On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

60. atala

On Kixoteri Bartzelonara bidean gertatu zitzaionaz.

Goiza hotzamarra zen eta egunak ere halakoa izanen zela zirudien, On Kixote txiribogatik jalgi zen egunean; jalgi aurrez Bartzelonara joaiteko biderik zuzenena, Zaragozara bagerik, zein ote zen ikasi zuen: hainbesterainokoa edaskaigile berri hura gezurtitzat emaiteko zuen gogoa, haren izen ona belzten omen zuela eta. Hurrengo sei egunetan ez zitzaion idaztea irabazi zuen arean gertatu; handik hara, biderean bazterrera zihoala gauak artadi sarri batean hartu zuen, edo artelatzak izan zitezkeen, honelakoan Zide Hametek ez du beste batzuetan ohi duen zehaztasuna.

Nagusi-morroeak itzeragaitabereen gainetik lurreratu eta zuhaitzen ondoan jarri ziren; Santxo, egun haretan ongi askaldurik zegoelako, ezarian-ezarian loaren aterean barrurantz sartu zen; On Kixote, aldiz, goseak baino ametsek logura kentzenago ziotenez, ezin begiak itxirik zegoen; gogoetan barrena.ametsez amets hara-hona zebilen hainbat lekutan zehar. Batean, Montesinosen lezean zebilen; bestean, hara, han bere astoaren gainean ikotika eta burbutzika Dultzinea nekazaritua zekusan; beste behin, Merlin jakintsuaren hitzak belarrietara zitzaizkion, Dultzinea sorgintzaileen menpetik jalgiarazteko egin beharrekoak eta baldintzak aipatuz. Santxoren ezaxola eta errukieza ikusiaz etsiak hartzen zuen, izan ere, bost zigorkada baino ez zion eman, ustez, eta kopuru urria zen, hartu behar zituen ukaldiak hainbat baitziren; honen haritik amorrua eta atsebagea batera sortu zitzaizkion eta honela mintzatu zen: " Alexander Handiak bere korapilo amorratua ebaki zuen, esanez:¨Ebakitzea eta askatzea bat dira¨; eta ez zion horregatik utzi Asia guztiko jaun orokor izaiteari; ez guti ez gehi gerta liteke orain Dultzinearen sorgingetzean, nik neuk Santxo zigorkatuko banu, berak nahi edo nahi ez; sendabide horren baldintza Santxok hiru mila eta hainbar zigor-ukaldi jasotzea bazen, zer zait niri axola berak eman ala beste batek eman, berak hartzea baita, handik edo hemendik?"

Horrelako gogoeta eginaz, Santxorengana doa, lehendik Rozinanteren uhalak eskuetan harturik, eta zigorkadak ondo emaiteko lekuan edo moduan jarri da, gergizkoak lotzeko papar aldetik estekatuak zituen hedeak askatzen hasi eta bertan, hara, Santxo iratzarri du, esna eta ernatu da berehala eta dio:

Zer dut hau? Nork nau ukitzen eta nork hedeak askatzen?

Ni nauk – On Kixotek darantzuio – hire hutsegiteak betetzera natorrak, nire egitekoak eginaz: zigorkatzera natorkik, Santxo, herorrek harturiko zorra, nolabait, kitatzera. Dultzinea hiltzen ari duk; hi ezaxolakerian bizi haiz; ni maitez hiltzen nauk; hau honela, beraz, aska hedeak heure nahitara; gutien-gutienez bi mila zigorkada emaiteko asmoa diat.

Ez horixe – dihardukio Santxok – : egon geldi berori; bertzenaz, egiazko Jainkoarren, sor-gorrek ere entzunen daukute eta. Nik hitzarturiko zigor-ukaldiak nahitakoak izan behar dira, ez indarrezkoak edo gogoz garaitikoak, eta oraintxe ez dut zigortzeko gogorik; hitz emanen diot berorri, bai, gogoak emaiten dautanean makilkatu eta larrua berotuko dudala.

Ez duk utzi behar, horrela ere, heure nahitara, Santxo, izan ere bihozkogor haiz, gupidage hutsa, basotarra izan arren haragi biguneko haiz, mardo bezain beratz haiz hi.

