On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

51. atala

Nola Santxo Pantzaren jaurlaritza aurrera doan eta beste zeinbait gertakizun hala-holako.

Jaurlaria bazterrak ikertzen ibili zen gauaren ondoreango eguna argitu zuen, bada; mahaizainak gizonezko jantziz aldaturiko anadereño haren aurpegia eta liraina eta ederra beti gogoan lo egin ezinik eman zuen gauaren hurrengo goiza zen; sehiburuak Santxo Pantzaren esanak eta eginak bere jaun-andereek jakin zitzaten, hala eginengatik nola esanengatik harrriturik oso, zeren esanak eginekin nahas-mahas zuhurrak eroekin bezala baitzebiltzan, idatzi eta idatzi eman zuen gauaz geroko egunak, beraz, argi zuen. Jaurlari jauna ere, azkenean, jaiki zen, eta, Pedro Recio sendagilearen aginduz, umoturiko igali pixka bat eta lau zurrupada ur hotz gosaltzeko eman zioten, eta benetan hau guzti hau ogi koxkor batekin mahats-mordo baten orde gogotik emanen zuen Santxo Pantzak, baina behartua zegoela, hala nahia baino hala beharra areago zela ikusirik, etsia hartu eta haretara makurtu zen, bihotzean min eta urdailean neke. Pedro Reciok, hala eginaraziz, janaria gutti eta guri denean buruaren bizkorgarri dela sinetsi eragin nahi zion, nonbait, eta honegatik, aginte eta egintza larrietan diharduen nordinari ongien doakiona dela, zeren horrelako eginbehar garrantzizkoetan soinaren indarra baino adimenaren dohainak ahaldinagoak baitira, askotarakoagoak.

Aiko-maiko haiek guztiak zirela eta ez zirela, Santxo goseak zegoen, eta nola, ezen, bere baitan jaurlarigoa, eta eman ziona bera ere, madarikatzen hasi zela; alabaina, gosea gose eta igali gurituak guritu, egun haretan ere epaiketan ihardun zuen. Sehiburua eta gainerako aialdeko guztiak aurrean zegozela, arrotz bat agertu zen, lehenbizi, eta galdera hau egin zion:

Jauna, bazen ibai ur handiko bat, uhaintzandi bat jaurerri baten lurgunea zati bitan bereizten zuena...eta -bego erne berori auzia garrantzitsua eta zail xamarra delako- erreka haretan zubi bat, eta zubiaz haraindian, edo zubi-buruan zehazki esateko, urkabe bat eta ondoan auzitegi-etxe antzeko bat; bertan lau epaile egon ohi ziren eta jaurerri, zubi eta ibaiaren jabeak ezarritako legez ebazten zuten, era honetan: "Norbaitek zubi honetan zehar alde batetik bestera irago nahi badu, zin eginaz, nora eta zertara doan aitortu behar du, lehenengo; egiatan zin balegi utz biezaio aurrera joaiten, baina gezurretan ari izan baledi ken biezaio bizia, inolako barkamenik bage, han bertan dagoen urkabean zintzilik jarriz". Lege hori jakinik eta bere gogorraren gogorra ezaguturik, lagun asko zeharkatu ohi zen eta, zin eginda, egia esan ohi zuela ageri zen, beraz, epaileek zabalik iragaiten uzten zioten. Behinola, baina, gizaseme batek, bera hangoxe urkabe haretan hilko zela aitortuz zin egin zuen, gehiagokorik bage. Aitor-zin haretaz ohartu ziren epaileak eta esan zuten: "Gizaseme honi bidea zabaltzen badiogu bere aitor-zina gezurra litzateke, eta legearen arauera hil beharra du; urkatzen badugu, berriz, berak urkabe haretan hilko dela zin egin duenez, eta egiazko zina denez gero, lege beraz aske behar du". Hauxe da, bada, jaurlari jauna, berorri galdetzen zaiona, ea, zer erabaki behar duten epaileek gizaseme haretaz; oraindik orain, zalantzan, ezbaian eta asmatu ezinik dagoz eta. Berorren buru argi eta adimen zorrotzaren berri jasotakoak diren aldetik, honaxe bororrengana, hain auzi nahaspilatsu, eztabaidako honetaz berorri eritzia galdetzera bidali naute.

