On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

55. atala

Santxo Pantzari bidean gertaturikoez eta ikusi beharreko beste batzuez.

Ricoterekin geldialdi hura egin zuenez gero, ezin iritsi izan zen egun haretan Dukearen gaztelura, legoa erdia peitu zuen gaua heldu zitzaionean, ilun itxi xamarra baina, uda zelako, ez zion axola handirik eta bidetik bazterreratu zen goiza bertan igurikitzeko asmoarekin. Hango zokondo baten bila zebilen, ahalik hobekien jarriko bazen, eta, hara, haren zorigaiztoa!, astoarekin batera leze sakon eta ilunera ez zen erori, bada!; eraikin zahar-zahar batzuen artean zegoen arteka bat zen, eta erortzean bere burua bihotz-bihotzez Jaungoikoari opa zion, sulezerik sakoneneko hondarreraino eroriko zelakoan. Hala ere ez zen hala gertatu, hiru maila edo beherago, guti gora-behera, astoak lurra jo zuen, azpia zapaldu zuen, eta gainean nagusia ez minik ez zauririk. Bere soina haztatu zuen, utu zuen, arnasa bildu, ea osorik ote zegoen edo aztertzearren, ala zulaturik ote; eta osorik, onik eta osasunez "katolikorik" zegoela ikusita, Jainkoari esker-emanka hasi zitzaion, ekin eta ekin, gure Jaunak egindako laguntzagatik, zati-zati egina, txikiturik zegokeela uste ukan baitzuen. Lezeko hormak ere haztamuka uki eta uki hasi zen, han utuz hemen utuz, ea inoren laguntzarik bage handik ateratzerik ba ote zegoen; denak leunak ziren, euskarri bagekoak, eta Santxo hagitz kikildu zen, arbindu zen oso, astoa minetan kainkaz, otzan-otzan zinkurinaz ari zela aditu zuenean batez ere; eta ez zen asko ez zen handi, egia esateko, biziki onik ez zegoen, asto gaixoa; ez zuen arrangura egiten egite hutsagatik. "Atx! – esan zuen Santxok – zein eta zeinbat ustebageko zer gertatu izaiten zaion, noiz edo noiz ere, mundu lazgarri honetan bizi denari! Nork erranen zuen, bada, atzo uharte bateko jaurlari jauntzat hartua izan zena, bere mirabe, miskandi eta menpekoei aginduka eta aginduka ari zena, egun leze honen barruan ehortzita egonen zela, ez miraberik, ez menpekorik ez nehor haren sorosteko jin dadin? Hemen goseak hilko gaitik ni eta nire astoa, lehenago hilak ez bagara, hura oinazez eta ni kezkaz. Ez nauk ni, ez, nire nagusi On Kixote jauna izan zen bezain zorioneko izanen, Montesinos sorgindu haren lezera jaitsi eta beheratu zenean; bere etxean baino oparoago hartuko zuen norbait aurkitu baitzuen, han barruan, mahaia atondurik eta ohea eginik aurkitu zituela erran daitekek eta. Han harek ikuskizun eder-gozoak ikusi zitian, nik hemen, apoekin sugeak ikusiko ditiat, eiki. Ai ene ondikozkoa, zein azken txarra ukan duten nire zorokeriek eta ameskeriek! Zeruak nahi dezanean, heben aurkituko naitek, eta nire hezurrok, xoil-xoil, zuri eta karruskatuak aterako ditiztek, eta nire asto onarenak berdin; eta bionak ikusiz nor garen igarriko ditek, agian; baldin ikusleak gure berri ukan baleza, zeren, honela jakinen baitu, ezen, Santxo Pantzak ez zuela nehoiz bere astoa bakarrik utzi eta ez astoak ere Santxo Pantza nehoiz bertan behera utzi. Bertze behin zioat: zorigaiztokoak gu, halabeharrak ez baitu nahi ukan gure aberrian eta gureen artean hiltzerik gu; gure zori txarra onduko zuenik ez zuan izanen, noski, baina bai gure zeraz min hartuko zuenik eta gure iraganaldi honen azken orenean begiak hertsiko zizkigunik ere bai! Oi ene addixkide eta llagun neurea, xein gaixki orddainddu diat hire ongi egite horiengatik! Barkatu egidak, eta eska zakizkio halabeharrari edo asturuari, dakian erarik onenean, heben biok gagozen nekegune lazgarri honetatik jalgiaraz gaitzan; zin dagiat buruan ereinotzezko koroa bat emanen diadala, olerkari sariztatuaren antza ukan dezaan, eta pentsua, astale ez ezik zaldale ere emanen diat, eta bikoizka".

