On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

42. atala

Uhartea jaurtera joan baino lehenago, On Kixotek Santxo Pantzari eman zizkion aholkuak, eta beste zeinbait ohar.

Doloridaren jazoera hain ederki eta gozagarri burutu zela ikusirik, Dukeak oso pozik geratu ziren eta iseka edo barre-joko haiek aurrera eramaitea erabaki zuten, nonbait, egiatzat hartzen zituzten lagunak hantxe aurrez aur zituztela eta. Halatan, bada, beren mirabe-menpekoei zer eta nola egin behar zuten zehazki agindu zieten, Santxorekiko guztietan, uharteko jaurlaritzari buruz; eta biharamunean, Kabilegurren hegaldiaren hurrengo egunean, Duke jaunak Santxori, uharteko jaurlari izaitera joaiteko ongi jantz eta apaintzeko esan zion; bere uhartearrak, Orrileko euriaren legez, haren zain zituela, begira zituela, erpai zituela. Santxo burua makurtu eta honela mintzatu zitzaion:

Ortzitik jaitsi nintzenez geroztik, han goi-goitik lurra ikusi nuenetik, hain ttikia ikusi nuen ikusi, hara, jaurlari izaiteko nuen tirria epelduxe zait, jabaldu egin zait; zeren, izan ere, zer da, bada, ziape-bikor batean agintari izaitea, zer duingoa edo zer agintarigoa, zer "inperio" da hurraren neurriko bospasei gizonen jaurlari izaitea, azken baten, nire ustetan, gehiagorik ez baitzen ludi osoan? Hona, zera, berorrek ortziaren puxka bat eman nahi izanen balit, sail-mutur batto bertzerik ez balitz ere, lurbirako uharterik handiena baino gogo hobez hartuko nuke.

Adizu, Santxo lagun – Dukeak berriro – : nik ezin eman diezioket inori zeru-puxkarik, ez eta azkazal bat adinakorik ere; Jaungoikoak beretzat hartuak baititu dohain-emaitzok. Nik eman dezakedana damaizut, hara, uharte egoki-egoki bat bere inguru osoa biribila eta ederki egina, hagitz emankorra, oparo eta opatsua, bertan zuk buru onez jokatuz gero, lurreko ondasunakaz batera zerukoak ere irabaziko dituzu.

Horrela bada – Santxok erantsi – betor uharte hori; nik ahaleginak eginen ditut, bai, zitalak zital, zerura joanen naizen jaurlari izaiteko; eta hau ez da nire handinahiagatik, ez nire heinetik jalgitzeagatik edo neure burua gora eta gora jasotzeagatik, ez, jaurlari izaiteak zer-nolako ahogozoa duen "dastatzeagatik" baizen.

Behin "dastatu" edo mustatu ondorean, Santxo – Dukeak esan zion – esku-miazka janen duzu, hain baita gozo-gozoa norberak agindu eta besteak agindutara etortea. Ziur aski, zure nagusia enperadore izaitera heltzen bada, eta ondo bidean helduko da, zalantzarik ez, inola ez diote eskutatik kenduko, eta bihotz-bihotzean min handia izanen du, bai, luzaro enperadore ez izanaren mina hain zuzen.

Jauna – Santxok berriz ere – agintzea beti on da, ene irudikoz, abere-pillista bati bada ere.

Zurekin ehortzia izan nadila, Santxo, denetik dakizu eta – Dukeak berriro – jaurlari ona izanen zarela nago, zure buru argiak agertzen duen bezalakoxea. Oraingoz besterik ez, bego hau guzti hau hemen, eta jakizu bihar bertan uharteko jaurlarigora joan beharko duzula; gaur arratsaldeon, beraz, harako behar dituzun janzki eta gainerako gauza guztiak emanen dizkizute.

Nahi bezala jauntz nazatela – Santxok – ; nolanahi jauntzia joanik ere ni beti Santxo Pantza izanen naiz eta.

Bai horixe – Dukeak esana – ; baina inoren janzkerak bere bizibideari eta duintasunari dagokiona izan behar du; ez litzateke batere egokia legelaria gudariaren antzera janztea, ez gudaria apaizaren antzera. Zu, Santxo, erdizka edo, batetik lege-gizon bestetik kapitain jantzita joango zara, zeren, nik emaniko uhartean hizkiak iskiluak bezain beharrezkoak baitira, eta iskiluak hizkiak bezain.

Hizkiak' – Santxok berriz ere – nik guti, oraino ABK ez dakit jakin; baina eskola-haserako Deus ez zait ahantzi, eta hori aski eta asko dut jaurlari ona izaiteko. Iskilua' eman diezadaten hura, huraxe, nik lur jo arte erabiliko dut, eta Jainkoaren aitzinean.

Horren buru ona izanik – Dukeak esan zuen – Santxok ez du okerrik egingo, ez da galduko.

