On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

47. atala

Santxo Pantzak bere jaurlari-lanetan nola ziharduen.

Auzitegitik, hala dio edaskaiak, Santxo Pantza jauregi apain-apaintsu batera eraman omen zuten; hango areto handi batean, garbi-garbi eta erregeena bezalako mahai bat zegoen; Santxo sartutakoan, txistu-txirulak hasi ziren eta lau gela-sehi agertu zitzaion eskuetarako ura eskaintzen, eta bai Santxok sotil asko hartu ere. Isildu zen soinua, eseri Santxo mahai-buruan, beste aulkirik ez zegoen, eta mahai osoan inorentzako beste jan-tresnarik ere ez; ondoan zutik lagun bat jarri zitzaion, geroago sendagile zela irakatsi zuena, eskuan balearen hezur-ziritto bat harturik, hain zuzen. Zapi edo zamau zuri oso balio handikoa jaso zuten, eta han agertu ziren haren azpian estalirik hainbat igali eta azpil ugari jaki askorekikoak; ikasle irudia zuen batek bedeinkapena egin zuen, eta sehi batek Santxori ahurin-zapi ertzak saretua (haurrei lerde dariela eta ipini ohi zaien horietarikoa) eman zion kokospetik paparraldean; beste batek, gelaburu antzera egiten zuenak txalin bete igali eskuratu zion. Lehen apurra ahoratu zueneko, ostera, ziridunak, txalina uki-uki egin ziriaz eta, brast! aurretik brastakoan kendu zioten; eta berehala gelaburu edo mahaizainak beste bat eskuratu, beste jaki batekin. Bazihoan Santxo measintxa egitera, baina, horretara baino lehen, jakia ahora eta jakera ona ote zuen jakin aitzin, bere ukitua egina zuen ziridunak eta sehi batek, igaliarena bezalaxe, azkar-azkar jaso zuen. Ahoa bete hortz Santxo, hura guztia ikusita, inguruko guztiei begira, eta, bazkari ha esku-jokoz jatekoa ote zen galdetu zien. Ziridunak erantzun zion:

Bazkari hau, jaurlari jaun, jaurlariak dagozen beste uharteetan ohi den eran eta ekanduan egitekoa da. Ni, jauna, hemengo sendagile naiz eta uharte honetako jaurlariak artatzeko ordaintzen didate; eta beraien osasunari nireari baino gehiago begiratzen diot, gau-eta-egun ikasi eta ikasi, beti jaurlariaren tankerari erne-erne, gaisotzen bada senda ahal izateko; eta honatx, ba, haien bazkari-afaritan izaten naiz, nire eritziz on datorkiena baino jaten utzi ez, eta kendu, bai, kalte egingo diela uste dudana kentzen diet; honegatixe, igali-txalina kentzeko dut agindu, igali edo fruitu horrek ur gehiegi duelako, zehazki; beste jakia dakarren txalina ere kentzeko agindu dut, berez beroegi eta gainera bixigarri gehiegi duelako, eta honetaz egargarri; eta, jakina, asko edaten duenak gorputzaren berezko hezetasuna, bizia bera ernarazten duena, ito eta galdu egiten du.

Horretara, beraz, hango azpil haretan errerik dagozen eper haiek ez didate batere kalterik egingo, beren on-onean prestatuak direla eta usteak nago, bestalde.

Sendagileak honela ihardetsi zion:

Jaurlari jaunak ez ditu horiek jango, ni bizi naizeino, behintzat.

Zerengatik, bada? – Santxok galdera.