Santxok honela erantzun zion:

Tira, bada, zinez, niregana igorri zaituzten epaile jaun horiek ez igortzerik ere bazuten, zeren, honelakoxea ni, zorrotzetik baino kamuts eta bahaskatik are gehiago baitut; honela ere, esaidazu berriro ezbai hori, ongi uler dezadantzat: agian, baliteke erdi-erdian jo eta bete-betean kausitzea.

Galdegileak, behin eta berriz, lehen esana bera esan eta esan zuen, eta Santxok harzara:

Ene eritziz, auzi hau nik' ttakada bitan, ber-berean, xahutuko dut eta garbituko; honatx: gizaseme delakoak urkabean hilko dela zin egin du, eta bertan hiltzen bada, bere zina egiazkoa izan da, eta legearen arauera aske behar du eta zubia iragan dezake; urkatzen ez badute, bere zina gezurrezkoa izan da eta, lege beraz, urkatua izaitea irabazi du.

Holaxe, jaurlari jaunak dioen bezalaxe da – mezulariak esan zuen – eta auzia osoki ulertzeari dagokionez, horretaz, ez da deus ere gehiago esan beharrik ez galde-beharrik.

Orain, bada, zera diot – Santxok atzera – egia zin egin zuen gizon horren atalari iragaiten utz diezaiotela, eta gezurra esan zuen atala urka dezatela; honela iraganbidearen legea hitzez hitz beteko da.

Horretarako, baina, jaurlari jaun – galdetzaileak berriz ere – gizona erdi bi egin beharko litzateke, gezurti eta egiati, eta erdibituz gero, nahi eta ez, hil eginen da, eta honela ez da inondik inora lege-agindurik beteko, eta legea bete beharrekoa da.

Zatoz hona, gizon on jaun hori – berriro Santxok – : zerorrek aipatu gizaseme bidazti delakoak hiltzeko nahiz bizi izaiteko eta zubian zehar iragaiteko "arrazoi" ber-bera du edo ni nerau girten hutsa naiz; izan ere, alde batetik egiak gaizketzen badu berdin gaizperatzen du bestetik gezurrak; eta hau honela izanki, eta honela da noski, niregana igorri zaituzten gizon horiei zera esan behar diezu, ezen, haren aldeko zein aurkako, gaizke ala gaiztun gertatzeko "arrazoiak" ari-arian dagozenez gero, hor-hor, zubibidea zabalik utz diezaioten, ongi egitea gaizki egitea baino beti goretsiago behar dela eta; orain bertan izenpetuko nuke nire erabaki hau izenpetzen baneki; eta zer hau ez da nire burutik sortua, On Kixote nire nagusi jaunak uharte honetara jaurlari etorri baino lehenagoko gauean eman zizkidan aholkuetarik bat da oraintxe burutara jin zaidana, hauxe: nori berea emaiterakoan zalantzarik egonez gero beti gupida edo urrikalmendura lerratzeko, errukior izaiteko hain zuzen, eta honako auzi honetara bide batez datorrelako Jaungoikoak nahi izan du, noski, niri gogoratzea.

Horrela da, bai – esan zuen sehiburuak – nire ustetan, Likurgok ber-berak, Lazedemoniako lege-emaile izan zenak, ezin emanen zuen, berorrek, Santxo Pantza handiak oraintxe eman duen erabaki hori baino hoberik; honenbestez, bada, izan bedi aski gaur goizeko auzialdirako; berorrek, jaurlari jaunak bere nahierara bazkal dezan aginduko dut, den-dena horretarako gertua dut.

Horixe da, bada, nik galdatzen dudana – Santxo mintzo –, hori berori, -eta ez niri hainbestetan "berorika" janaririk bageko "bero" hori ez baitut ez ohiko ez maite- eta iruzurrik ez: emaidazue jaten, eta betoz niregana edo nire gainera auziak eta mauziak, zalantzak eta balantzak, aisa eta haizean garbituko ditut eta xahutuko.