Une haretan On Kixote agertu zen, eta zertaz ari ziren jakinki, eta Santxo bere jaurlaritzara lehen bai lehen joaitekoa zela, Dukeari baimena eskatuta, eskutik hartu eta bere gelara eraman zuen; bizibide berrian nola ihardun aholku batzuk emaiteko asmoarekin. Sartu ziren, bada, gelara, atea bere gibelean itxi, eta Santxo bere ondoan eserarazi zuen, ia-ia behartu zuen esertzera, arren eta arren, eta mintzo geldoaz, emekiro, honela hitz egin zion:

Santxo lagun, anitz esker zamaioat zeruari, nik ezer dohatsurik aurkitu baino lehenago, hiri asturu ona abegi egitera, harrera ona eskaintzera, bidera jalgi izan zaialako. Nik neure onaldian hire zerbitzuen ordain-txartela emana nian eta oraindik hemen nabilak aurrera ezinean nerau; hik, berriz, garaia heldu aurrez, "arrazoi" edo egokibidez bestera, hire heure gogo guztiak sariz beteak dituk, dagoeneko. Hor ibilten dituk zeinbait eta zeinbait, azpisarika, txutxu eragiten, arren-arrenka, eskean, goizerik hara-horra-hona, lehian hortxe eta hortxe, eta atzenengoan nahi dutena ezin lorturik; eta bazatorrak beste bat, eta ez bat ez bi, nola jakin ez, hor eskuratzen dik beste askok uzian erdietsi nahi izaniko agintokia edota bizibidea; eta hementxe halako esaera ha beren-beregi eta ondo zatorrak, hauxe, halabeharrak badituela aldi onak eta aldi txarrak, inoren asmo-nahietarako. Hi, ene gardiz, girten hutsa haizen hori, goizean goizik jaikitzeke eta gauetan gauez gau ibilteke, ezertan saiatzeke, zalduneria ibiltariaren arnasak ukitu hauela eta besterik bage, hor hago, ez non ez han, uharte bateko jaurlari egina, hutsa bailitzan alegia. Oi Santxo! Hau guzti hau dioat, ez uste izaiteko herorrek irabazia duala jasoriko dohaina; emaizkiok, ordea, eskerrak zeruari, zerok leun-leun bideratzen dituen zeruari, eta zalduneria ibiltariari hurren hain baituk handia beronen bizilegearen handia. Horrela, bada, hire bihotzean nik esana sinetsirik zintzo, oi ene seme!, hago adi-adi hire Katon den honen hitzetara, aholku eman nahi diana, onu egin nahi diana, irakatsi eta erakutsi nahi diana; orain sartzera hoan itsaso harro horretan barrena hire ipar-izar izan nahi duena, gerizpeko kai-alderantz eraman nahi hauen bide-erakusle hau. Izan ere, bizibide eta aginpide handiak nahaspila gaitzen golko sakon bat besterik ez duk, izan.

Lehenbizi, oi ene seme! izan Jaungoikoaren beldur, jakinduria beldur horretan baitago eta jakintsu izanki ez duk ezertan huts eginen. Bigarren, begira arretaz nor haizen hi, egin ahaleginak heure burua ezagutzen, hauxe baita asma daitekeen ezaguerarik zailena. Heure burua ezagutzen baduk ez haiz puztuko, bere burua idiaren ideko egin nahi izan zuen igelaren antzera; honelakorik eginen bahu hire zoroaren gandorrari, hortxe, bere oin itsusiak erakutsiko lizkiokek inoiz hire jaioterrian txerrizain izanaren oroitzak.

Egia da bai – Santxok erantzun – baina hori ttipitan izan zen, gero, mutilko samartu nintzenean, antzarak nituen zaintzen, ez urdeak. Ez dut uste, hala ere, hau gure harira datorrenik, jaurlarigoan dabiltzanak oro errege-etorkikoak izan ez ohi dira eta.

