On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

43. atala

Santxo Pantzari On Kixotek eman zizkion bigarrengo aholkuak.

Aurreko "arrazoiketa" entzunik, nork ez zuen On Kixote zentzundun gizontzat eta asmo oso onekotzat hartuko? Baina, edaskai luze honen harian sarri-sarri esan izan den eran, zalduntzari buruz galtzen zuen burua, beste zer guztietan, ostera, adimen argia zuela erakusten zuen, kaskoan buru, eta honela, egin ohi zuenak bere zentzu onaren kaltea ekartzen zion, eta bere zentzuak bere egitaden kalte; honela ere, Santxori eman zion bigarren aholku-sail honetan sona handia erakutsi zuen, eta bai bere zuhurra bai bere zoroa oso goi-goian ezarri zituen. Santxo adi-adi zegokion, dena belarri, eta aholkuak gogoan edukitzen saiatzen zen, atxeki nahi izan bezala, bere jaurlaritzaren izorralditik erditze onera jalgitzeko asmoarekin, aurki. On Kixotek aurrera jo zuen, hizketan, eta esan zion:

Hire etxea eta heure burua ere nola jaurri behar dituan, Santxo, lehenik eta behin garbia izan hadila agintzen diat, hire gain emaiten diat; azkazalak mozteko eta ez hazten uzteko, gaur den egunean askok egin duena legez, haien ez-jakinean azkazal luzeak eskuen edergarri direla sinetsiak baitira, azkazala balitz, bada, moztu bagerik uzten duten kaka-gehigarria, baina zapelatz sugandilajale baten aztaparra duk: ohitura zikin eta satsua.

Ez ibili, Santxo, prakajausita, zabarkiro; zirtzil-jario eta txarto jantzita dabilenak ganorabako hutsa, bihotzez kankina eta gogoz urria dela erakusten dik, eta hori farraskeria malmutzaren janzkia ez bada, Julio Zesarrena izan ei zen bezalatsu.

Har ezak zuhurkiro zure bizibideak ahal duenaren neurria, eta hire menpekoei otsein-janzkera eramanaraziz gero, garbia eta onurazkoa izan dadila, ekusgarri eta liraina baino areago; eta bana ezak otsein eta txiroen artean: zera, sei gela-sehi jantzi behar badituk, jantz itzak hiru eta beste hiru txiro; honela, bai zerurako bai zorurako sehiak izanen dituk; arranditsuek ez ditek begi onez ekusten horrelako janzkera-modu berri hori.

Ez jan berakatzik -hik baratxuri erraiten duk- ez tipularik, kiratsagatik hire basazia jarrugi ez dezaten.

Ibil astiro; mintza emaro, ez, baina, heure buruari entzuten ari haizela lirudikeen eran; arazkeria dela fazakeria dela ezain duk, itsusi duk.

Bazkaldu gutti, abaldu guttiago; soin osoaren osasuna sabel edo urdaileko olan lantzen baita. Edaterakoan geldo-geldo, ardo gehiegiak isileko hitza agertu eta emaniko hitza ez zertu. Kasu, Santxo, ez jan mauka-mauka, ahoa beterik, ez har eta marrau!, ez inoren aitzinean korrok egin.

Korrok hori zer den ez dakit – erran zuen Santxok.

On Kixotek orduan:

Korrokada, Santxo, pokerra duk, gure hizkuntzak dituen hitzik zantarrenetako bat, oso adiarazgarria den arren; nordin eztimetxa eta ongi mintzatu-zaleak beste hitz bat hartzen dik ahotan, ahopatsa alegia; dena dela hitzok ulertu ez arren, ez dik axola, hitzok erran hitzok entzun, ibiliaren ibiliz, ulertuak izanen dituk; eta honek hizkuntzari ugaritasunaz batera joritasuna emaiten ziok, zehaztasuna emaiten ziok, zeinbaitek dioen eran "aberastasuna" emaiten ziok, lagunabarren ahotik eta erabileratik hartzen baitu indarra hizkuntzak.