Sehiburuak hitza bete zuen, halako jaurlari hain zuhurra gosez hiltzea bihotzeko zama egiten zitzaion; eta are gehiago, zeren, gau haretantxe, bere irri-jokoan azken iseka egiteko agindua zuela eta haren jaurraldia amaitzekotan baitzegoen. Halatan, bada, egun haretan Tirteafuera sendagilearen arau-esaera guztiak hautsiz, bazkaldu ondorean, mahaia jasorduan, posta-mutil bat sartu zen, jaurlari jaunarentzat On Kixoteren gutun bat zekarrena. Beretzat bakarrik isilean irakurtzeko agindu zion Santxok idazkariari, eta isilpeko beharrik ez bazekarren ozenki irakurtzeko. Idazkariak hala egin zuen, eta zehazki ikusi baikoz, honela mintzatu zen:

Irakur daiteke, bai, ozenki; izan ere, On Kixote jaunak berorri hemen idatzi dion honek urrezko hizkietan irarria izan behar luke; honela dio:

On Kixote Mantxakok Santxo Pantza Barataria Uharteko Jaurlariari eskutitza

Santxo lagun: hire zabarkeria axolabageak entzunen nituela uste nuenean, hire zentzu onaren berri jaso diat eta ahonegatik zeruari eskerrak eman zizkioat, esker bereziak, simaurretatik dohabageak jaikiarazten eta burubageetatik zentzudunak egiten dakien zeruari. Gizon-gizona bahintz bezala ari omen haiz hire jaurlarigoan, hala esan zidatek, eta abere antzeko gizona, horrela eta guztiz ere, horrelakoxe mutila eta apala haizelako, antza, heure buruarekiko guztian. Ohar bahendi nahi nikek, ostera, Santxo, askotan, aginteari zor zaion itzalagatik, bihotzaren apal-nahiari uko egitea erazko ez ezik beharrezko ere badela; zeren, "kargu" larrietan jarrita dagoenaren apain-egokiera ez baita bere jatorri apalaren neurrikoa izan behar, duen agintaritza mailari dagokion heinekoa baizik. Jantzi hadi ongi, makilak ere, apaindua badago, makil ez zirudik eta. Ez dioat apainkeriaz jantzirik ibilten hasteko, ez eta epaile izanki gudari antzera janzteko ere, baina hire aginte-mailari dagokion janzkeraz ederreztatzeko, bai, badioat; janzkera txukuna eta heurebizikoa baldin bada, noski.

Hire jaurlaritzako herriaren gogoa heureganatu nahi baduk, bi dituk egin-beharrekoak, besteak beste: bata, lehenago ere esana diat baina, inorekiko zintzo izaitea, ororekikoa hain zuzen; bestea -hik bertzea diok- bizigai ugari edukitzeko ahaleginak egitea, behartsu edo txiroen bihotza sumintzen duenik bada, hauxe duk gosea eta biziera garestia.

Ez egik bizi-arau askorik, eta egiten baduk, onerako izan dadila, eta zaindu betearaziz, betetzen ez den araua ezizana bezalakoa delako; hortik hara, araua ezarteko burua edo zentzua ukan zuen agintariak betearazteko adorerik edo gemenik ukan ez zuela agertzen dik; izan ere, beldurra sartu bai baina betearazteko gauza ez dena, harako igelen erregearena bezalako duk: haiek hala eskaturik igelei erregetzat egur-puxka bat aurtiki ziean; haseran beldur pittin bat sartu ziean, baina, gerora, deusetarako ez zela eta, igelak gainera igo zitzaizkioan.