Holaxe duk, bai – On Kixotek gehituz – horregatik, handikien sehasketan hazi ez direnek beren aginte-itzalari esku bigunaren leuntasuna erantsi behar ziotek, zentzu ona "gidari", horrexek bai bailitzake babes maiseatzaile gaiztoen aurka, berauen peitua duen jaurerririk ez zagok eta; bizilegerik ez duk horri ihes eginen dionik. Ager hadi, Santxo, hire jatorriaren apalaz harro, baserritar-endakoa haizela esatea ez eduki gutitzat, honela, bada, hi lotsatzen ez haizela ekusirik, ez duk inor hi lotsatu nahian hasiko; apala baina zintzoa izaiteaz izan hadi beti burua goi, ez, aitzitik, bekatari harruputz izaiteaz. Ugari dituk ugari, beheko mailan jaio eta Aitasantu edo enperadore izaitearen duintasuneraino iritsitakoak; egia honen adibiderik asko eta asko aipa nitzakek, hi aspertu arte.Begira, Santxo, on-bidea harturik eta hire egite onak ederresten badituk, printze eta jaun handien bekaitzik ez duk izanen; odola sortzez zedukaagu, onbidea ahaleginaren ahaleginez jadesten duk, honegatixe, ontasunak berez odolak ez duen ahaldina dik. Hau honela, beraz, hire uharte horretan hagoen bitartean, senitartekoren bat etorriko balitzaik, ekustaldiz, ez ezakek bazter ez gutiets, egiokek harrera ona, abegi, eta esku-erakutsiz gozaro ezakek; honela zeruari atsegin emanen diok, berak egindakoa gutiesterik ez baitu nahi zeruak, eta bidenabar, izaera onari dagokion lege jatorra behar bezain ongi beteko duk. Hire emaztea hirekin ekarriko bahu -jaurlaritzetan dihardutenak beraien emazterik bage luzaro egoitea ongi ez zagok- irakats, jantz iezaiokek burua eta berez dakartzan zakar latzak leundu, txukundu egikek; bestela, emazte zakar tuntun bat aski dik jaurlari zentzudun batek irabazi ahal guztia galtzeko. Alargunduko bahintz -gerta litekeena, noski- eta agintariaren txutxuaz ezkontide hobe baten hartzekotan bahengo, ez ezakek, gero, har arrantzarako kainabera edota amu izanen zaianik, ez hartu "ez baina bai" horietakorik; zeren, horra, zin-zinez dioat, epailearen emazteak eskuratzen duen guzti-guztia, noizbait, azkenengo egoitza "unibertsalean" senarrak garbitu beharko dik, azken epaiketan haretaz aitor egin beharko; eta heriotzakoan, han ordaindu beharko ditik, bateko lau, bere bizitzan jaso bage utzitako ordainkizunak. Ez har hire ustea legetzat; ohikeria hau oso zabaldua zagok, beren burua argitzat dadukaten etxakinen artean. Behartsuaren malkoek bihotz-alde hobea aurki dezatela hiregan, aberatsaren txostenek baino, baina ez, horregatik, lege-alde hoberik. Nori berea duk zuzenbidea. Aberatsaren agintza edota oparien artean saia hadi egia kausitzen, eta egik berdin landerraren negar-malko, berriz eta berrizko aieneka guztien artean. Nori berearena egin beharra dagoenean ez egotz legearen gogor guztiak gaizkilearen gain; epailearentzat bihotz gogorraren ospea bihotz berarena baino hobea ez duk eta. Inoiz edo behin, epai-makila makurtuko bahu, errukiaren astunez izan dadila, ez emaien zamaz.

Hire etsaien baten auzia erabaki behar duanean, ez begiratu hirekiko irainari, gertatuaren egiari baizik. Besteren auzitan ez hadi hire barrenengo beroaren beroz itsu; halakoetan egin okerrak, gutiz gehienak, zuzentzeko biderik bagekoak izanen dituk, eraztu ezinak, eta biderik aurkituz gero ere, oneraztu ahal balira, hire izenaren eta hire ondasunaren gain joanen dituk denak. Emakume ederren bat epai-eske jin balitzaik, ken hire begiak haren malkoetatik, ken hire belarriak haren hasperenetatik, eta azter astiro eskariaren mamia, hire adimena haren malkoetan itotzea eta hire nahimena haren hasperenetan galtzea nahi ez baduk. Egitez zehatu edo zigortu behar duanari ez, gero, hitzez gaizki esaka iharduki, lotsaldi gehigarririk bage ere dohabageak zigorpea aski dik eta. Hire epai-eskueran gaizkileren bat eroria dadukaanean hartu beti errukigarritzat, gure sortzezko izaera gaiztoaren sorkari bat baizik ez duk eta; izan hadi, ahal adina guztian, errukior eta onbera, gupidatsu, beste aldekoari kalterik egiteke, noski, ager hadi bihozpera, zeren, Jainkoaren dohain guztiak berdinak izanagatik, gure begietan Haren errukiberatasuna' Haren zuzentza baino argiago agertzen baita, nabariagotzen baita. Agindu-arau hauei jarraikitzen bahatzaie, Santxo, hire egunak luzarorako izanen dituk, betirako hire izena, gainezka sariak, hire zoriona ezin erran ahalakoa, hire seme-alabak nahi bezala ezkonaraziko dituk, bai hauek bai hire bilobak handiki-izendun izanen dituk, bakean eta gizakideekiko hartu-eman onean biziko haiz, eta bizialdiko azken urratsetan heriotza zahartzaro eztian eta umotuan helduko zaik, hire begiak hire birbiloba edo herenbilobattoen esku guri-bigunek itxiko ditiztek. Orain arte aditzera eman diadan hau guzti hau hire arimaren apaingarri duk; entzun orain gorputzaren apaingarri izanen dituanak.