Gelditu ez eta, hantxe, hedeak askatu nahiz bata, ez nahiz bestea, lehian; Santxo Pantza zutitu da, eraso dio nagusiari, besorik beso elkarri oratu biek, eta zangarte eginaz, panp! uzkaili du eta lurrean denbestean errara.; eskuineko belauna bularraren gainean ipini dio, eskuez eskuak oratu, eta ezin hats hartu, ezin higitu ez zirkinik egin, eta azkenean, ozta-ozta, nagusiak dirautso:

Nolatan, saltzaile? Zure zeure jaun eta jabe zeurezkoari erasoka? Bere ogitik emaiten dizunari ozartu zatzaizkio?

Ura lehenik nire astoari – Santxok ihardetsi – larrua atorra baino hurrago, bai, eta nik neure burua zaindu behar dut lehenengo eta behin, neure buruaren jaun eta jabe ni nerau bainaiz. Eman biezat hitz berorrek geldirik egonen dela, oraingoz niri zigorrik egiteko xederik ez duela, eta nik askatu eginen dut, bertzela:

Hemen hilko haiz, etoi
Santxa anderearen etsai

Zin egin zion On Kixotek, eta bere bizialdiko ametsarren, txamarreko ile bat ere ukituko ez ziola agindu zion; nahi zuenean edo gogoak eman ziezaionean zigorkatzea haren esku eta nahitara utziko ziola hitz eman zion. Zutitu zen Santxo, handik aldendu zen urrutitto, eta zuhaitz baten ondoan jarritakoan, buruan ukipen bat sumatu zuen; eskuak gora eta, hara, bi oin, oski eta galtzerdi eta guzti. Beldurrez ikara, beste zuhamu batera eta berdin. Oihuz hasi zen, On Kixoteri deika, laguntza eske. On Kixotek hala egin zuen; zer ote zuen galde egin, zeren beldur zen, eta Santxok' hango zuhaitz guztiak oinez eta zangoz beterik zegozela adiarazi zion. Haztamuka On Kixotek eta, zera, zer ote ziren eta azkenean igarri zuen, eta Santxori irakatsi:

Ez duk zertan beldurrik izan, hauek oin eta zango hauek ekusi ez eta ukitzen dituanok, bide-ohoin edo lapurren batzuenak dituk, noski, zuhaitzotan urkatu eta dingilizka dagozenak; hemen, alderdiotan, zuzentzak harrapatzen dituenean, hogeinaka edo hogeita hamarnaka, eseki izaiten ditik; honen harirean, bada, nagok, Bartzelonatik hur egon behar dugula, dagoeneko.

Halaxe zen, harek irudikatua laso.

Goiztirian, begiak goraturik, hango zuhaitz haien "igaliak" argiro ikusi zituzten, bideetako lapurren gorpuak ziren. Goiza urratu eta bertan, hilikiek izutu bazituzten, ez ziren guttiago izu-lauorritu, bertatik bertara, berrogeitaz lapur edo ohoin bizi-biziek inguratu zituztenean; kapitaina iritsi arte, geldi-geldi egoiteko katalanez agindu zietenak. On Kixote zutik, zaldia uhal-peiturik, lantza zuhamu baten oinean utzia, azken baten, zaingailurik bage; eskuak gurutzatu zituen, burua makur, eta hobe beharrean geldi, aukera hoberik izanen zuelakoan.

Astoarengana ziren lapurrak, arakatu zuten eta zorro nahiz zisku guztietan ediren guztiaz bagetu zuten; Santxok' ondo ostendua zedukan, petral estu batean, Dukeak emaniko zera, bere herritik eskuratua zekarren diruarekin bat, eta gaitz erdi, bestela lagun on haiek, dena jorratu beharrez, zoko-moko guztiak ikertu beharrez, larru-haragiaren artean zedukana bera ere kausituko zioten, baldin, atzenengoan, haien kapitaina heldu izan ez balitz. Hogeita hamalau bat urteko morroskoa zen, begirada zorrotz eta larru beltxaranekoa; zaldi sendoaren gainean zebilen, gona burdinazkoa, alboetan launa zizpolet (lurralde haietan "pipa" edo esaten ei diete) zekarrena; bere ezkutariek, (halako iharduleei honela izendatzen baitiete) Santxo Pantza larrutu edo bipildu nahi zutela ikusi zuen eta ez egiteko agindu zien, esanekoak mutilak eta halaxe, petraleko ziskuan zeramatzan dukatak gaitzerean onik atera ziren. Kapitaina, hango zera ikusi, zuhaitz baten ondoan haztamakila, erredola lurrean, On Kixote iskiluz jantzia, gogoetatsu, kopetilun eta ilundurak irudika lezakeen iluntasunik ilunenean bezala ikusi eta mamortu zen; hurreratu zitzaion eta esan:

Ez egon horren goibel, gizun hun; ez zira erori Osiris anker baten eskutan eta, Roque Guinart honen esküetan baizik, zorrotzetik baino errukiorretik hoboro duten esküetan hain züzen.

Ez naiz ilun – On Kixotek erantzun zion – zure menpean erori naizelako, oi Erroke bipila lurbira osoak ezin muga lezakeen ospea duzun hori!, baina zure gudariek axola-peiturik harrapatu naute eta honegatixe nago, egon, ilundurak jota, ez uhala ez lantza eskuan atzeman naute, eta ni zalduntza ibiltariko ihardule izanik beti erne, une oroz neure buruaren jagole naizela bizi beharrean nago, beti goait beti zurt; jakin ezazu, oi Erroke handi horrek!, ezen, nire zaldiaren gainean, lantza eskuan, erredola besoan, aurkitu izan banaute ni neu menperatzea ez zuketela batere erraz izanen; izan ere, ni On Kixote Mantxako, ludi osoa bere egitandi larriez bete duena bera nauzu.

Entzuna zuen, noizbait, izen hura, alabaina ez zuen inoiz egiazkotzat hartu haren egitadarik; eta hantxe ikusi zueneko Roque Guinartek berehala antz eman zion eta ondo igarri, gementasunik ez baina zorotasun handia zela harena, On Kixoterena; ezin sinetsita zegoen, halako tankerako gizonik egon zitekeenik eta poztu zen poztu aurkitu zuelako; urrundiko hotsak bertara eta hutsak, eta entzuna zuena benetan zer ote zen jakin nahitua zen; halatan, bada, honela esan zion:

Zaldun ausart, ez zaitez goibel ez ilün, ez har txartzat zure halabehar tzarra, baliteke txarretik noizbait huntzera egin eta zure zori txarra zori hun bilakatzea, zelak hala egin ohi du üsü, hots, eroria jaikarazi edota txiroa aberastü, nula eta sekülako era edo bide ezezagün zeinbaitez -gizakiok idurikatu ere ezin ditügünak.

On Kixotek eskerrak eman baino lehen, hara, beraien gibel aldetik zarata entzun zuten, zaldi-taldeen zalapart antzekoa, bat bakarra izanagatik; han zetorren mutil bat ziztu bizian, hogei urte ingurukoa, antza, damasko-oihal orlegiz jantzia, urrezko eskularruak zituena, gergizkoak gerripean gerizgarria buruan zeharretara, bortzegiak ondo ziraztuak, orpo-eztenak, aiztokerra eta ezpata urrezkoak guztiak, esku batean zizpa txikerra eta alboetan bi zizpolet. Zarata entzunda, Roquek burua bihurtu zuen eta han zetorren itxura eder hura ikusi; hurbildu zitzaion harek hau esan zion:

Zure bila nator, oi Roque bulartsu! zuregan aurkitu nahi dut, nire zorigaitzaren sendagailua ezin bada aringarri bat bederen; zalantzan egon ez zaitezen, ezagutu ez nauzula uste baitut, nor naizen oraintxe diotzut: Klaudia Xeronima, Simon Forteren alaba nauzu, zure adiskide eta Claquel Torrellasen etsai amorratua dena, berau zure aurkako taldexka batekoa izanik zure etsai halaber; badakizu Torrellas horrek seme bat duela Vicent Torrellas erraten diotena, edo duela bi ordura arte, behinik behin, erran diotena. Laburkiro azaldu nahi eta zer egin didan, zoritxarrerako, bi hitzez jakinaraziko dizut. Ikusi ninduen, limurtu ninduen, aditu nion, maitemindu nintzen, nire aitak deus jakin ez; eta, jakina, ez dago emakumezkorik, lotsati edota bazterbera xamarra izanagatik ere, bere nahikundeak gauzatzeko eta agiarazteko betarik asko ez duenik. Azkenean, senar-hitza eman zidan, eta nik emaztearena eman, egin bertze gehiagorik egin ez bagenuen ere. Atzo jakin nuen, jakin, nireganako zorra ahantzita, bertze batekin ezkonbidean zegoela, eta egun goizeon uztartzekoak zirela; erran beharrik ez dago albiste honek burua nahasarazi didala, egon ezina eragin didala, zotzorratu bezala egin nauela; eta nire aita bagerik, honela, nakusazun eran jantzi naiz, zaldiari lasterkarazi diot, Vicent hemendik ez oso asago aurkitu dut, eta ez damurik ez arrangurarik, part! zizpa honezaz tiro egin diot, eta zizpoletoz, gainera, uste dudanez, soina zulatu bizpahiru balaz; odolarekin bat nire izen onak nondik itzuri badu, beraz. Hantxe utzi dut, alde bat, bere morroinen artean, babesteko zer egin ez jakinki gelditu direlarik. Zure bila nator, bada, Frantziara lagundu dagidazun, bertan ahaideak ditut eta haiekin biziko naiz; nire aita zain dezazun ere nahi dut, bertzela Vicent horren aialdeko ugariek harengan mendeku latza hartuko dutela eta nago.

Roque harritua, Klaudia ederraren lirainaz, lazo onekoa zelako, eta gertakariaz, batik bat; honela mintzatu zitzaion:

Tziauri, andereño, ikus dezagün, ea, zure etsaia hilik denez; gerora ikusiren da zer düzün axolagarrien.

On Kixote hantxe, aditzen, lehenik Klaudiak esanikoa, gero Roque Guinartek erantzun ziona, eta hasi zen:

Ez du inork hartu behar bere gain andere horren zainketa, neke hori neronek hartuko dut nire esku: emaizkidazue nire zaldia eta iskiluak, eta itxadon egidazue, zaldun horren atzetik noa, eta, bizirik ala hilik, eman zuen hitza betetzera behartuko dut, horrenbesteko ederrari zor diona kitaraziko diot.

Nehork ez dezala zalantzarik egin horretaz – Santxok –; nire nagusi jaunak xoil esku ona du ezkongintzan, ez du egunik asko bertze bat ezkonarazi zuela, neskatxa bati hitz eman eta uko egiten ziona; alabaina, gibelka jarraikitzen zaizkion sorgintzaileek mutila antzaldatu zuten eta zaltzain bilakatu itxuraz, bertzela, harako neskutsa, honez gero, ez zen hain neskuts izanen.

Roquek ez zion deus gutti ulertu, bere buruan Klaudia ederraren gertakaria zerabilen eta nagusi-morroe haien esaerak aditu ere ez; bere ezkutariei astoarengandik kendu zioten guztia Santxori itzultzeko agindu zien; gero, alde egiteko ere agindu zien, gau haretan ostendurik egoniko zurkulura; eta bera, Klaudiarekin bat, iradu ibilasi zen, Vicent haren hotsean eta zurrean, nahiz zauritua nahiz hila. Heldu ziren lekura, Klaudiak azkenik aurkitu zuenera, baina odol isuri berriaren zantzurik baino ez zuten idoro; hara begira horra begira, eta aldats batean gora lagun batzuk ikusi, Vicent huraxe behar zuela uste zuten, ustea ona, beraren mutilek, bizirik ala hilik, al zeroatena, sendatzearren ez bazen lurperatzearren; haiengana nahi eta arinik arin jo zuten, eta bai laster bat egin, haiek astiro joanki. Vicent hura morroeen besoetan aurkitu zuten; hantxe uzteko, hantxe hiltzen uzteko otoiz otoi egiten zien, ahots ahul batez, zaurien oinazeak aurrera joaiteko minaren gainean min eragiten ziola eta.