Halaxe ari zen erostaka Santxo Pantza, aieneka, eta astoa adi hitzik egiteke: halakoxea zen izan ere haren larria eta arbina, haren bihotz-estura. Azkenean, gau osoa urrumaka eman eta gero, auhenez auhen iragokita, eguna urratu zuen, eta, argiaren argiz Santxok ikusi zuen, hango leze-zulo haretatik irteitea zeharo ezinezko zuela ikusi zuen, baldin norbaitek lauzkatzen ez bazuen; oihu egiteari eman zion, berriz ere urrumaka, ea norbaitek entzuten zion; alperrik, ostera, mortuan ari bailitzan, bazter haietan guztietan entzunen zion inor ez eta; hondarrean, bere burua hiltzat eman zuen. Astoa ahoz gora zetzan, Santxo Pantzak, emekiro, zutiarazi zuen, zutik egon ezinean egon arren; bide-zorrotik ogi zati bat hartu zuen, astoari eman zion, bai honek gogotik ahoratu ere, eta ulertuko balio bezala Santxok esan:

Opilik badago gaitza guttiago.

Orduan, lezeko alde batean zulo bat aurkitu zuen, nordin bat, estutu edo mehartuz gero, sartzeko neurrikoa; hurreratu zen, makurtu zen eta zuloan barrena sartu zen. Barruratu eta leku zabal-luze bat zela ikusi zuen; sabai antzeko arte batetik eguzki-izpi batek oro argitzen zuelako ikusi ahal izan zuen. Beste zulogune handi batetik zabaltzen eta luzatzen zela ikusi zuen eta atzera astoarengana irten zuen; harri batez zuloko lurra kentzen hasi zen eta, berehalako baten, astoa sartu ahal izaiteko adinakoa egin zuen; halaxe, buruhaletik heldu zion eta harpe haretan barrena aurreranztu ziren, ea beste non edo non irtenguren bat aurkituko ote zuen. Hemen ilunpetan, han argirik bage, baina ez beldur-peiturik zihoan. "Jainko oroahaldunak lagun nazala! (zioen bere baitan) Niretzat zorigaitzaldi den hau onaldi litekek nire nagusi On Kixoterentzat. Hebengo sakonune edo hezurrobi hau haren irudikoz, bai, loretegi lilitsu edo Galianako jauregientzat hartuko zitian; eta hebengo ilunpe beltz mehar honetatik halako larre jori batera jalgiko zela uste izanen zukeen; ni, ordea, zori onik bageko neu, nork aholku emanik ez eta gemengetua guziz, urratsean-urratsean ene oinen azpikoa, usterik gutienean, pitzatu eta are hau baino leze sakonago bat irekiko zaidala eta betiko irentsiko nauela beldur nauk; "gaitza, nahi baduk, hator, baldin bakarrik bahator".

Honelakoxe burubide eta gogoetan ari zela, legoa erdiz ibilia zela eta usterik, hara, argi antzeko zerttobait, egunaren argia edo, ageri zitzaion, nondibait sartua, eta nolabaiteko ateren bat edo aurkitua zuela uste zuen, beste bizitzara bide-zeraman bide haretan.

