On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

50. atala

Atal honetan' etxanderea jo eta On Kixoteri atximurka eta aztaparka egin ziotenak nor izan ziren argitzen da, gero Teresa Pantza' Santxo Pantzaren emazteari eskutitza eraman zion sehiari gertatu zitzaiona azaltzen da.

Zide Hametek dioenez, eta hau egiazko edaskai honen apur xeheen ikertzaile zehatza dugu, Rodriguez etxanderea bere logelatik On Kixoterenera joan bitartean beste andere bat, haren ondoan lo egiten zuena, ohartu zen, eta, etxandere guztiak jakiteko, ulertzeko eta usaintzeko grinatsuak direla eta haren atzetik joan zen, hain isil-isilik Rodriguez andereak hauteman ez zuela. On Kixoteren etzangura sartzen ikusi zuenean, bestea, etxandere guztiak ohiz eletari ttarttalak direlako, berehala bere andere Dukeari non-ze-berri joan zitzaion, Rodriguez anderea On Kixoteren logelara sartua zelakoa jakinaraztera alegia. Dukemeak senarrari esan zion, eta, bide batez, baimena galdatu ere bai, bera Altisidorarekin ikustera joaiteko, ea zer nahi ote zuen etxandere harek On Kixotegaz; Duke jaunak baiezkoa eman eta haiek biak, astiro-astiro, kontu handiz, logelako ate ondoraino iritsi ziren, barruan hitz egiten zuten guztia entzun ahal izaiteko bezain hurbil. Rodriguez andereak bere barren guztia hustu zuela, zekiena eta ez zekiena esan zuela entzun zuten dukemeak eta Altisidorak; ezin jasan izan zuten; suminak hartu zituen, biak ala biak, mendeku-goseak jo zituen, amorrutsu sartu ziren, bat-batean, etzangura eta On Kixote atximurka zauriz josita utzi zuten, zimiko eta zimiko, eta etxanderea astindu zuten, lehenago jaulkirik dagoen eran. Emakumeen edertasuna edota handiustea joiten duten irainak guztiz amorragarri zaizkie emakumeei, haiengan mendekurako aiherra eta grina sutzen dute, herra pizten dute. Emazteak senarrari gertatuaren berri eman zion eta bai berau biziki poztu ere, barrezka hasteraino, eta Duke andereak On Kixoteri iseka egiteko asmoaz aurrera joan nahian, morroe bat Teresa Pantzarengana bidali zuen, sorgingetua izan zeneko egun haretan Dultzinearena egin zuen morroe bera; (Santxo Pantzak bere jaurlaritzan buru-belarri eta atzendua zuen, nonbait, bere emazteari eginiko eskutitza) bada, hauxe eta Duke andereak eginiko beste bat, opari bitxizko sorta batekin, eraman behar zion morroe harek.

Edaskaiak' sehi edo morroe hura oso zuhurra eta zorrotza zela diosku, bere jaun-andereen zerbitzua ongi betezalea, eta Santxoren herrirantz guztiz gogo onez ibilasi zen, beraz. Herrira sartu baino lehen, lats batean, emakume batzuk bogada egiten ikusi zituen, eta Teresa Pantza, Santxo Pantza delako baten emazte zena, ea herrian bizi zen galde egin zien, azken hau On Kixote Mantxako zaldun baten ezkutari zela esanik. Galdera egin eta ikuzketan ari zen nexkatila zutitu zen, esateko:

Teresa Pantza hori nire ama da, eta Santxo Pantza delako hori nire aita jauna, eta zalduna gure etxeko nagusia dugu.

Zatoz, bada, nexkatilla – sehiak esan zion – eta eroan nazazu zure amarengana, zure aitaren eskutitz bat bezuza batekin dakarkiot eta.

Bai, gogo onez eginen nik, ene jauna – erantzun zion hamalau bat urteko zela zirudien nexkatilak.