Sendagileak erantzun:

Bada, zeragatik, Hipokrates medikuntzaren artizar eta argia denak zuhurritz batean honela dioelako: "Omnis saturatio mala, perdicis autem pessima", geureraz esateko "Edozertaz asetzea txarra, eperrez, berriz, txar-txarra"

Hori horrela bada – Santxok – ikus beza sendagile jaunak mahai honetan dagozen janari guztietarik zein den onik gehiena egingo didana, eta zeinek kalterik gutiena, eta huraxe jaten utz biezat, niri makilka egiteke; zeren, jaurlariaren biziarren, eta Jaungoikoak luzaz gozatzeko bizia eman diezadala, goseak hiltzear bainago, doi-doi, janaria kenduz, sendagile jaunaren damurik damu nahiz esanak esan, bizia luzatu ez baina kendu egingo dit kendu.

Bai, jauna, berori zuzen dago, jaurlari jaun – sendagileak berriro – baina, hara, nire eritziz, hango eltze haretan dagozen untxi haietatik ez jatea hobe, janari iletsua da eta. Hango txahalki haretatik, ordea, erre eta saltsa minetan ez balego, pixkaren bat har zitekeen, mustatzeko edo, baina ez da zeren.

Santxok orduan:

Hor aitzinean, lurrina dariola dagoen azpiltzar horrek eltzekari lodia eduki behar du, eiki; eta holako eltzeko horietan puska ugari izan ohi denez, ahorako gozo, "jan-nagizuko" eta osasunerako on den puskaren bat ez kausitzea handia ere litzateke.

Absit! – esan zuen sendagileak – Utikan, guregandik urrunera, horren nahikeria txarra: eltzekari lodia baino osasunerako janari kaltegarriagorik ez dago ludian ezer. Bihoaz eltzekari lodi horiek kalonjeentzat, edo ikastetxeetako zuzendarientzat, edo baserritarren ezteguetarako; baina inola ere jaurlarien mahairako, non txukuntasun eta apaintasun eta printzeltasun guztia ere gutxi baita; eta hau zer dela eta, bada, beti ere, non-nahi bezain nork-nahi gai bakarrez osaturiko sendagaia nahiago izaten duela eta, osagai ugarizkoa baino beti ere areago; gaia bakarra denean ezin okertu izaten da, gaiak batzuk direnean, aitzitik, bai, gaien kopurua edo bataren zein bestearen neurria aldatuz gero. Nik badakit zer jan behar duen jaurlari jaunak, bere osasuna zaindu ez ezik indartu ere ahal dezan, eta hauxe da: ehun bat "barkilu" eta irasagar-xerra batzuk, mehe-meheak, urdailari lagundu eta jatondo ona izan dezan

Santxok hau entzun zuenean, aulki-atzeari bizkarra eman zion, sendagile zelakoari begiz begi so egin zion, mintzoa astundu zuen eta nola zeritzon eta non ikasia zen galde egin zion.

Honela erantzuna:

Jaurlari jaun, ni Pedro Recio de Aguero doktorea naiz, Tirteafueran jaioa; Caracueldik Almodovar del Campora joan eta eskumaldean dagoen herria da; doktore izenburua Osunako ikastetxe nagusian hartua dut.

Erabat sumindua, zitaldua osotoro, honetara iharduki zion Santxok:

Horra, bada, Pedro Arrezio Agure ero dotore jauna, Atartefueran sortua, Caracueldik Almodovar del Campora goazela eskuinaldean dagoen herri-koxkor horretakoa, Osunako "unibertsitatean" ikas-mailak hartua, alde egin begit, behingoan, nire aitzinetik; bestela, osterantzean eta ezpere, eguzkiarren eta ala dzipo!, zigor bat hartuko dut, makil bat, zardai bat, "garrote" bat, eta dinbi-danba! horrako horrengandixe, horrako zu horrengandixe hasita, kinki eta kanka! ez dut sendagile bakar bat ere utziko uharte honetan guzti honetan; nire eritziz etxakin hutsak diren horietarik, batik bat; sendagile jakintsuak, zuhurrak, zentzudunak, eta buruargiak, hauek bai, nire buruaren gainean emango ditut, eta zerutik jaitsiak izan balira bezala gurtuko ditut. Eta berriz ere diot joan dakidala hemendik alde Pedro Arrezio delako hau, arre Arrezio! bestela, eseririk nagoen aulki hau hartu eta horren buruan xehatzeko ere banago oraintxe, eta gero gerokoak; niri argibide-eske inor etorriz gero neure burua zuritzeko Jainkoari lagun egin diodala esaea nahikoa duket, aski, sendagile gaizto bat, gizartearen borrero bat hila izango baitut. Emaidazue, beraz, jaten, oraintxe bertan, edo bestela, zuentzat zuen jaurlaritza; bere nagusiari jaten emaiten ez dion ogibideak baba bat ere ez du balio eta.