Zinez, jauna – Santxok harzara – ondo gogoan hartuko dudan aholkua edo oharra, edo onua, horixe, ez korrok egitearena ukanen dut edo izango dut, egin ere, usu edo sarri edo maiz egiten dut.

Poker erran behar duk, Santxo, ez korrok ez korroskada – On Kixotek.

Ahopats erranen dut edo esango dut, aurrerantzean edo ekiz – Santxok beste behin – ez zait ahantziko, alafede!

Besterik ere baduk, Santxo, hots, ez duala hire mintzaldietan horrenbeste atsotitz edo esaera zahar edo supita erabili behar, ohi duana legez; erranairu gehienak, askotan, iletik hartuak dituk, ozta-ozta ekarriak dituk, gangarkeriak ziruditek eta ez esan-legeak.

Hori Jaungoikoak zuzen lezake – Santxok – ; liburu batek adina atsotitz dakit, jakin, eta ele egiterakoan burutik ahora, bertarean bertara, hitzetik hortzera jin edo etorri ohi zaizkit, trunbilka eta parrastaka; eta mihiak etorri ahala aurtikitzen ditu, egozten ditu, botatzen, harira ez badatoz ere, surean kea jaio doa eta; dena den, gaurgero, nire aginte handiari egoki dagozkionak besterik ez esateko kontuz ibiliko naiz; zeren, etxe onak su ona, eta arin eta eraz usoak egiten hegaz; eta ezkila joiten duena gerizpean dago; eta hartu-emanak burua du behar.

Horrelaxe bai, Santxo! – On Kixotek atzera – Hire atzetik inor ez zoak eta ter-ter-ter! lerrokatu, kordatu, galkatu atsotitzak! Zigortuko al nau nire amak, eta ni hementxe! esaera zaharrak ekiditeko ari natzaik, eta hik, lipar baten, irri-arra baten, horra, arramotxo laso, parrastan "bota" dituk, eta "letania" horretako horiek oraintxe ahotan darabilgunarekin bat ez zatozak, inondik inora, haritik harakoak dituk, Ubedako muinoetara joana haiz, to. Adizak, Santxo, ez diat erranen nik beren-beregi ekarritako atsotitz egokiren bat edo bat txarra denik; baina, erranairuak horrela, bata bestearen gainean, bristi-brasta aurtikika esanaz edo erranaz hitzaldia nahasten duk, "maluskatzen" duk, purtzikatzen duk.

Zaldiaren gainean, ez hadi jar soina gibeleko artzoian, ez eraman zangoak luze-luze, zaldiaren gilbor edo mardatik aldendurik ez, joan hadi "tente", xut, ez, asto gainean bezala, zajagauzi edo takil; zaldiz ibilte horrek' batzuk zaldun bilakatzen ditik eta beste batzuk zaltzain. Loaldiak laburrak, Santxo, goizean goizik jaikitzen ez denak ez dik eguna gozatzen; zori onaren ama, berriz, oi Santxo! ernetasuna duk; nagikeriak, aitzitik, ez zaramak inoiz nahitasunera. Atzenengo aholku bat eman nahi diat orain, soinaren apaingarri ez bada ere, gogoan ongi hartua eraman dezaan, orain arte esandako guztiak bezain onuragarri izanen delako ustean, eta zera duk: ez egin inoiz eztabaidarik etorkiez, ez behintzat bata bestearekin erkatuz, zeren, nahi eta nahi ez, bata bestea baino hobea izanen duk, eta azpiratuak gaitzetsiko hau, goratuak, aldiz, ez dik bat ere saririk eskainiko.

Hire janzkerak galtza osoak behar ditik, janzkiño luzea, kapilotx luzexeago, gergizkoak inoiz ez, zaldunei ez jaurlariei egoki ez zaizkielako. Oraingoz, hau duk dena, Santxo; hona hemen nire aholkuak; egunak joan eta egunak etorri eginen dituk, eta egoera nola nire irakaspenak hala izanen dituk, hik nola hagoen ohartaraziz gero.