Zaldien gainetik jauzi Klaudiak Roquerekin, haregana hurbildu ziren, morroeak beldurrez Roque ikusita, Klaudia ikaratu zen Vicent hura hala ikusiaz; hala xorrotx nola samurtto, haren ondora zen, eskuetatik heldu zion, eta honela mintzatu:

Hik eman bahizkit hauek eskuok, itundua genuena legez, ez hintzatekeen honelako baten horrelakatua.

Ia itxiak zituen begiak zabaldu, aitonseme zaurituak, Klaudia ezagutu zuen eta esan zion:

Ongi zakusanat, bai, andere eder atzipetu hori, hik naunala hil; ez nik irabazirik ez nik nahirik ere; ez dinat uste nire nahiez ez nire egiteez inoiz irainik egin dinadanik.

Horretaz, ez dea egia – Klaudiak – goizeon Leonora, Balvastro aberatsaren alabarekin uztartzekoa hintzena?

Ez, ez horixe – Vicentek erantzun zion – : nire honelabehar gaiztoak eraman zinan, noski, albiste hori, hi espatsutu eta niri bizia kentzera egin hezan; ene bizia, beraz, hire esku-besoetan utzia dinat eta zoriontsu naun. Egia hau sendoetsiz estutu esku hori eta har nazan senartzat, nahi badun; ezin dinat beste ordainik opa nigandik jaso uste dunan iraina garbitze aldera.

Eskua estu zion Klaudiak, bihotza hertsi zitzaion berari, eta Vicent haren bularraren gainean, odolaren gainean zorabiatu zen, eta huraxe hil zoriko itokarriak hartu zuen. Roque balditua zegoen, zer egin ez zekiela, ezer egin ezinik. Morroeak berehala aurpegia bustitzeko ur eske joan ziren; ekarri eta busti zioten. Bitartean, Klaudia bere onera etorri zen, ez ordea Vicent hura bere hil zoritik, hantxe bertan bizia ahitu zitzaiolako. Klaudiak ikusi, bere senar gozoa zendua zela eta negar-hasperenez eguratsa urratu zuen, ortziak auheneka zauritu zituen, ileak kalika erabili zituen, ihailiz haizeari opaka, eskuez begitartea ezaindu zuen, minaren minez egundainoko bihotz minduak inoiz erakutsi izan ez duen bezainbesteko inkak eginez.

Oi emakume anker eta bahaska – zioen – zein azkar ibili hintzen hire burubide gaiztoa gauzatzen! Oi espakerien indar amorrutsua, zein atarramendu kaltegarritara ohi daramazun bihotzean hartzen zaituena! Oi ene gizon neurea, zorigaiztoak, neurea haudalako, ezkonohetik hilobira eramana!

Hain halakoak ziren izan ere Klaudiaren zer haiek, ezen, Roqueren begietatik malkoak jarionarazi zituztela, inoiz ere egiten ohitua ez zen arren. Negarretan morroeak, Klaudia noiztenka zorabioak hartzen, hango inguru guztia ezbehar-zelai edo ilundura-soro bihurtua zen, antza. Bukatzeko, Roque Guinartek'gorpua haren aitaren herrira eraman zezaten agindu zien Vicent haren mutilei; handik asago ez eta laster ehortzi ahal izaiteko. Klaudiak "monasterio" delako toki batera joan nahi zuela adiarazi zion Roqueri, izeba bat bertan lekaime-buru zela eta bertan bizia amaitzeko asmoa zuela, beste senar askoz hobe eta betiereko baten laguntasunean. Asmo zintzo hau goretsi zuen tint Roquek, nahi izanen zuen lekuraino lagun izaiteko eskaini zion bere burua, eta haren aita zainduko zuela esan zion, Vicent haren ahaideengandik nahiz beste norengandik edo norengandik, gaitzik egin nahi balieziote. Klaudiak ez zuen onartu haren biderako laguntza, ahal zuen bezain ongi baino hobeki eskaintza eskertu zion, eta negarrez agur egin zion. Vicent haren mutilek gorpua eroan zuten, Roque bereakana itzuli zen, honela amaitu ziren Klaudia Xeronimaren maite-nahiak. Baina, asko al da, haren gertakari negargarri haren bilbea esparen indar zorrotz, garaitezin, larderiagarriek ehundua izan bazen?