Sendagilea biziki zen asaldatu jaurlaria hain asaldatua ikusita, hain sumindua, eta atartetik at egin nahi izan zuen, geget egin eginen zuen orduantxe karrikan aldarri-turuta baten hotsa entzun ez balitz; berehalakoan, gela-sehi nagusiak leihora eta burua ateratu zuen, bihurtu zen eta esan:

Duke nire jaunaren mezularia dator; garrantzizko berri-txartelen bat edo al dakar.

Mezularia izerditan eta beldurturik sartu zen, golkorean agerkai bat ateratu zuen eta jaurlariari eskura eman zion; Santxok sehiburuari eta irakurtzeko agindu zion; azal-idazkia honelakoa zen: "On Santxo Pantza jaunari, Barataria uharteko jaurlariari, bere eskura, edo bere idazkarirari". Hau entzunik, Santxok esan zuen:

Nor dut hemen nire idazkari?

Han zegozenetako batek erantzun zuen:

Ni, jauna, irakurtzen eta idazten dakidalako, eta bizkaitarra naz.

Ba, gehigarri horrekin – Santxok – izan zaitezke, bai, Enperadorearen beraren idazkari ere izan zaitezke. Ireki ezazu agerkai hori, ea zer dioen:

Orduantxe idazkari bilakatu berri harek hala egin zuen, eta zioena irakurri ondorean bakarka hitz egiteko zera zela esan zion. Gela hustutzeko agindu zuen Santxok eta sehiburuarekin mahaizaina beste inor ez bertan geratzeko; gainontzeko guztiak eta sendagilea haiekin joan ziren; idazkariak eskutitza irakurri zuen:

" Niregana heldu den berri batek, On Santxo Pantza jaun, jakinarazi didanez nire eta uharte horren etsaiak diren batzuek erasoaldi sutsu bat eginen diote, ez dakit zein gauetan: erne eta goait egon behar da, ezustean atzemana izan ez dadin. Zelatari zeinbaitek esana dakit, gainera, horra lau nordin beste itxuraz jantzirik sartuak direla berorri bizia kentzeko asmotan, berorren adimen onaren beldur baitira: ireki begiak eta erne nor hurbiltzen zaion mintzatzera, eta ez jan eskainitako deusik. Nik lagundu eginen diot, larrialdian gertatzekotan; dena behar bezala egin behar du, berorren adimen onaz. Leku honetan, agorrilaren 16an, gaueko lauretan.

Berorren adiskide

Dukeak".

Santxo erditik eginik gelditu zen, eta ingurukoak ere halako itxurak eginez harrituak zirelakoa ikusarazi zuten; sehiburuari begira jarri eta esan zuen:

Oraintxe dugu egin behar eta berehala, Arrezio dotorea ziega batera sartu; inork ni hiltzen ahaleginik egin badu berak egin du, eta nolako heriotza txarra eta bitartekoz atondua, gosearen bitartez egin gogo zuen eta.

Mahai honetan dagoenetik ez jatea hobe duela berorrek – esan zuen mahaizainak –, nik ere dut uste, zeren serora batzuek ekarritakoa baita; eta esaera da, gurutzearen ostean Txerren dagoela.

