On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

37. atala

Dolorida etxanderearen atzerako-aurrerakoek diraute.

Duke jauna eta anderea ez ziren gutti poztu ikusirik nola On Kixote beraien asmoari jarraikitzen zitzaion, eta orduan Santxok hau esan zuen:

Ez nuke nahi nik etxandere horrek inolako poxelu ezartzerik niri hitzeman jaurlaritzaren bidean; entzun ere entzuna diot nik toledoar "botikari" bati, kardamiru baten antzera mintzatzen zen bati, ezen, etxeko andereek esku sartzen dutenean atarramendu onik ez dela. Jainkoa izan bekit lagun, zein haiekiko pintzu eta samur, zein gaitzitua zen harako botikaria! Honen haritik, beraz, nolakoak nahi diren ere, etxandereak oro ozar direla eta papartz direla, pindarkor bezain pindargarri direla ondorioztatzen dut, eta zer ote dea, bada "dolorida" baldin bada, hori horrako hori, errana den bezala, Tripaldi edo Tripaki daritzon kondemea dena? Nire herrian tripakiz tripaldia egiten ohituak gara eta hona hemen ni "pantza" edo pontza.

Hago isilik, Santxo adiskide – esan zion On Kixotek – etxandere hori hain urrundik, hain asagotik nire bila badator ezin izan daitekek harako botikari harek begitan hartuak zituenetarik, gainera konde anderea duk, eta kondeak etxeko andere direnean erregina edota enperatrizen neskame ohi dituk, haiek benetan anderaurenak izan eta beste andere batzuk etxeko andere ditiztek eta.

Hantxe zegoen Rodriguez etxandereak honela erantzun zion:

Nire andere dukeak baditu neskame etxeko andere batzuk, halabeharrak nahi izaitekotan konde izan litezkeenak; baina non errege han lege, eta ez dezala inork ezer esan etxandereez gaizki, are guttiago zahar eta neskuts direnez, zeren, ni horietakoa ez izan arren, argiro ikusten baitut etxanderea neskatxa izaitetik alargun izaitera doan aldea; eta guregana ile eske etorririk triski-traska moztu nahi zigunari artaziak eskuan geratu zitzaizkion.

Hori horrela ere – ihardetsi zion Santxok – nire bizarginak dioenez, etxandereei bada zer mozturik asko, eta hobe dugu, beraz, itxatxekia geratuagatik ere, irrisa ez higitzea, ez ganditzea, ez nahastea.

Ezkutariak beti gure etsai ditugu – Rodriguez andereak erantsi – zer dela eta, gelaurreko mamu guri begira sarri egon ohi direnak direnez, otoitz egiten ari ez diren uneetan, une luzeetan jakina, guri buruz mar-mar, maskalak jaten iharduten dutela eta, gure hezurrak lurpetik aterarazten eta gure izen ona lurperatzen, erasian beti. Bada, halako zuntzun horronkari haiei zera diotset, atsegin ez bazaie ere, gu munduan bizi izanen garena eta handikien etxeetan gainera, goseak hilik egon arren eta gure haragi mardul edo ez hain mardulak serora-soineko beltzez estali beharrean egonagatik, elizbira egiteko egunean atalohia zerri batez estali edo ostendu ohi duena legez. Ene fedearren, ahal banu eta astirik balego, nik erakutsiko nieke, bai, erakutsi, hemen dagozenei ez ezik mundu guztiari ere, ezen, edozein etxeko anderegan sor ez daitekeen onbiderik ez dela, "doña" askorengan dohain asko dagoela.

Rodriguez "doña" etxandere ona zuzen dagoela uste dut – dukemeak esana – oso zuzen; baina, itxadon beharko du, luzaro, bera eta bera bezalako etxandereez bai botikari gaizto harek duen eritzi txarra bai Santxo Pantza handiak bere bularraren barruan duena errotik erauzi eta aldarazteko.

Santxok honela esan zuen:

Jaurlari izaiteko grina sartu zaidanetik ezkutari izaitearen txoradura joan zait, beraz, etxandere guziak gora-behera niri bortz axola.

"Doña" eta etxandereezko solasaldi ha luzatuko zen, aurki, txistua eta danborren hotsa berriz ere entzun ez balute, eta honexen haritik "doña" Dolorida etxanderea hantxe sartzen ari zela uste izan ez balute. Konde eta aitonalaba zelako harrera edo batzarri egitera joan behar ote zuten galdetu zion dukeari bere andereak.

Kondesa den aldetik – erantzun zion Santxok, dukeak hitzik egin aurrez – berorien handitasunak gaiharaje ona egitera joaiteari on daritzot; etxeko andere denez gero, ordea, egon hemen geldi.

Nork sartu hau hi, Santxo, honetan? – On Kixotek.

Nork, jauna? – Santxo galdezka – . Ni nerau sartu naiz, sar naiteke eta, berorren eskolan gizalegea ongi ikasitakoa naiz ni, bada, ezkutari ibilita, izan ere, berori da, izan, zaldunetan zaldunik ongien hazitakoa, gisatsuena eta gurbilena; eta berorri ikasia diot nik, behin edo behin errana baitu, honelakoetan "karta" gehiegigatik ala gutiegigatik galduz gero galera berdina; eta ulertzaile onari hitz gutti.

Horrela da, Santxok dioen bezala da – dukeak esan zuen – : ikus dezagun, bada, Kondesa horren "oihala" eta honexen arauerakoa harrera.

Une haretan, danborrak txilibituarekin, lehengoan bezala, sartu ziren.

Hemen idazleak atal labur hau amaitu zuen, eta beste bat hasi, gertaerari jarraikiz, eta edaskai honetako nabarmenenetan bat hauxe.