Ikuzteko oihalak beste lagun baten esku utzita, ez apaindu ez oinetakorik jantzi, ortozik eta tximak zerizkiola bazegoen ere, sehiaren zaldiaren aurretik etxerantz hasi zen, eta esan zion:

Betor berori, gure etxea herriko sarguan dago eta nire ama bertan, gure aitaren berririk jaso ez eta hagitz atsebagetua.

Bada, nik onak dakarzkiot – sehiak –, Jaungoikoari eskerrak eman beharko dizkio hauengatik.

Azkenean, jauzika, antxintxika eta ikotika herrira heldu zen eta bere etxera sartu aurretik, oihuka ate ondorean, dei egin zuen:

Jalgi, ama, jalgi, jalgi zaitez, nire aita onaren gauza batzuk eta gutunak dakartzan gizon bat hemen dator eta.

Oihuka entzunik, Teresa Pantza amak irten zuen, gona nabarrez jantzita, amelu-muilo bat iruten. Hain motza, txikerra zenez, erditik, ez esateko leku batetik moztua edo laburtua zela zirudien, sointtoa ere nabarra, eta bular aldeko sakota edo txaramela antzekoa. Zahar-zaharra ez zen, berrogeitik gorakoa zela irudi zuen arren, sendorra bai, tentea, zaila eta zahardina; alaba ikusi eta zaldiaren gainean morroea begiz jo ondoan esan zuen:

Zer dun hau, bada, umetto? Nor dugu jaun hori?

Ene andere Teresa Pantzaren zerbitzari bat naiz – sehiak erantzun zion.

Esan eta egin, zaldi gainetik jauzi eta apal-apalkiro Teresa anderearen aitzinean belauniko jartera joan zen, hau esateaz bat:

Eman berorrek eskuok, ene andere Teresa, On Santxo Pantza jaunaren, Barataria uharteko jaurlariaren beraren, emazte legezkoa eta bakarra berori den aldetik.

Ai, ene jaun, ken hortik: ez egin hori, ni ez naiz jauregitarra, nehondik nehora, nekazari behartsua baizik, "laborari" hutsa "bistan" da, mokor-joile baten alaba eta ezkutari ibiltari baten emaztekia, ez nehongo ezein jaurlari edo gobernadorerenik!

Berori, andere – berriro sehiak – duintasunez txit beteriko jaurlari baten emazte duin-duina da, eta egia honen irargi, hona hemen eskutitz hau eta bezuzok.

Sakeletik urrezko koral-bitxiz osaturiko sorta bat ateratu zuen eta sama-lepo inguruan eman zion, esanez:

Eskutitz hau jaurlari jaunarena du, eta bitxiok eta dakardan beste gutun bat nire andere Dukeak bidaliak ditu, berorrengana etorrarazi nauena bera baita.

Teresa harri eta belarri eginik geratu zen, sor eta lor bere alaba bezalaxe, eta honek esan:

Hil nadila, lepoa bihur, heben inguru-minguru On Kixote gure nagusi jauna ibili ez bada eta ez badabil, hainbertzetan agindu uharte edo konderriko jaurlaritza aitari emana edo izanen dio, azkenik, agian.

Bai, horixe – sehiak berriro – On Kixote jaunaren dohainez orain Santxo' Barataria uharteko jaurlari da, gutun honek irakatsiko duenez.

Irakurri egizu, aitonseme jaun – Teresak esan zion – nik iruten badakit, irakurtzen, aitzitik, fitsik ez.

Nik ere ez – Santxikak albotik– baina iguriki heben; nork irakur baten bila noa, dela Apeza bera, dela Sanson Carrasco Batxilerra, gure aitaren berri jakiteagatik gogo onez jinen baita hala bata nola bertzea.

Ez da zertan inori deitu; nik iruten ez dakit, irakurten bai eta irakurri egingo dut.