Ez dut ukatuko – Santxok berriro – ; emaidazue, oraingoz, opil zati bat, ogia alegia, eta mahats-mulko bat, hauetan "pozoinik" ez da egongo eta; baraurik egon ezin naiteke, egon ere, areago, halako borroka gure etsaiek egingo digutenari aitzi egiteko gerturik egon beharra baldin badago, ongi elikaturik egon behar da, zeren, sabelak bihotzari eragiten baitio ez bihotzak sabelari. Eta, zu, idazkari, erantzun egiozu Duke nire jaunari, esaiozu berak agindu bezala beteko dela agindutakoa, zehatz-zehatz; eta goraintziak egizkiozu nire aldetik Duke nire andereari; otoi ez dakiola ahantz nire eskutitzarekin batera fardela nire andere Teresa Pantzari bidaltzea, mesede handia egingo dit eta nik beti nire indar guztiez haren zerbitzari izaiten arreta zintzoa emango dut; eta bide batez, eskumunak nire nagusi On Kixote Mantxako jaunari, esker oneko opil bat naizela ikus dezan; eta zuk, idazkari on eta bizkaitar zintzoa zaren aldetik, "gura" duzuna erants edo gehi zenezake, harira etorriz gero. Jaso itzazue, ea, zapi horiek, zamauok, eta emaidazue jaten; gero egingo diet aitzi edo aurka, bai, zelatari, hiltzaile, sorgintzaile eta niri edota nire uharteari erasoka letorkeen nori edo nori.

Une haretan gela-sehi bat sartu zen:

Hemen nekazari "tratulari" bat dago, berorri garatz batez mintzatu nahian, dioenez, garrantzi handikoa dena.

Handia da, gero – Santxok – tratulari hauen zera. Hain modorroak ote dira, bada, ez dakitela ordu hauek arazoez hitz egiteko ezorduak direla? Jaurlariok , epaileok, otean, hezur-haragizko gizonezkoak garela ez dakite, eta behar bezainbesteko atsedena behar dugula, ala hatxurdinez eginak garelako usteak ote dagoz? Jainkoarren, eta nire gogobarrenak agindurik, jaurraldi honek nire honek luzaz iraun baleza -ene ustez ez du iraungo, baina- halako tratulari edo salerosle bati baino gehiagori opilak opea egingo lioke, eta nik zentzaraziko. Esaiozue gizon on horri sar dadin, baina, kontuz, gero, ez dadila zelatariren bat izan, edo nire hiltzaileren bat.

Ez, jauna – sehiak ihardetsi zion – zeruko txalo bat dirudi, edo nik gutti dakit edo hura ogia bezain ona da.

Ez da zertan beldurrik izan – sehiburuak esan zuen – ; hemen denok gagoz eta.

Ba ote liteke – Santxok harzara – sehiburu, orain hemen Pedro Arrezio dotorea ez dagoelarik, nik zerbait gizen eta mamitsu jatea, opil edo ogi zati bat tipula batekin bada ere?

Gauon, abaritan, jaterik eza asetuko da eta berori aserik eta beterik geratuko da – mahaizainak esana.

Jaungoikoak hola – erantsi zuen Santxok.

Sartu zen orduan nekazaria; itxura oneko gizona, kaizu onekoa, eta urrundik susmatzen zitzaion, ona eta zintzoa, arima garbikoa zena. Esan zuen aurrena hauxe:

Nor da hemen jaurlari jauna?

Nor, bada – idazkariak erantzun – aulkian eserita dagoen hau ez bada?

Apal natzaio, beraz, karen aitzinean – nekazariak ostera.

Belauniko jarri zen eta mun egiteko eskua eskatu zitzaion. Santxok ez zion eman, zutitzeko agindu eta nahi zuena esateko. Nekazariak hala egin zuen eta esan:

Ni, xauna, laboraria naiz, Migelturrakoa, Erretiritik biga legoatara dagoen herrikoa.