Jauna – Santxo mintzo – berorrek erran edo esan didan guztia ona, onuragarria eta santua dela ongi dakusat; baina zertarako izanen dira, bakar batez ere oroitzen ez banaiz, engoitik? Azkazalak moztu eta luzatzen ez uztearena bai, eta berriz ere, egokiera balitz, ezkontzearena, ez zaizkit burutik joanen; baina, beste kaikukeria horiek, nahaspilak eta txokorreria horiek laster joan eta joanen zaizkit gogotik, antzinako hodeiak laso; idatzita behar ditut, eta nik idazten ez irakurtzen ez dakidanez, nire aitor-hartzaileari emanen dizkiot, berak azaldu eta, behar denean, gogora ditzadan.

Ai ene bekatari! Jaurlariek irakurtzen ez idazten ez jakiteak – On Kixotek – zein itsusi emaiten duen! Jakin behar duk gizonak irakurtzen ez jakitea edo ezkerra izaitea, bietarik bat, edo guraso txit xume, oso kaxkarren semea duk, edo bera bihurri-txarra izan eta burura ez hezidura onik ez "dotrinarik" sartu izan zaiok. Akats larria duk hiregan, horixe, eta izenpea egiten ikasiko bahu, behinik behin, nahi nikek.

Tira, ene izena, behintzat, izenpetzen badakit; nire herriko buruzagi izan nintzenean, hizki batzuk egiten ikasi nuen, fardeletan ipini ohi diren horietarikoak, eta nire izena zela erraiten zidaten; dena den, eskuineko eskua elbarritua dudalako itxurak eginen ditut, bai, eta nire ordez beste batek izenpetzeko aginduko dut; hara, orok du sendabide heriotzaz bertzek; eta nik aginte-makila edukirik nahi dudana egingo dut; aita auzapez duenak...Eta ni jaurlari izanik, auzapeza edo alkate baino gehiago dena, zatozte hebentxe ikustekoa duzue eta! Ez, ba, etorri, ordea, gibel-janez eta laidoka, anitz daki saguak haboro gatuak, eta uste ez zuten zakurrak eginen die zaunka; eta Jainkoak maite duena etxean maite; eta aberatsaren ergela munduan lege, txiroaren egia ele-mele; eta ni jaurlari, eskuzabala gainera, honela izango bainaiz, ez da niri egozteko akatsik izango. Egin zaitez ezti eta hortxe euliak gainean; nire amatxik esan ohi bezala: asto handiak itzal handia; eta zaldunari ogiaz, oinezkoari ziriaz; izan ere, zeinbat ukan hainbat izan; eta erro sakoneko gizona ez zaizu aspertuko.

U, Jaungoikoak madarika, Santxo! Hirurogei mila txerrenek eramango al haute, hi eta heure supitak! Ordubetean diharduk bata besteagaz josi eta josi, eta niri banaka-banaka holako alamena irentsaraziz. Egunen baten, ziur nagok, atsoen hitz horiek guztiek urkamendira eramanen haute; horien erruagatik hire menpekoek jaurlaritza kenduko diate, edo haien artean ika-mikak sortuko dituk, alderdiak sortuko dituk. Esaidak, non biltzen dituk, etxakin horrek, nola eraratzen dituk, txaldan horrek, nik bat esateko eta behar bezain ongi ezarteko, haitzurka ari bezala neke-izerditan iharduten diat eta?

Jainkoarren, ene jaun nagusi – erantzun zion Santxok – arrangura guttiko gizona da berori eta, zerendako, arraio, hartzen du min nik neure onaz onura ateratu nahi badut, bertzerik ez dadukat, nire atsotitz eta supitak eta erranairuak beste ogasunik ez badut? Orain berean, lau datorkit burura, munduan batekoak, berebizikoak, ez ditut esanen, ordea, isilik egoite onari Santxo daritzotelako.