Osorik irakurri zuen (lehenago hemen emana dagoenez ez da orain berriz ere agertuko) eta gero bestea atera zuen, dukemearena, eta honela zioen:

"Teresa adiskide: Santxo zure gizonaren onak eta buru argiak eraginik eta bultzaturik, nire senar den Duke jaunari, dituen uharte ugarietako bat hari opa ziezaion eskaritu nintzaion. Benetako buruzagi baten antzera jaurten omen du, hala ditut, bederen, berriak, eta oso nago pozik, eta Duke nire jauna ere era berean; honegatik eskerrak damaizkiot zeruari, jaurlaritza haretarako hura hautetsi nuela eta, okerrik ez bainuen, antza, egin; horra, Teresa andereak jakin ere ba al daki, gaur den egunean, ludi honetan, jaurlari on bat nekez oso nekez jarrugitzen dela; eta ainaza gure Jainkoak egin ni Santxo jaurlari den bezain on. Hor bidaltzen dizut, ene maite, urrezko hariz ondozkaturiko koralbitxi-sorta bat, ekialdeko txirlarriz egina balitz nahiago nuke, baina hezurra damaizunak ez zaitu hilotzik utzi nahi, bai, eta etorriko da eguna elkar ezagutu eta elkarri lagunduko dioguna, eta Jainkoak daki zer izanen gero. Goraintziak Santxika zure alabari, eta erraiozu, niketz, adela dadin, ingiratzeko alegia, gutienik uste duenean goi mailako ezkontza opako diodala eta.

Horko ezkurrak xoil gizenak omen dira, honela erran didate, bada, behintzat: igor iezadazu bi hamabiko, arren, gozoetsiko dizkizut, zure eskutik datozelako; idatzi egidazu, otoi, zure osasun eta bizi onaren berri emaiteko; eta ezeren beharrik edo oparinik baldin bazenu erran bertzerik ez duzu, ahoa zabaldu eta horixe neurria; eta Jainkoak jagon zaitzala.

Herri honetatik, biziki maite zaituen zure adiskide Dukesak".

Ai ene – esan zuen Teresak hitz haiek entzundakoan – zein ona eta zein maitagarria eta zein apala anderea! Honelako andereekin ehortz nazatela ni, eta ez gure ohi diren handikien andereekin, gapareak direlako haizeak berak ere ukitu behar ez dituela uste baitute, eta elizara erreginak balira baino harroputzago joaiten dira, eta nekazari baten emazteari begiratze hutsa laidogarritzat dutela dirudi; eta, hona heben, ikus nola andere honek, duke izanagatik, adiskide erraiten didan eta bere heinekoa banintz bezala mintzo zaudan; Mantxan dagoen ezkil-dorrerik goreneko goienean ikusiko al dut bada nik, agian. Ezkurrez den bezainbatean, ene jaun, lakari bat ezkur igorriko diot, gizenetan gizenik bada, izan ere, ikus eta harritzeko bezainbertzekoak badira. Santxika, oraikoz, egion jaun honi atseden hartzeko era: jarrarazi zaldia behar den bezala, ekar oilotegitik arroltza batzuk, ebaki urdai edo xingar xerra batzuk oparoki, demaiogun jaten printze bati legez; ekarri daukun berri onak eta berak duen begitarte arraiak oro eta hoboro ditizten irabazi, merezi ere. Bitartean, gure botzezko berri gure auzokideei emaitera noakien; Apez jaunari, eta maisu Nikola bizarginari, guziz ere, hire aitaren lagun izanak eta direnak baitira.

Bai, eginen dut, ama; baina sorta horren erdia eman behar dautazu; ez dut uste nire andere Dukea hain eroxka denik, diren direnak oro zuretzat igortzeko

Oro dun hiretzat, alabatto, baina, utz niri egun batzuetan lepoan eramaiten; bihotza bozkariotzen zaudala zirudin, zin-zinez.

Tira, bada, alaitu – sehiak hitza hartuz – alaituko zarete bide-pardel honetan dakardan zer hau ikusiaz: oihal mehe-mehezko janzki bat da, jaurlari jaunak egun bakarrean ehizatara eraman zuena, dena Santxika andereñoarentzakoa.