Ezkutariak' berak agindutako lekuan ediren zituen Roque Guinartek, eta haiekin On Kixote, Rozinanteren gainean, haien biziera bai soinarentzat bai arimarentzat galgarri zela burutan eman nahiz hiltzadi luzea egiten ari zitzaielarik; alabaina, gehienak gaskoinak zirelako, jende basa eta burutik egina, ez zitzaien burutara sartzen On Kixoteren erasia. Roque heldu zenean Santxori galdezka ea itzuli zizkioten astoagandik bere ezkutariek kendutako bitxiak zein urreriak; Santxok baietz erantzun zion, baina hiru orraziontzi peitu, hiru hiri adina balio zutenak gainera.

Zer diozü, gizun? – esan zuen haietako batek – nik dadüzkat eta ez düe inhañi balio.

Bai, horrelaxe – On Kixotek – ; baina nire ezkutariak horrenbestean baliosten ditu, eman zizkidanak eman zizkidalako.

Itzultzeko agindu zion, hitzetik hortzera, Roque Guinartek; bere mutilak lerroan ipini eta osturiko guztia, hara aurrera, ateratzeko agindu zien, azken banaketa egin zutenetik zedukaten guztia: janzkiak, bitxiak eta diruak; dena hainbatu zuen, laburzki, banatu ezin zuena atzera ekarri eta dirutu zuen, eta lagunen artean, zuhur bezain zintzo, bakoitzari berea emanez banan-banan zabaldu zuen. Lagunak oro pozik, bere mozkinak jaso eta asmoa beterik, ondo ordainduak geratu ziren eta Roquek On Kixoteri:

Hauekilan honelako zühürtarzüna, zehaztarzüna, erabili ezean ezin bizi ninteke hauekilan.

Santxok orduan:

Heben ikusi dudanetik badakit zein ona den zuzentza edo "justizia", ohoinen artean ere bai.

Hau ezkutari batek entzun zuen eta arkabuzaren "motxoa" goratu zuen, eta, ez bat ez bi, Santxori kaskoa pitzatuko zion, baldin, Roque Guinartek oihuka gelditzeko agindu ez balio. Beldurtu zen Santxo biziki, eta halako lagunen artean zegoeino ezpainak ez zabaltzea erabaki zuen.

Une haretan, han-hor-hemen, bide bazterretan jarrita, nor ote zetorren eta zer gerta lehen bezain lehen ohar egiteko zelatari egoniko bat edo bat haratu zen, eta hauxe iragarri:

Jauna, hebentik ez ürrün, Bartzelonalat doan bidean gaindi jente-eli handibat dator.

Roquek galde:

Antz eman al deiek guk bilatzen ditügünak ote diren, ala gure xerka dabiltzanak?

Ez, guk xerkatzen ditügünak dira – erantzun zion ezkutariak.

Elki, bada, guziok – Roquek aginduz – eta erakar itzazüe honat, ez utz battori ere ihes egiten.

Hala egin zuten; On Kixote Santxorekin eta Roque bakarrik geratu ziren, hantxe ekuru, ea ezkutariek zer edo nor zekarten zain; eta Roquek On Kixoteri esan zion:

Gurea On Kixote jaunari bizimolde berria idürituko zaio, eiki, "abentura" berriak gureak, gertakidin berriak, eta oro irrisku handikoak; ez da harritzeko holakoxe idüripena; aitor düt, bai, zinetan, gurea baino bizimolde ekürügaitz eta latzagorik ez dela. Ni mendekü-gose batek honelakatü nindüen, zein nahi bihotz hun ere nahasarazteko gai den mendekü-gogo batek: ni, neronez, urrikalbera naûzü, gogo hunekoa, baina, erran düdana bezala, aspertü nahi nintzaion eta, makür baten ordainez, honatx, nire gogo zintzo guziak lür jorik; eta aitzina noa honetan, nahiz eta okerreko bidetik noala huntsa jakinaren gainean egon, etsimentüz; leze baten ondoan leze, eta bekatü baten ondoan bekatü, nire mendeküak ondoan beti bertze mendekü bat egin beharra dakar, nirekikoa ez ezik bertze nehorenak ere neronen gain hartzen ditüt; Jainkoak daki, hala ere, nire nahasmentü honen galbide erdian nagoelarik, nehoiz hebentik elkiteko "esperantxa" galdü ez düdala oraino.