Onbideen aita izan behar duk, eta gaizpideen aitaordea, aitaizuna nahi baduk. Ez hadi beti gogorra izan, ez beti biguna ere, bien bitartean beti erdia, zentzu onaren on-unea hortxe zagok eta. Ikuska itzak espetxeak, harategiak eta azokak, halako lekuetan jaurlaria agertzea garrantzizkoa izan ohi delako: barruan itxita noiz irtenen erpai, artege dagozenentzat suspergarri dukek; harakinentzat beldurgarri, ostera, beren azta-neurriak zuzen ote dagozen eta zuzentzen hasten baitira, eta azokariak ere ikaratzeko izugarri edo "txorimalo" baten antzerakoa izan ohi duk, "arrazoi" beragatik haretan ere. Ez hadi -ez diat uste baina-, hala bahintz ere, dirukoi, emakoi edota sabelkoi ager; hara, herri xeheak eta hire ingurukoek hire aroia hartuko ditek, hire lixtertasuna ezagutuko ditek, hire aiherra eta jaidura ikasiko ditek, eta hortixe joko haute, joko, galbidean behera hondar sakoneraino amildu eragin arte. Begira behin eta berriz, gogora ezak eta birgogora, hire jaurlaritzara baino lehenago nik emaniko aholku eta agirietan idatzitakoa, gordeak baldin badaduzkak, ikusiko duk, zein lagungarri izanen zaizkian, jaurlari denari beti eta non-nahi agertzen zaizkion zoztor-nekeen gainetik iragoteko. Idatz iezaiek hire nagusiei eta ager hakie beti eskerroneko, eskergaiztoa' bekaturik larrienetakoa eta harrokeriaren alaba duk; bere ongileen aldeko esker ona agertzen duenak, Jaungoikoari ere -hik Jainkoa daritzok- eskerrak emaiten jakinen duela erakusten dik, Beronek hainbat eta hainbat on egin baitio egin ere eten bage.

Duke andereak mezulari edo mandatari bat -mandorik bagea hala ere- bidali zuan -igorri alegia- hire janzkiarekin eta Teresa Pantza hire anderearentzako esku-erakutsi bat zeramana; haren erantzunaren zain gagozak, begira-begira. Ni ondoezik egon nauk, katu-atzaparka batzuk direla eta, gertatua nire sudurren kalterako izan duk, izan, ez batere atsegina, arranopola! baina ezer larririk ez, hutsa, nire aurka gaiztoz iharduten duten sorgintzaileak badituk, bai, baina, nire alde ihardun izan dutenak ere bai.

Hor hirekin dagoen sehiburu edo etxezain hori Trifaldiren zer haietan zerikusirik, hik susmatu bezala, zuten haietarik bat ote den jakinarazi behar didak, ahalaz, eta, bidenabar, hiri gertatu guztiaren berri bidali, noizik noiz, hortik hona bidea labur; gainera, nik alperreko bizimodu nagi hau laster uzteko asmoa diat, nerau honetarako jaioa ez nauk eta.

Eginkizun bat sortu zaidak, hemengo jaun-andereok haserretuko zaizkidala eta banagok ere, egin beharrekoa, zeren, beraien nahierari baino nire bizilegeari atxekiago behar baitut, behartuago noski, axola bazaie ez bazaie niri bost axola eta bat ere ez azkenean, eta esaera dena bezala: amicus Plato, sed magis amica veritas. Latinez dioat, jaurlari haizenez geroztik ikasia izanen baituk, noski. Eta honenbestez, Jainkoa izan lagun, eta Berak jagon hazala inoren errukitik.

Hire adiskide

On Kixote Mantxakok

Santxok arreta bizian entzun zuen, eta entzun zuten guztiek oso zuhurtzat eman zuten, jaiki zen gero mahaitik Santxo eta, idazkariari deituta, bere gelan elkarrekin bildurik egon ziren, zertarako eta lehen bai lehen bere nagusi On Kixote jaunari erantzun nahiz, gerorako uzteke, zerbaiten idatz eta igortzerako; halaxe, beraz, idazkariari, areanik bat ere kendu edo erantsi bagerik, berak erran ahala idazteko agindu zion, eta bai harek egin ere. Erantzun-eskutitza honetara osatu zuten:

Santxo Pantzak' On Kixote Mantxakoari eskutitza

Honen da, izan ere, guztizkoa nire eginkizunen ardura, ezen, ez dudala nire buruari azka egiteko ere astirik eta nire azkazalak mozteko ere ez, eta honegatik luze-luze eginak dakartzat, Jaungoikoak eratu beharko. Honela mintzo banatzaio, ene bihotzeko berorri, aztora ez dadin nahi dudalako da, orain arte jaurlarigo honetan nire ongi ala gaizki egonaren berririk igorri baitiot; egon ere, goseak nago, biok inor bageko baso-bazterretan gaindi genbiltzanetan baino goseago.