Bizi bedi mila urtez huraxe – Santxikak erantsi zuen – eta hauxe dakarrena ere bai, ez guti ez gehi, eta hala beharrrez gero baita bi mila ere.

Joan zen, orduan, Teresa etxetik at, eskutitzak eskuan bitxi-sorta saman, eta kriskitin-kraskitin zihoan gutunak joz "panderu" antzo. Bidean aurrera, Apaiza eta Sanson Carrascorekin buruz buru egin zuen eta hasi zen triskan, dantza-dantzari, eta esaten:

Alafede, orai ez dago ahaide malder eta bagerik! Jaurlaritzattoa dugu! Betor, betorkit niri handiki andererik apainduena, eraberrituko dut nik, berri-berri ezarriko dut!

Zer duzu hori, bada, Teresa Pantza? Zer duzu erokeria hori eta zertzuk dituzu paper edo "ingi" horiek?

Ez da erokeria, duke eta jaurlarien gutunak dira, eta lepoan daramatzadan hok koral mehezko "errosarioak" dira, eta agurmariak eta aitagureak urrezkoak ditut, eta honako nihau jaurlari andere nauzue.

Jainkoaren maitasunagatik, ez dizugu deusik edo ezer ulertzen, Teresa, zer diozun ezin asma dezakegu.

Hemen ikusten ahal duzue – erantzun zion Teresak.

Gutunak-eta eman zizkien, Apaizak irakurri zituen Sanson Carrascok entzuteko eran, eta elkarri begiratu zioten, batak besteari, irakurritakoaz txunditurik, eta eskutitz haiek nork ekarriak ziren galde egin zion Batxilerrak. Bere etxera joaiteko esanez erantzun zion Teresak mezularia ezagutze aldera, mutil lerdena bera, urrezko lerra-lakoa, beste esku-erakutsi bat – harek bezuza zioen – beste hainbeste balio zuena ere ekarri ziola. Apaizak bitxi-sorta samatik edeki, eskuetan harturik begira eta begira, benetan leun-leunak zirela ohartu zen, harritu zitzaion beste behin eta esan:

Nire eliz-jantziarren, ez dakit zer esan, ez zer pentsa gutun eta opari hauei buruz: alde batetik, koral hauen leuna, ederra eta printzela ikus nahiz ukitzen dut; beste aldetik, duke andere batek bi hamabiko ezkur eske norbait bidali duela darakurt.

Egundo holakorik!– Carrascok – Goazen, bada, oraintxe, goazen agerkai hori ekarri duena ezagutzera; beragandik jakinen dugu zer den hau guzti hau.

Hala egin zuten eta Teresa haiekin. Zaldiari jaten emaiteko garagar pixka bat bahetzen aurkitu zuten, eta Santxika hari jaten emaiteko gantxigor – sehiak "txintxorta" zioen – bat ebakitzen arrautzekin nahasteko. Morroea ikusita biak poztu ziren, haren itxura ona zela eta, gizalegez agur egin zioten elkarri, eta Sansonek' On Kixote edota Santxo Pantzari buruzko berririk galdatu zion; Santxoren eskutitza eta Duke anderearen gutuna irakurriak zituztela baina ezin asmatu izaiten zutela zer ote zitekeen Santxoren harako jaurlaritza hura guztia, eta areago uharte batekoa, zeren, dagozen guztiak edo gutiz gehienak, Mediterraneo itsasoan batik bat, Erregearenak baitira, izan. Sehiak honela erantzun zion:

Ez egin zalantzarik Santxo Pantza jauna jaurlari dela; uharte den ala ez den nik ez dut horretan sudurrik sartuko; mila auzotar baino gehiagoko lekua bada nahikoa; eta ezkurrena, zera, nire andere Dukea oso emakume apal eta xaloa da... (ezkur eske baserritar batengana joanaraztea bat zen, eta beste bat, behin bera auzoko andere batengana orrazi baten eske bidali zuela esan zien). Jakin bezate beroriek Aragoiko anderaurenak, txit urenak izan arren, ez direla gaztelarrak bezain harro eta putz, burgoi eta handiuste: xalo-xalo, lagun xehe-xeheekin badakite iharduten.