Hementxe utzi zuen Zide Hamete Benengelik, eta On Kixoterengana jo zuen; berau hantxe zegoen, asaldatu bezain pozez gainezka, Rodriguez etxanderearen alabari ohorea ostu omen zion harako lapur edo ñapur haren aurka egin behar zuen eta nahi zuen borroka noiz helduko zain ez ezik erpai ere; halatan hari egindako okerra eta makurra, gaiztakeria latza, zuzentzeko asmoa buruan tinko hartua zuen. Halako baten, goiz batez, borroka-egunean eginen zuena aurretik antolatzen eta trebatzen ihardun zuela, Rozinanteri eragin zion, lasterka hasarazi zuen eta trapala haretan haitzulo baten ondoraino heldu zen, eta uhaletik ten egin ez balio, hara joanen zatekeen, zuloan barrena amilduz. Azken unean geldiarazi zuen eta ez zen guttigatik erroiztu; zaldi gainetik jaitsi bage, astiro hurbildu zen, sakonera begira jarri, eta hala zegoela barrutiko ahotsak entzun zituen, adi baino adiago gelditu zen eta ahots egileak honela zioela igini zuen: "Eit, hor goian! Ba al da niri entzuten giristinorik hor, zaldun gupidatsurik, bizirik lurperatua dagoen bekatari honezaz mindurik, zorigaiztoko jaurlari jaurgo-peitua naizen honezaz minberaturik ? ".

Santxo Pantzaren ahotsa aditzen ari zela iruditu zitzaion, On Kixote harri eta belarri eginda geratu zen, llilluratua bezala, eta ahal zuen gorakienik esan zuen:

Nor dago hor behean? Nor da arranguratzen?

Nor egon daiteke, bada, hemen, edo nork egin behar du arrangura – erantzuna – Santxo Pantza porroskatua ez bada, jaurlari, bere bekatuengatik eta okerreko ibileragatik, Barataria uhartekoa, lehenago On Kixote Mantxako zaldun ospetsuaren ezkutari izana?

Hau entzun eta On Kixote berliluratu zen osoki, harridura harriduraren gainean, eta berahala burura zer etorri eta Santxo Pantza hila zela, eta hantxe zinkurinka ari zena haren arima izan behar zela; burutasun honek eraginda honela esan zuen:

Arren eta arren, kristau katoliko naizen aldetik ahal dudanagatik arren dagizut nor zaren esan diezadazun; eta arima herratua bazara, esaidazu zer nahi duzun nik zure alde egitea; nire bizibidea lurbira honetako behartsuei lagun eta sorostea denez, beste lurbirako txiroei ere lagundu eta sorotsi beharko diet, berez beren buruari lagundu ezinean baldin badagoz.

Horrelako mintzoa – erantzuna – , hitz egiten ari zaidana On Kixote Mantxoko nire jauna al da, bai, hizkera dela mintzaera dela, zalantzarik ez, ezin bertzerik izan.

On Kixote nauzu, bai; hil-biziei lagundu eta sorotsi eginen ziela zin egina. Esaidazu, bada, nor zaren, txunditurik nauzu eta; zeren, nire ezkutari Santxo Pantza bazara eta hila bazara, Txerrenek eraman ez bazaitu, eta Jaungoikoaren dohainaz garbitokian bazagoz, gure Eliza ama santu katoliko erromatarrak zure nekegune horretatik ateratzeko behar diren arimakariak baditu, eta nik, neure aldetik, harekin bat eginen dut otoizka, nire ondasun guztiaz; ea, bada, behingoz, esan eta aitortu.

Alajainkoa – erantzuna berriro – berorrek jaiotzea nahi lukeen nor-nahirengatik zin dagit, On Kixote Mantxako jauna, ni berorren ezkutari Santxo Pantza nauela, eta nire bizialdi osoan nehoiz ere hil ez naizela; alabaina, nire jaurlaritza hutsik utzirik, azaltzeko beta luzeagoa behar nuke eta utz dezadan bertze baterako honen zehazketa, barda leze honetara amildu naiz eta hebentxe natza, astoarekin bat, hau berau lekuko eta ez dit gezurrik erraiten utziko, heben berean nirekin dago eta.