Ene Duke jaunak, lehengo egunean, idatzi zidan, eta, zera, batzu-batzuk uharte honetara isilka ni hiltzeko asmotan etorriak zirela ziostan; nik, ordea, ez dut holakorik oraindaino inor kausitu, sendagile jaun bat izan ezik, hemen egon litezkeen jaurlariak oro hiltzeko jarria eta ordaindua, ene irudikoz, dagoena: Pedro Arrezio dotorea daritzo, Atartefuerakoa omen da, horra, ikus berorrek ea ez ote den, horrelako izena eta, horren eskuetan hiltzeko beldurra izaitekoa! Dotore delako horrek, berak bere buruaz, gaisotasunak sendatzen ez dituela dio, etorri aitzin aurrikusten dituela baizik, etorri ez daitezen aurrea hartzen omen die, berak halaxe dio, eta horretarako jan gutia, barauaren ondotik baraua, horra, harek esana, ohi dituen sendabideak, harik eta inor hezur hutsetan utzi arte, ahuleria sukarra baino tzarragoa ez balitz bezala. Azkenik, gosearen gosez bizia kentzen dit eta ni haserrearen haserrez hiltzen naiz, zeren, ni jaurlaritza honetara jateko beroa eta edateko hotza ukanen nuelakoan jaugin bainintzen, holandazko maindire artean, lumazko lastaira gainean nire gorputza eta soina gozatuko nuelakoan etorri bainintzen, eta, aitzitik, batekoz beste, basoko apez edo "padar" baten antzera nekaldi egitera jina naiz; eta, jakina, ene gogoz egiten ez dudalako azken-azkenean tusuriak eramanen nauela uste dut.

Orain arte, ez dut inoren eskubiderik ukitu, ez dut inoren eskupekorik jaso, eta zerendako ez dakit, zergatik den ez dakidala alegia, zeren, hemen esan didatenez, uharte honetaratu izan diren jaurlari guztiei, aldiz aurretik, herriko lagunabar xeheak diru asko eman edo utzi ohi baitie; ohikuntza hau hemengoei ez ezik beste nora-nahi joaiten diren jaurlariei ere hedatua izan dela dioste.

Bart arratsean, bazterrak ikusten nenbilela, gizonezkoz jantzita andereño eder batekin tupust egin nuen, eta haren neba anderezkoz jantzirik agertu zen; hemengo mahaizaina nexkatxaz maitemindu zen eta bere barren-barrenean emaztetzat hautatu zuen, berak esana hauxe; nik, berriz, neba suhitzat aukeratu nuen; gaur, haien bien aitarekin hitz egitera joaitekoak gara, gure asmo hauetaz guztiotaz; Diego Llanako du izen, nahi bezain kapare edo aiton-seme eta giristino zaharra.

Berorrek aholkatu bezala, azokak ikuskatzen ditut; atzo, atso azokari bat ediren nuen hur berriak saltzen zituena, eta anega bat hur berriri beste bat nahasia zedukala antzeman nion, hur zahar, huts eta harjoak hain zuzen; dotrina-eskolako umeek ongi bereiziko dituztela eta berauentzat uztera behartu nuen, eta hamabostaldi batean azokara ez sartzeko agindu nion agindu. Ederki, neurebiziko kemenaz, egin omen nuen, honela esan didate bederen; eta, herri honetan aipu dute, berorri diotsot jakite aldera, diotenez, emazteki azokariek, inon direnik gaiztoenak direna, oro lotsabageak omen dira, oro barren gaixtokoak eta nabarmenak, ozarrak oro; eta sinestekoa da, eiki, beste zeinbait herritan ere halakoxeak ikusi ditut eta.