Halako berriketan ari zirela, Santxika agertu zen, arrautza batzuk altzoan, eta sehiari galde:

Erraidazu, jaun: nire aita, jaurlari denez geroztik, galtza lotuak, botoizkoak erran nahi dut, daramatzea?

Ez diot begiratu, baina baliteke, bai.

Ai ene Jainkoa! Ikustekoa izanen da, ba, nire aita galtza hertsiekin! Hau da hau, ttipi-ttipitatik nire aita galtza lotuekin ikusteko gogoa ukan ez dut, bada?

Bada, horrelaxe ikusiko duzu, bizi izaitekotan – sehiak berriro – Jaungoikoarren, bi ilbete jaurlaritzan iraunez gero, lepo-txapelaz jantzirik ibiliko da, agidanean.

Haren hitz murrikari malmutzak ondo baino hobeto antzeman zituzten Apaizak eta Batxilerrak, baina bitxien leunak eta Santxok bidalitako ehiza-janzkiak dena goi-beheratzen zieten, biak durdurikaturik (ordurako Teresak janzkia erakutsia zien), eta barreari ezin eutsita egon ziren, Santxikaren gogoagatik batez ere, eta areago Teresak hau esan zuenean:

Apez jaun, beha ezazu hor nonbait ea Madrilera edo Toledora nihor doan "berdugado" biribil bat, ongi eginiko bat, eros diezadan, erabili ohi direnetarik honberenetakoa ahalaz; nire senar jaunaren jaurlaritza, ahal dudan heinean, omen handitan ezarri behar dut, zin-zinez; eta noizbait Jauretxe horretara joan beharko dut, eta orga edo gurdi apain bat hartuko dut, bertze emazteki guziek bezala, zeren senarra jaurlari duena ongi errekitatua eta osoki jantzia izan baitaiteke.

Bai, eta nola, ama! Ailekio Jainkoari nahi, eta egun balitz bihar baino hobe, nahiz eta nire amarekin gurdian eserita ikus nazatenek honela erran: "So, hara han, halako hura, baratxuri-jale haren alaba, nola doan gurdian eseria eta etzana, Amasantua balitz bezala!". Ibil daitezela halako haiek lohiz lohi ni neronen gurdian noaino, oinak lurrari kendurik. Urte tzarra eta hilabete sordeisa munduan marmarka ari direnen gibel-jale mihi gaiztoentzat; eta ni ero baina bero. Ongi al diot, amatto?

Bai eta zein ontsa dionan, ene alabatto! Zori on hauek oro eta bertze handiago batzu, lehendik ere Santxok iragarriak zitinan, goi-hats batez usnaturik noski; ikusiko dun, alaba, nola ni kondesa egin arte geldituko ez den; hasera baizik ez dun eta zoriontsu gu; hire aita onari usu entzun diodanez -hirea den hein berean erranairuen aita ere bada izan ere-: eraztuna emaiten dinatenean eman erhia; eta jaurlaritza bat emaiten badinate har ezan, eta konderri bat emanez gero har, eta "tto haugi hona tto" deika egin arren opari on bat eskainiz gero, har eta bil ezan untzi batean. Ez, alta, loak har eta etxeko atarian ageri den zori onari ihes egiten utz!

Niri zer axola – Santxikak atzera – ni harro eta apain-apain ikus nazanak nahi duena edo honela erraiteak: "Lehen zakurra ortutsik, orai oskiz", eta bertze zer-nahi?

Entzun eta Apaizak esan zuen:

Egiaz, ni sinetsita nago ezen Pantzatarren etorkiko guztiak eta bakoitza aldean zaku bete esaera zahar edo supita dakartela jaiotzen direla; ordu guztietan, hitzaldi guztietan , non nahi diren ere, banan-banan banatzen dituzte, zabaltzen eta barraiatzen dituzte, han-hor-hemen, parrastan bezala, haietar guzti-guztiek.

