izan ere, hain dira handiak berorren egitandiak, lurbiraren gain-azal ezagun guztian barrena ahorean ahora ibili eta ibili dabiltzanak!
Lehengo eguneko eliz-gizon bedeinkatu hura orain hementxe balego, nahi nuke, bada, duke jauna – On Kixotek erantzun zion – mahaian hain gizatxar legez hitz egin zuena eta zaldun ibiltariak hain hala, begitan hartuak zituena; oraintxe bai bere begiz ekusiko luke zaldun ibiltariak ludian beharrezkoak ote diren: hur-hurretik ekusiko bai, ia eskuz ukituko ere luke bai, guztiz nahibagetuak eta bihozketuak, larrialdietan, unerik gaitzenetan ez direla sendabide galdezka joaiten legegizonen etxeetara, ez herrixketako bereterrengana, ez bere jaioterritik behin ere jalgi ez den zaldunarengana, ez eta erretetxeko alper, beti tzitzi-pitzi, berrien batu-banaketan belarriak askori berotzen dabilenarengana ere, berau bere egitsari handiak, ekintza gogoangarriak bestek idatz-jaulki ditzan egiten ibili beharrean: atsebageen sendagarri, beharren osagarri, neskatxen babesgarri, alargunen gozagarri inork ez du zaldun ibiltariek baino hobeki egiten; eta nerau zaldun ibiltari naizelako anitz esker emaiten diot zeruari, eta eginkizun ohoretsu honetan gerta lekidakeen zein edo zein ezbehar edota harriabar ongi baino hobeki egintzat emaiten dut. Datorrela etxandere hori eta eska dakidala nahi duena, nire besoaren indarra eta nire beldurbageko gemen izukaitza harentzat sendagailu izanen direlako.