On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

52. atala

Dolorida edo Angustiada izeneko bigarren etxandere, beste izenez Rodriguez andere, baten jazoaldia jaulkitzen denean.

Zide Hametek dioenez, On Kixote harramazka haietatik sendatua, gaztelu haretan lasai eta bare bizi zelako berak zalduntza ibiltariari eginiko zinaren aurkakoa eritzi zion eta Duke jaun-andereei Zaldua edo Zaragoza delako hirira joaiteko baimena eskatuko zitzaiela erabaki zuen, bertako jaiak laster izaitekoak ziren eta halako jai-egunetan ohi diren lehiaketa batzuetan esku hartuz altzairuzko jantzia irabazi nahi zuen, halako ohiturari atxekiz.Egun batean, Dukeen mahaian, bere asmoa aurrera eraman eta baimen eske hasterakoan, areto handiko aterean barrura, horra, ezorduan, bi emakumezko sartzaiten (geroago ikusiko da), doluz jantziak biak oinetatik buruetaraino, eta haietako bat On Kixoterengana zen, oinetara eman zuen bere burua, lurrean luze-luze etzanez, ahoa On Kixoteren oinekin josia, eta hasperen-intzirika hasi zen, hain goibelki, hain sakonki, hain mingorki, ezen, han zegozen ikus-entzule guztiak harriturik nahasarazi zituela; Dukeak berak ere zalantzan, beraien neskameen isekaren bat izanen zelakoan, On Kixoteri egiteko noski, baina emakume harek nola egiten zuen negar, nola heiagora, nola hasperen ikusita, ez eta bai betean geldi zegozen, harik eta, On Kixotek, errukior, lurrerean jaikiarazi, aurpegia ager eta begitarte negartsuaren gaineko mihisea edeki zion arte. Harek emakume harek hala egin zuen eta uste ezin zena agertu zen, izan ere, Rodriguez anderearen aurpegia zen, izan, etxeko anderea bera, "doña" edo "dueña" esaten diotena, eta beste doluzkoa haren alaba, nekazari aberatsaren semeak isekatua hain zuzen ere. Ezagun zuten guztiak txunditu ziren, eta inor baino txundituago Dukeak, zeren, lelo xamar baina on puxkatzat zuten eta halako zorakeriak egitera helduko zenik uste ez baitzuten. Hara, Rodriguez anderea, burua bere nagusien aldera bihurturik, honela mintzo:

Berorien bikaintasunak eman diezadala baimen zaldun honekin ele egin dezadan, gogo gaiztoko gizatxar baten ozarkeriak ekarri didan istilu batetik onik atera nadin beharrezkoa baitut.

Dukeak baietz, berak bazemaiola, On Kixoterekin nahi beste hitz egin zezan. Emakumeak, ahotsa zuzendu eta On Kixoteri begira, esan zuen:

Duela zeinbait egun, zaldun zangar, nekazari gaizto batek nire alaba maite-maiteari egin dion azpikeriaz, bidegekeriaz ohartu eragin nion berorri; hona hemen nire alaba zoritxarrekoa. Berorrek hitz eman zidan honen laguntzera itzuliko zela, eginiko okerra zuzenduko ziola, eta orain berori gaztelu honetatik alde egin nahi duelakoa iritsi zait, Jainkoak eman jazoaldi onen bila; hau honela, beraz, bazter-bide horietan zehar itzuri aurretik nahi nuke, basotar izukaitz horri aupada egin balio berorrek, nahi nuke bai, eta nire alabarekin ezkontzera behartu dezala, harek eman zion hitza betez, halaxe da, bai, nexkarekin jokatu baino lehenago beraren senarra izango zela agindu zion eta; izan ere, Duke nire nagusi jaunari zuzen egin dezala eskatzea eta zumarrari gari eske joaitea bat da, berorri eske natorkio, beraz, diodan eraspenagatik batez ere. Honenbestez, gure Goiko Jaunak eman diezaiola berorri osasun ona eta guri babesa ken ez diezagula.

On Kixotek, gorgots bezain farata antzean, honela erantzun zion:

Etxandere ona, geldi berorren malkoak, edo hobeki esateko, txukatu eta aurreztu hasperen horiek; berorren alabaren sendabide edo zuzenbide nire esku hartzen dut; dena dela, hobe zuen harek maitemindu baten hitza ez hain erraz sinestea, zeren, halakoen hitzak errazak eta arinak dira esaten baina betetzen, ostera, zailak eta astunak baitira. Honela, bada, Duke nire jaunaren baimenaz, mutil bihozpako horren bila edo "xerka" joko dut, oraintxe joko, eta idoroko dut, eta axut eginen diot, eta emandako hitza ez betetzeko aitzakia emanez gero hil ere eginen dut; esan bage doa nire eginkizunetan behinena hauxe dela, hots, apalen barkatzea bai, eta harroen zigortzea, edo bestera esanki, behartsuei lagun egitea eta buru goiak eraistea.