Egia da – sehiak esan zuen – Santxo Pantza jaurlari jaunak txitean-pitean esaten ditu eta, sarri bai sarri; eta batzu-batzuk harira ez etorrita ere, atsegingarri izan ohi dira, eta nire Duke jaun-andereak barre asko eta irri gehiago egiten ibili doaz.

Oraindik esatea, gero, ene jauna – Batxilerrak – egia dela Santxoren horrako jaurlaritza horrena, eta badirela Dukeak lurbiran esku-erakutsiak igortzen dizkionak eta idatzi ere egiten diotenak! Guk' erakutsiok ukitu arren eta gutunak irakurri baditugu ere, sinetsi ez dugu sinesten, On Kixote gure herrikidearen zera dela-eta gagoz, dena sorginek egina dela uste baitut; zerori ere ukitu nahi zaitudala nago, ea hezur-haragizko gizona ote zaren ala ametsezko mezulari edo "enbaxadore".

Jaunok, nik neutaz ez dakit besterik – sehiak esan zuen – benetako mezularia naizena baino, eta Santxo Pantza jauna egiazko jaurlari dena, jaurlaritza eman ahal diotenak eta eman diotenak nire Duke jaun-andereak izanki. Esaera da, eta egia noski, Santxo Pantza hori guztiz bihoztun ari izaiten dela jaurgoan, eta honetaz sorginik dagoen ez dagoen, zeuek dakikezue, nik beste ezer ez dakit, eta zin dagizuet, nire gurasoen biziarren, bizi dira eta oso maite ditudanak.

Izan liteke, bai, horrela – Batxilerrak ihardetsi zion – ; alabaina dubitat Augustinus.

Zalantzak zalantza – sehiak beste behin – nik esana egia da, eta horrexek beti gezurraren gainean behar du, koipea uraren gainean bezala; osterantzean'operibus credite, et non verbis: betor berorietako bat nirekin eta belarriz sinesten ez duena begiz ikusiko du.

Ni joanen naiz – esan zuen Santxikak – ; eraman nazazu jaunak, zure zaldiaren mokor-gainean; nire aita ikustera gogo onez joanen naiz.

Jaurlarien alabak ez ohi doaz bakarrik bideetan zehar, gurdietan edota bide-oheetan eta mirabe ugarirekin baizik.

Jainkoagatik – Santxak orduan – berdin zaut asto baten edo orga baten gainean. Ni nerau menddere minbera, arraioa!

Isil hadi, nexka – Teresak erran zion – ; zer dionan ez dakin eta, jaun hau xuxen zagon; nolako aroa halako oinetakoa: Santxo zenean ni Santxa eta jaurlari denean ni "jaurlarisa", eta ez zakinat deusik diodanez.

Teresa andereak uste baino gehiago dio – sehiak berriro – ; emaidazue jaten eta bidal nazazue gero, arratsaldeon itzuli nahi dut.

Apaizak esan zion:

Zu nirekin etorriko zara barau egitera; Teresa andereak gogoa bai baina bitxirik ez, zu bezain arrotz onari zerbitzu on bat emaiteko.

Sehiak ezetz esan zion, baina, azkenean, onartu behar izan zuen, bere onerako noski, eta Apaizak gogo onez eroan zuen, On Kixote eta beronen jazoerez galdetzeko aukera izaiteagatik.

Batxilerrak' erantzuteko eskutitzak berak idatziko zituela eskaini zion Teresari; ez zuen honek, ordea, Batxilerrak eskurik sartzerik nahi bere arazoetan, barregile samartzat jaiten baitzuen; eta opil bat eta arrautza bi meza-mutil bati eman zizkion, idazten zekielako, bi eskutitz idatz ziezazkion, bata bere senarrarentzakoa, bestea Duke anderearentzakoa, biak ala biak bere adimendutik sortuak, eta aurrerantzean ikusiko denez, ez dira, ez, kondaira handi honetan ageri direnik txarrenak.