Santxo hori ez haiz hi; isilik egoite onekoa ez haiz, gaizki mintzatzekoa bai, eta gaizki ihardukitzekoa. Honela ere, zein lau esaera zahar edo berri bururatu zaizkian oraintxe, harira horren ongi datozenak, jakin nahi nikek; ni neure buruan zehar bila eta bila nabilak eta bat ere ez diat idoroten.

Hauexek baino hoberik ote – Santxok erantzun –, zera, "bi zuhur-haginen artean ez ibeni behatza", eta "nire etxetik alde agindu duenari eta nire emaztearekin zer nahi duzun erranari, ez da zer erantzunik", eta "harriak burua jo edo buruak harria, beti buruak zauria", denak berebiziko direnak? Inork bere jaurlari edo agintedunari zirika egin ez diezaiola, min hartuko baitu, hortzen artean atz lodia edo eri pototsa sartzen duenak bezala, zuhur-hagin izan edo ez izan axola handirik ez, haginak dira eta aski; eta jaurlariak dioenari ez zaio ihardetsi ez iharduki behar, hala nola "alde nire etxetik, eta zer nahi duzun nire emaztearekin" esateari txintik ez. Burua eta harriarena itsuak ere ikus lezake. Honelatan, bada, besteren begian samarra edo fitsa ikusten duenak, berean habea ikusi behar du, bestenaz esanen diote: "burumoztua ikusirik hila izutu zen"; berorrek ontsa daki, ezen, ergelak bere etxean zuhurrak besterenean baino gehiago dakiela.

Ez horixe, Santxo; ergelak ez zakik ezer ez berean ez inorenean, ergelaren oinarrian ezein zuhurrek ez dik eraikinik ipinten. Eta bego hementxe hau guzti hau, Santxo; hi jaurlari txarra izanez gero errua hirea eta lotsa nirea; nik egin beharrrekoa egin diat, benetan aholku onak emanaz, ahalik eta zuhurren, eta honetaz askietsita nagok: nire beharkizuna bete diat eta emandako hitza ere bai. Jaungoikoak erakuts diezaala bidea eta hire jaurlaritzan hire jaurlari izan dakiala; ni beldurrak jota nagok, hara, uhartea erroz gora ipiniko dualako beldurrak, eta nik ekidin ahal nezakek, nola eta Duke jaunari nor haizen azalduaz, hire lodi hori, gizon gizen hori, zorro bete atsotitz eta maltzurkeria besterik ez dela esanaz.

Jauna, berorrek uste badu jaurlaritza horretarako gai ez naizela, hona, oraintxe utziko dut; nire gorputz osoa baino maiteago dut, maiteago, nire arimaren azkazal baten beltzune bat; eta Santxo hutsa izanen naiz, ogi-tipulaz elikatua, jaurlaria eper eta gapoinez bezain ongi; izan ere, lotan gareino, oro berdinak gara, ttipi-handi, behartsuak eta dirutsuak; berorrek gogoratzen badu, ni jaurlari-bide honetan berorrek nau jarri, ez bertzek: jakin' nik uharte-jaurpenaz saiak baino gehiago ez dakit, jakin ere; eta jaurlari izaiteagatik tusuriak edo Txerrenek edo Satanek edo deabruak eraman behar banau, nahiago dut Santxo izan eta zerura joan, inpernura jaurlari joan baino nahiago.

Jaungoikoarren, Santxo, erran duan azken zer honengatixe mila uhartetako jaurlari izaitea irabazia duala uste diat: izana ona duk, eta izan ona izan ezik asko jakinik ere ezertarako ez duk. Utz heure burua Jainkoagan, eta ez egin huts hire lehenbiziko asmoan: zeruak beti asmo onak bulkatzen ditik, honetaz, euk beti, gerta ala gerta, eginkizun guztietan, ondo asmatzeko gogo sendo eta errimea. Eta orain goazen bazkaltzera, jaun-andereok gure zain ditugula uste diat eta.