Beste Atartefuera bat dugu! – Santxo mintzo – Esaizu, anaia; nik ondo dakit zer den Migelturra, nire herritik oso urrun ez baita.

Zera, xauna, aitzin-gibelen jakinarazten hastekotz, ni, Xinkoari eskerrak, bordaltua naiz, onki ezkondua erran nahi dut, bakean eta Eliza ama saindu katoliko erromatarraren argipean ezkondua; biga seme ikasle ditut, ttipia batxiler izaiteko asmoz eta nagusia lizentziadun nahi duelarik; alargun naiz, anderea hil baitzitzaidan, edo hobekixe erraitekotz atxeter tzar batek hilarazi zerautan, ernari zegoenean xaindu edo sabela xahutu ziolakotz. Xinkoak nahi ukan balu, eta seme batez erditu balitz, nik atxeter izaiteko bidean emanen nukeen, bere anaia batxiler eta lizentziadunen bekaizkeriak jo ez zezan.

Horretaz – Santxok berriz ere – zure anderea hil ez balitz, edo hilarazi ez balu, zu orain ez zinateke alargun izango.

Ez, xauna, neholatan ere ez – nekazariak erantzun zion.

Ederrak gagoz gu! – berriro Santxok. Aitzina, anaia; eleketan bainoago lo-kuluxka bat egiteko ordua dugu eta.

Badiot, beraz – nekazariak ostera ere – ene seme batxilergai kau herriko neskatxa batez maitemindu zela, Klara Pelerina daritzonaz kain xuxen, Andres Pelerino, laborari aberats okituaren alaba; Perlerin izen kau ez datorkie jatorritik ez arbaso zaharrenganik, ez, baina oro erbal edo hebainak direlakotz; burbuñoka ebilten dira eta izena pittin bat pullitu nahiz kola daritze; egia erran beharrez neskatila ekialdeko harribitxia bezain edderra da, eta eskuin-aldetik soz larreko lilia iduri du; ezkerreko begitik, aldiz, ez, ezkerreko begia ez baitu, nabarreriak jorik galdu zuen; aurpegian ziloak ditu, anitx eta tarroak, ontsa maite dutenek zilo ez baina hobiak direla diote, karen maitarien arimen hilobiak. Kain xahua da, garbia, ezen begitartearen ez zikintzekotz, sudurrak jasorik baititu, ahotik ihesi bikala; eta, kau konelarik ere, pullit-pullita da, ahoa zabala du, handia, "alimalekoa", eta hamar-hamabi hortz edo haginik bagekoa ez balitz, pullitenen artean sar eta garai liteke. Ezpainez zer erranik ez dut, kain mehe eta kalaber kain mardo direnez...baina ohi ez bikalakoak dira, urdin edo ddunddu ñabartuak direlakotz. Xaurlari xaunak barka biezat, konen xehe-xeheki idurikatzen baitut hondarrean nire alaba izanen denaren zer guzia; hagitz maite dut eta ez dut karen tzarrik nahi.

Idurika ezazu nahi duzuna – Santxok berriro – ni ere iduri horietaz atsegin hartzen ari nauzu, eta jan izan banu zure iduripen horiek niretzat azken jakirik hoberena izango lirateke.

Korixe dut oraikotz eginkidin – nekazariak esan zion – ; noizbait izanen gra, alta, orai ez bagra. Eta, orai, xauna, ahal baneza karen galant eta gorputz garaia idurikatu, txundigarria litzateke, bena ezina da, zeren kura beti kizkur-kizkur dago, beti belaunak aho ondoan, zapatua bikala dago; zutik egon ezinik eta zutituren balitz, garaiaren garaiz, sabaia buruz joko luke. Eskua emana izanen zuen, engoitik, nire seme batxilerrak har ziezaion, bena ezin eskua luzatu, azkazalez lotua baitu, eskuertsia bikala, eta konela ere karen azkazal luzeez karen ontarzuna eta onki egina dela erakusten du.