Ene Duke andereak nire emazte Teresa Pantzari idatzi eta berorrek dioen esku-erakutsia igorri -edo bidali- dioela jakinik biziki poztu naiz, oso, ahal dudanean eskerrak emaiten ahaleginduko naiz; eman niketz -nire aldetik esan nahi baitut- berorrek goraintziak eta esan nire aldetik zorro etenean sartu ez dudala, bere on egina ez duela alperrik egin, geroak agertuko, bai.

Ez nuke nahi, bestalde, berorrek jaun-andere horiekin hika-mikarik izaiterik, haserretuz gero, esan bage doa, nire kaltetan izango da; niri eskerronekoa izaiteko aholkua eman eta berori honelakoa ez izaitea xuxena denik ez dut uste, hainbeste opari egin eta halako guritasunean beraien gaztelu-jauretxean berori aparraren gainean eduki dutelako.

Katu-atzaparka horrena ez dut garbi ikusten, alabaina, sorgintzaile maltzurrek berorrekin ohi duten gaiztakeria horietarik bat al da, beharbada, nik uste, elkar ikusitakoan jakingo.

Berorri zerbait igorri nahi nioke, ez dakit zer, ordea; ttuttu-xiri batzuk, agian, maskuriei lotzekoak, uharte honetan oso politak egiten baitituzte; dena dela, nire jaurgoak baldin balirau, zutik edo zeharka, nik egingo dut zer edo zer bidaltzeko "modua".

Nire andere Teresa Pantzak idatz baliezat ordain beza berorrek igor-saria eta bidal niregana eskutitza, otoi, nire etxeko eta nire seme-alaben berri jakiteko irrikitan nago eta. Honenbestez, Jaungoikoak aska dezala berori sorgintzaile gaiztoetatik, eta ni nerau, aldiz, onik eta bakean atera nazala nire jaurlaritza honetarean; zalantzan nago, nola nahi ere, bizi eta jaurlaritza, biak batera utziko ditudalakoan, Pedro Arrezio dotore jaunak zaintzen nauen eran zaintzen nauelarik.

Berorren miskandi

Santxo Pantza Jaurlariak

Eskutitza itxirik, idazkariak mezulari bat bidali zuen eta Santxori iseka-egileek jaurlarigotik nola ateratu behar elkarrekin itundu zuten; arratsalde haretan, bizkitartean, Santxok arau-agindu batzuk egiten ihardun zuen, berak uharte zela sinetsita zegoen haretako jaurkerari zegozkiokeenak, eta besteak beste, erresuma haretan hornigaien errekardaririk ez egoitea agindu zuen eta ardoa nahi zuten lekurean ekar eta sartzeko eskubidea ezarri zuen, nondikoa zen garbiro esatearen baldintzapean, haren ospe, ontasun eta onespenaren arauera sal-neurria emaitearren, eta urez nahas zezanak edo izena alda, bizia gal lezan; oinetako guztien sal-neurria beheratu zuen, oskiena batez ere neurriz gainekoa zela uste zuelako; mirabeen lansariei izaria ezarri zien, nolabaiteko muga bat alegia, zuduaren bidean zehar pirripitaka zihoazela eta; abesti lizun edo likitsak, gordinak esaterako, kanta zitzanari, zela gauez zela egunez, zigor larri-larriak ezarri zizkion; mirari bateko bertsoak abestea ere debekatu zien itsu guztiei, baldin miraria egiazkoa zela erakusteko lekukoren bat ez bazuten, itsuek ohi zituzten bertso haiek gehienak gezurrezkoak eta, beraz, egiazkoen kaltegarri zirelako usteak baitzegoen; txiroen txinela ipini zuen, ez txiroen zaintzarako eta ez txiroei jazarteko ere, benetan txiroak zirenetz aztertzeko baizik, egiaz gezurrezko besomotzen ostean eta sasi-zaurien azpitik beso luzeko eskuzikinak eta osasun hordituak ibili izaiten ziren. Laburki esateko, hain arau onak eman zituenez, gaur-egun ere han indarrean dagoz eta aipuz aipu ohi dabiltza oraindik : "Santxo Pantza jaurlari handiaren legeak".