Areago: Santxo Pantzak esana astoak ulertu zuela zirudien, zeren, hitzetik hortzera, arrantzaka hasi baitzen, zinkaz bezala, eta hain burrunbatsu egin ere, harpe edo lurpe osoa durundi betean ikaratu zela.

Lekuko aiputsua! – On Kixotek esan zuen – . Arrantza hori ezaguna dut, nik sortua balitz bezala; eta hire ahotsa bazantzuat, ene Santxo neurea. Itxadon, Dukearen gaztelura joanen nauk, hemendik bertara zagok bai, eta leze horretatik, hire bekatuek horretaratua ei haizen leze-zulo horretatik ateratuko hauen norbait erakarriko diat.

Bihoa berori – Santxok esan – eta betor berehala, Jainko bakarrarengatik; heben bizirik lurperatua ezin dut jasan eta beldurrez hiltzen ari naiz.

On Kixote aldendu zen, hura bertan utzirik, eta gazteluratu zen, Dukeei Santxo Pantzaren gertakariaren berri emaitera; ez ziren gutti harritu, eta liluratu, baina harako leze, aspaldi handian han egina zen haretara eroria zela ohartu ziren; ez zuten ulertzen, edo igarten nahi bada, nolatan utzi zuen jaurlarigoa beraiei etorri aurrez ezer esan bagerik. Azkenean, sokak eta unamak hartuz lagunik asko bildu eta, ez neke handi bage, astoarekin Santxo Pantza ilunpe haretatik eguzkiaren argira ateratu zuten.

Ikaslari batek ikus eta esan zuen:

Horrelaxe irten behar lukete jaurlari gaizto guztiek beren jaurlaritzetatik, bekatari hori lurpe sakonerean bezala: gosez, zurbil eta txin-txin bat ere bageturik, badut uste.

Santxok entzun eta erran zion:

Duela zortzi egun, hizkide anaia, eman zidaten uharteko jaurlari sartu nintzen, eta zortzietan ordu batez ere ez nintzen opilez edo ogiz ase; sendagileek edo atxeterrek jazarria izan naiz, etsaiek edo arerioek hezurrak hautsi izan dizkidate; inoren goipekeriaz ez naiz busti, ez dut inoren ona erosi alegia, ez dut niri dagokidan neurerik ere jaso, nire eskubiderik erran nahi dut, eta hau honela izanik, eta honelaxe da, handik jalgi naizen eran jalgitzea ez nuen irabazi, nik uste; baina Jaunak eman eta Jaunak eraman, Jainkoak oro daki, bakoitzari zerk dion on eta zerk txar; garaian garaikoa eta ez dezala inork erran "ur honetatik ez dut edanen"; urdaiak dagozela uste denean ez dago paldorik, Jainkoak badit ulertzen eta kito, ez dut gehiago erranen, ahal badut ere.

Ez hadi haserre, Santxo, ez entzuten duanaz minik har, horrek ez likek amaierarik eta: hoa hire buru-gogoarekin bat, hire barrena lasai eta esan dezatela nahi dutena; gaizki-esaleen mihiak lotu nahia itsasoan atea ipintea bezala duk. Jaurlaria bere jaurgotik aberasturik jalgi bada, lapurra izan dela ziotek; txiro irtenez gero tentel buruge gutirena izan dela.

Bada, oraiko honetan tenteltzat lapurtzat baino areago hartuko naute.

Honelakoxe hitz eta pitz egiten, neska-mutilkoz eta beste lagunik askoz inguraturik, gaztelura iritsi ziren; Duke jaun-andereak hantxe, itxaroten, hango iragangu batean, On Kixote Santxorekin noiz etorriko. Azken honek ez zuen Dukeengana igo nahi izan, aurretik astoa zaltegian gomondu bagerik, ostatuan gau oso txarra emana zuela eta; azkenean igo zen, nagusien aitzinera orduko belaunikatu eta honela mintzo:

Ni, jaun-andereok, berorien handitasunak hala nahita, nire aldetik "merezimendurik" ez eta, berorien uhartea den Baratariako jaurlaritzara joan nintzen, larrugorritan edo biluzik sartu nintzen eta berdin jalgi edo irten, ez gal ez irabaz. Ongi ala gaizki jaurri izan badudanez lekukoek erranen dute, nahi dutena bezala. Zalantzak argitu izan ditut, auziak ebatzi edo "trenkatu", eta beti goseak hilik, Pedro Arrezio dotoreak hala nahi izan duelako, Atarteafuerarra, uharteko eta jaurlarien sendagilea bera. Etsaiek gau batean eraso ziguten, larri baino larriagoko istiluan jarri gintuzten, eta uhartearrek diotenez, nire besoaren gemenari esker, bipilari esker gertatu ziren garaitzaile eta aske, eta hau egia izaitera Jainkoak eman diezaiela osagarri edo osasun on. Laburzki erraiteko, aldi honetan guztion, jaurlari izaiteak berarekin dakarren zama edo betebeharra ongi asko haztatua dut - "dastatua" hots- jasana dut eta nire aldetik ikasi ere ongi ikasi dut nire gainean eraman ahal izaiteko zama ez dena, ez nire sorbaldak ez nire saihets-hezurrek dute hain axe handia eraman nahi; honegatik beraz, jaurlarigoak niri lur joarazi baino lehenago nik jaurlarigoa bertan behera utzi nahiago ukan dut; atzo goizean goizik, bada, uhartea alde bat utzi nuen, ediren nuen bezalaxe: ni sartu nintzeko haretan zegozen karrika, etxe eta hegatz ber-berak hantxe. Inori ez diot mailegurik galdatu, irabazpide okerretan zehar ez naiz ibili; onurarako aginduren bat egiteko asmoa ukan nuen arren, bat ere ez nuen egin azkenean, beteko ez zutela eta lotsaz, hala izaitekotan egin ala ez egin berdin da. Jalgi nintzen, erran bezala, uhartetik astoaz bertze lagunik ez nuela; leze batera amildu nintzen, barruko ilunpean barrena honaino heldu naiz, goizeon, egunaren argiz, irteera edo jalgigu edo elkigia bat aurkitu dudan arteraino. Erraza ez da izan, hala ere, eskerrak On Kixote nire jauna zeruak erakarri didala, bertzenaz munduaren bukaera edo amaia arte hantxe geratuko nintzen. Honelatan bada, ene Duke jaun-andereok, hementxe dute beroriek Santxo Pantza jaurlaria, hamar egunotan bakarrotan jaurlaritzan egonik ongi edo ondo ikasi du, ikasi, ez duela merezi ez irabazi jaurlari izaitea, ez uharte bateko ez mundu osoko. Hau honela, berorien oinei mun edo pot egiten diet, eta umettoen jolasean bezala eginez "Jauzi egik eta emaidak" erraiten baitute, nik jaurlaritzatik jauzi egiten dut eta On Kixote nire jaunaren mirabetzara iraigaiten; azken beltzean, harekin nire ogia beti beldurpean jaten badut ere, jan eta ase egiten dut bederen; eta ni asez gero bost axola zainoriz den ala den galeperrez.

Horrela amaitu zuen Santxok bere hitzaldi luzea, han bertan On Kixote lotsatzeko zorian, hainbat zentzugekeria esanen zuen lotsaz; hitzaldia luzea eta zentzurik bageko hitzak guti, ordea, eta lasaitu zen, zeruari eskerrak bihotzetik eman zizkion, eta Duke jaunak Santxo besarkatu zuen, jaurlaritza hain laster utzi izana benetan arimaren tamalgarri zitzaiola adiarazi zion; eta ahal zuen guztia eginen zuela bere lurraldean beste biziera ez hain astuna, zama arinagokoa eta onura handiagoko bat emaitearren. Duke andereak ere besarkatu zuen, eta zerbait on eman ziezaioten agindu zuen, itxuraz-eta zeharo hebaindurik, guztiz porroskotarik etorria zela antzemanda.