Ez du berorrek – Dukeak hitza hartuz – basamutil horren bila, etxandere honek arranguraz aipatuaren bila joaiteko nekea hartzeko beharkizunik; ez du, halaber, niri baimenik eskatu beharrik hari aupada egiteko; axut egin diola nik badakit eta honen berri hari emaitea nire esku hartzen dut, eta onar dezala eta etor dadila nire gaztelu honetara berorri ihardukitzera; hemen biei borroka-zelai egokia atonduko diet, honelako norgehiagoka hauetan ohiko eta betebeharreko baldintza guztiak ezarriz, bakoitzari berea emanez; honelaxe egin behar dute beti printzeek edo nagusiek bere jaurerrietan halako borrokak egiteko lekua emaiten dutenean.

Berme horrekin, bada, eta berorren handitasunaren baimen onaz – On Kixotek – zera diot, hemendik, nire gaparetasunari uko egiten diodala, eta gaitz egilearen maila apalera jarten eta egokitzen naizela, harekin berdintzen naizela esan nahi dut, honela nirekin borrokan egin ahal dezan eskubide emaiten diodalarik; hemen ez badago ere, axut dagiot, erronka natorkio, zergatik eta nexkatxa gaixo honi ziria sartu ziolako, gaizki eginaz, neskutsa zena orain, haren erruagatik, ez da, izan ere; eta senarra izanen zelako hitza eman bazion bete behar du, ala bestela hil.

Eskularru bat erantzi zuen, areto erdira aurtiki, eta Duke jaunak lurrari kendu zion, esanez, lehenago esana berriro, berak erronka onartzen zuela, bere menpeko basamutilaren izenean noski, eta epea ere berak ezarri zuen: sei egunen buruan eta lekua: gazteluko enparantza , eta iskiluak: zaldunek ohi zituztenak, lantza eta ezkutua, altzairuzko soineko korapilo bihurduna eta beste tresna betikoak, ez iruzurrik, ez amarrukeriarik, ez inolako sineskeriarik, eta dena lekuko epaileek aztertua.

Hala eta guztiz ere, ezer baino lehen, etxandere zintzo honek eta nexka txar honek beraien zuzentza egiteko eskubidea On Kixote jaunaren esku utzi beharra dute, osterantzean, ez da ezer eginen, ez da erronka hori inondik inora gauzatuko ez agituko.

Nik utziko diot – erantzun zion etxandereak.

Nik ere bai – erantsi zuen alabak, negar betean eta guztiz lotsa-lotsa egina, ondo ezean.

Egiteko zera egin eta gero, Dukeak zer egin behar zuen asmaturik, doluz jantzitakoak harean joan ziren; Duke andereak agindu bat eman zuen, aurrerantzean, haiek biak ez bere mirabeak bezala hartzeko, etxandere jazoaldi-zaletzat baizik euren zuzenaren eske etxe haretaratuak, eta honegatik etzangu berezi bat eskaini zieten, arrotzak bezala mirabetu zituzten, beste neskameen harridurarako, hauek jakin ez zekitelako zertan ote hura guztia, Rodriguez andere eta bere alaba dohakaitzaren tentelkeria edota zimarkunkeria. Hau honela eta, horra, jaia gozoagotzeko, eta oturuntza ongi baino hobeki bukatzeko, non sartzen den aretora sehia, Teresa Pantzari, Santxo Pantza jaurlariaren emazteari, eskutitzekin bezuzak edo opariak eraman zizkion morroea. Haren heldueraz biziki poztu ziren hango guztiak, Dukeak batik bat, joan-etorrian zer gertatu zitzaion jakiteko irrikaz; behingoan galdezka hasi eta sehiak ezin zuela, hainbeste lagunen aurrean eta hain berehalakoan, den-dena hitzetik hortzera jaulki: bakarrean esatekoa zela eta, bitartean, eskutitz haiek irakurtzen ari izaiteko esan zien. Bi eskutitz atera eta Duke andereari eskura eman. Batak, azalean, hau zuen idatzita: "Ez dakit nongo Duke delako nire andere batendakoa"; besteak hau: " Ene senar Santxo Pantza, Barataria uharteko jaurlari denari, Jainkoak niri baino anitz urte hoboro eman diezaiola". Duke anderea, ezin iguriki, jakin minez eta tirriaz, berarentzako eskutitza berehalaxe irakurtzeari ekin zitzaion; ireki, bere buruari irakurri zion eta, inguruko guztiek, baita Dukeak ere, entzuteko eran irakur zezakeela eta ozenki hasi zen, honela:

Duke Andereari Teresa Pantzaren eskutiza

Biziki boztu ninduen, ene andere, berorrek niri egin gutunak, zinez horren aiduru bainengoen. Koralezko bitxi-sorta xoil ona da, eta nire senarraren ihiza-jaunzkia ez zako gibelean geratzen. Botz handia hartu du herri honetako jende guziak berorrek Santxo nire gizona jaurlari egin duelakoz, nahiz eta sinesten ez duenik egon, Apeza eta maisu Nikola bizargina guziz ere, eta Sanson Carrasco batxilerra era berean; niri bortz axola; erran dezala bakoitzak nahi duena, hori horrela izanez gero, eta da; dena den, ni ere sineskogor nintzen edo nintzatekeen, egia erraitez, koralak jaunzkiarekin batera ikusi ukan ez banitu, neronek ere ez nuen sinetsiko noski; zeren herri honetan nire senarra orok oihestzat baitute joiten, eta ahuntz-saldo bat geinatzeaz gain, "gobernatzeaz" erran nahi dut, ezin asma dirote zer-nolako "gobernamendurako" izan litekeen on. Jainkoak lagun dagiola, eta bidera dezala haren seme-alabek beharra dutela bai baitaki.

Ene bihotzeko andere, berorrek ongi badaritzo, on-aldi hau etxera sartzeko erabakia hartua dut, garia etxeari buruz beha dagoenean bezala, erretetxera joanen naiz, "gortea" delako horretara alegia, bai, eta orga apaindu batean, "karroza" erraiten dioten batean luze-luze jarririk, bekaitzez so egiten dautaten milaka horiei begietan min emaitekoz. Honela, alta, agin biezaio berorrek nire senarrari sos batzu igor diezazkidan, zerttobait ahalaz, Gortean dirua aisa xahutzen omen baita: opila erreal bana dago, hogoita hamar marabeditan "karnazera" bat haragi; auzi bat adina beraz. Ni bertaratzerik nahi ez balu, behar den tenorez diezadala jakinaraz, nire oinak harat joaiteko irrikitzen gal-gal ditut noiz "abiatu"; hala erraiten dautate nire adiskideek eta auzokoek, ezen, Gorte aldean nire alaba eta biok harro-harro eta arrandiro ebiliz gero nire gizona ezagunago izanen dela niregatik ni harengatik baino; anitzek galde eginen du: "Nor dira orgapain horretako andereak ?" Eta nire mirabe batek erantzunen: "Santxo Pantza, Barataria uharteko jaurlari jaunaren emaztekia eta alaba dira"; eta honela , Santxo ezaguna, haintzat hartua ni, eta Erromarat gero.

Min dut, bihotz-bihotzean, ahal adina min, aurten herri honetan ezkurrik ez bildua; honela eta guziz ere, lakari erdi bat igortzen diot, neronek oihanera joan eta bapanazka bilduak dira; ostruka-arroltzak bezain handiak nahi nituen, baina ez dut handiagorik ediren ahal ukan.

Ez dakiola berorren hotsandiari niri idaztea ahantz, nik erantzunen diot, arreta handiz, nire osagarriaz-eta jakinaren gainean jartzeko, eta herri honetan zerbaiten berri emaitekorik baldin balego emaiteko; bizkitartean, heben ni, Gure Jaunari otoi eta otoi, berori eta berorren handitasuna zain dezan eta ni hau ahantz ez nazan. Goraintziak berorrentzat, nire alabak eta semeak pot emaiten diote.

Berorri idazteko baino berori ikusteko tirriazago dagoena, berorren neskame Teresa Pantza

Teresa Pantzaren eskuko hitza entzundakoan hango guztiak hagitz pozik, Dukeak batez ere; eta jaurlariarentzako eskutitza irekitzea egoki eta zuzen ote litekeen On Kixoteri galdetu zion dukemeak, haren irudiko, polita izanen zen oso-oso. On Kixotek baietz, atsegin emaitearren berak irekiko zuela, eta hala egin zuen. Honela zioen:

Teresa Pantzak' Santxo Pantza bere Senarrari eskutiza

Hire gutuna hartu nian, ene bihotzeko Santxo, eta botzak zoratzeko hagitz guttiren beharra izan nuela, giristino katoliko naizenez, zin-zinetan dioat. Adizak, haurride: hi jaurlari haizela, "gobernadore" erran nahi diat, botzaren botzez hil eta eroriko nintzela uste nian; badakik, oinaze larri batek bezalaxe hiltzen omen duela, ziotek, ustebageko botzak. Santxika hire alabari, atseginaren atseginez, ohartzeke, gernua, urxuria erran nahi diat, isuri zitzaioan. Hara, hik igorri jaunzkia aitzinean nedukaan, eta dukemearen bitxiak lepoan, eta gutunak eskuetan, eta mezularia han berean, eta hala eta guziz ere, aments hutsa iruditzen zitzaidaan, ikusten eta ukitzen nuen hura guzia aments; zeren, nori bururatu behar ote zitzaion, bada, uharteko jaurlari izaitera goititu behar zuenik ahuntzain batek? Badakik, adixkide, nire amak erran ohi zuena: anitz bizi behar dela anitz ikustekotz; eta zeragatik dioat, hoboro ikustekoz "esperantxa" bai baitut hoboro bizi banaiz, eta hi zerga-biltzaile edo legarkari ikusi artino ez diat gelditzeko asmorik; egia erraiteko, lanbide horietan gaizki dabilena tusuriak zaramak, baina, alabaina, dirua beti hor eskuartean. Duke andereak erranen dik nola nagoen horra, erregetxerat joaiteko tirriaz: ikus hor hik eta erraidak zer-nola nahi duan; ni, berriz, hi goratzen saiatuko nauk, orgapainean ebiltez.

Apezak, Bizarginak, Batxilerrak, eta elizazainak berak ere, hi jaurlari haizenik ez ditek sinesten ahal; oro lilurazko zerbait dela ziotek, zimardika zeinbait edo sorginek eragin zer bat, On Kixote hire nagusiari ardura gerta bezala; Sansonek' hiregana joan eta jaurlarigoa burutik edeki behar diala ziok, eta On Kixoteri kaskotik zoroa iraitzi behar diola; nik irri egiten zieat, ez bertzerik, eta bitxi-sortari begira eta begira egiten zioat, eta hire jaunzki horretatik gure alabari nolakoa eginen diodan asmatu nahiz nabilak.

Nire andere Dukeari ezkur batzu igorri zizkioat, urrezkoak balira nahiago nikek. Hik hortik igor niri harribitxiak, sortaren bat edo bertze, uharte horretan ohi badira, bederen.

Hebengo berri batzu emaiten hasi baikoz, hara, Berrueca daritzogunak bere alaba pintatzaile edo "margolari" batekilan ezkondu zian, herri honetarat zer-nahi pintatzeko xedez jiniko tindari txar bat baizik ez duk, Herriko Etxean, ate gainean, Erregearen armarria marrazteko agindu zioan auzo-biltzarrak; bi dukat aitzinetik galdatu zian, lehendanez eman zizkioaten, zortzi egunez lan egin zian, eta ez deusik pintatu, halako ezdeuskeriak marrazten ez zekiela erran eta sosak itzuli zitian; honela eta guziz ere, lantzale handiaren herotsean ezkondu zuan; orai, egia duk, "pintzela" utzi eta haitzurra hartua dik, eta berrora edo alorrera joaiten duk, "laborari" antzean. Pedro Loboren semeak, apez izaiteko asmotan, ordena-mailak eta koroa hartu berriak ditik; Minguillak, Mingo Silvatoren neskatila alabasoak, baina, jakin duenean, juje edo "epaileetarat" jo dik, ezkontzeko hitza emana omen ziola eta; harengandik haurdun egon dela dioten mihi gaizto mokotiak badituk bazterrotan; harek, ordea, ezetz eta ezetz erraiten dik

Aurten ez zagok olio-aranik, ozpin xorta bat ere ez herri guzian. Gudari-saldo bat iragan zuan heben gaindi eta, bide batez bezala, bertako hirur neska eraman ditiztek; nor diren ez diat erran nahi; itzuliko dituk, noizbait, agian, eta, akatsak akats, on ala txar, emaztekitzat hartuko dituenik egonen duk, noski.

Santxika soineko ertzak hartzen hasia duk; eguneko zortzi marabedi irabazten ditik, garbi-garbi, eta eltzeño batean altxatzen ditik, ezkontzen denerako; baina orai, jaurlari baten alaba duk eta herorrek emanen diok ezkonsaria, hura bere lanetik ari izan bagerik. Plazako iturria agortu egin duk; pikota-habean ozpin edo airegaiztoren batek jo zian, ximixta batek alegia, baina, hor konpon.

Erantzuidak, heben nagok hire erabakiaren aio, Gortera noiz joanen, eta honenbertzez, Jainkoak nerau baino ere zainduago ukan hazala hi, urte gehiagoz edo nireak bezainbertzez, zeren ni bage mundu honetan ez baihinduket utzi nahi.

Teresa Pantza

hire emazteak