Onki da – erran zuen Santxok – , honez gero, anaia, goiti-beheti idurikatu duzu, oinetatik bururat. Erran, bada, zer nahi duzu? Tziauri harirat, karrikaz karrika ebili bage, itzulinguruka bagerik, ez gehi hoboro.

Zer nahi dudan, xauna – laboraria berriz ere mintzatzen – eta zera nahi dut, berorrek mesede egitea niri eskutitz batez, nire alde eginki, nire buratsokidegaiari eman diezaiodan. Otoi egin biezaio ezkontza kau agitua izan dadin, izan ere ukaitez nahiz izaitez berdin xamarrak gra; egia erraitekotz, xaurlari xauna, nire semea sorgindua da, eta egun oroz hiruzpalaur aldiz gutienik deabruek oinazetzen dute; eta behin su gainera erori zelakotz, aurpegia larrutua du, kizkurtua du, eta begiak beti malko-isuri, nigarrezko txirkak uturrian bikala darizkiola. Izaitez, ordean, aingurua bikalakoa da, berak bere buruari eta gorputzari beti buzkondaka, jo eta jo egiten die, kauxe du gaixtoa, bertzainez, on puxkatto bat liteke.

Bertzerik nahi duzu, gizon on horrek? – galde egin zion Santxok.

Bai, nahi nuke, bena ez naiz erraitera ausartzen; tira, bada, zera, hondarrean ez dut bularrean usteltzen utziren, bada-ezpada. Zera, xauna, nahi nuke, berorrek hirurehun edo seiehun dukat emaitea niri, nire batxilerraren ezkon-sarirako; zerarako, etxerako, zeren, gero elgarrekilan bizi behar dukete, beregain, buratsokideen zoinurik bage.

Ea, bada, begira bertzerik nahi duzun – Santxok harzara – ez utzi erraiteke lotsarren edo herabe zarelakotz.

Ez, ez korixe – nekazariak erantsia.

Hau esan eta bat, zutitu zen, zutik, jaurlaria, heldu zion eseritako aulkiari, eta esan zuen:

Ala dzipo! Oihandar oihes herresta hori, hemendik alde egin ezean eta nire ikusterretik urrunera aldentzen ez bahaiz, aulki honezaz burua puskatuko eta sakailatuko diat! Putakume zital hori, tusuriaren irudi haizen hori, eta oren hauetan niri seiehun dukaten eske hatorkit? Non ote daduzkat, bada, nik, zikin karats-jario hori? Eta, edukiz gero ere, zerengatik eman behar nizkiake hiri, malmutz kailluxka horri? Niri zer Migelturrakoak, zer axola ote dit niri Perlerin-darren etorki guztiak? Berriz ere dioat, neure buruarren, eta Duke jaunaren biziarren, errana bezala eginen diadala! Hi ez haiz Migelturrarra, ez, aitzitik, inpernutik niri kitzika egite aldera igorri maltzurren bat baizik. Erraidak, lotsabage horrek, jaurlari naizela egun bat eta erdi oraindik ez dut egin eta, seiehun dukat non dadukat?

Sehiburuak nekazariari begiz klisk! ñikada bat egin zion, gelatik jalgi zedin; burua makur eta hala egin zuen, jauralariak haserrearen suaz ezgitekoren bat eginen zuen beldurraz; malmutzarrak ongi bai ongi egina zuen egin beharreko itxurakeria.

Santxo hemen utziko dugu, sumindurik oso, eta izan biz bakea inguruan; itzul gaitezen On Kixoteren baitara. Han utzi bezala, aurpegia senda-zapiz estalia, katuekiko borrokaren ostean, zortzi egunean zauriak sendatzeko egonean egon zen. Egun batean, berriz, zerbait gertatu zitzaion eta Zide Hametek dena jaulkiko digula hitzeman du, xehe-xehekiro, edaskai honetako gaiak oro ohi bezain egiatsu eta tinel azaldu izan dituen era berean.