On Kixote, horrelako esaera on-egoki Roquerenak entzunaz, harri eta zur geratu zen; ez zuen asko uste, nonbait, ebatsi, ostu, lapurtu eta hil egiteko iharduera bizitzatzat hartua zutenen artean halako hiztun onik zegokeenik, eta honela mintzatu zitzaion:

Erroke jauna, gaisotasuna ezagutzetik hasten da osasuna, sendagileak agindu sendagaiak hartu nahi izan behar ditu gaisoak lehendabizi: zu gaisorik zagoz, zure gaitza ezaguna duzu, eta zeruak, Jaungoikoak hobeto esatearren, gure sendagile denez, sendatzeko gaiak emanen dizkizu, apurka-apurka sendatzen dutenak ohi dira, ez goizetik gauera, ez "mirariz"; bekatari zuhurrak inozoak baino arinago sendatzekoak ohi dira; zerorrek zuhurtasun handia erakutsi duzu, esaerotan, eta gogo onez itxadon behar da, iguriki noizbait senda dadin zure gogo-barreneko gaisotasuna; orain, senda-bide hori laburtu nahi baduzu, lehen-bai-lehendu nahi izanez gero, gaitzetik arinago ateratze aldera, zatoz nirekin, zaldun ibiltari izaiten irakatsiko dizut, hemen neke han jazoaldi edo ezjazoaldi, hainbat ezbeharretan zehar ibiliko zara, eta, sendagarrizko bidetzat hartzen badituzu, di-da baten zeruan izanen zara.

Barre egin zuen Roquek On Kixoteren onuaz, eta, hitzez beste eginez, Klaudia Xeronimaren gertaera hilgarriaren berri eman zion, eta ez zuen Santxok atsebage ttikia hartu horren zioz; azken baten, neska haren ederra, txairoa eta jasa begi onez ikusi zituen.

Hala ari zirela, ehiztari joandako ezkutariak berragertu ziren; itzeragoz zaldun bi, oinezko erromes bi eta emakume-orga bat sei sehikin batera, oinez eta zaldiz laguntzen, eta zaldunekin zetozen bi mandamutil, atzemanik zekartzatela. Ezkutariek inguratu zituzten, erdian bildurik, bai harrapatuak bai harrapatzaileak guztiz isilik, Roque Guinart handiak hitz eginen zain; zaldunei nor ziren, nora zihoazen, zeinbat diru zeramaten galde egin zien. Haietako batek erantzun zion:

Jauna, gu espainiar oinezko-gudarosteko bi kapitain gara; gure osteak Napolin ditugu eta lau "galera-ontzitan" itsarsoratzera goaz, Bartzelonan omen dagozenetan, Siziliara iragoteko agindupean; berrehun edo hirurehun ezkutu daramagu, eta honenbestez pozik goaz, aberats antxean, "soldaduak" ohiz urri-urri ibilten gara eta altxor handiagorik ezin uste izango genuen.

Erromesei galdera berdinak egin zizkien Roquek, eta Erromarako bidean itsasora nahian zihoazela erantzun zioten, eta bien artean, hirurogei erreal inguru zeramatela. Orga barruan nor zihoan ere jakin nahi ukan zuen, eta nora, zeinbat diru zeraman, eta zaldizko haietako batek erantzun:

Guiomar de Quiñones nire anderea, Napoliko Bikarigoko arteztailearen emazte dena, alaba ttikia, neskatxa eta etxandere bat doaz organ, sei sehi lagun dutela, eta seiehun ezkutu diru aldean.

Horrela, bada – Roque Guinartek esan zuen – heben bederatziehun ezkütü eta hirür hogoi erreal dadüzkagü: nire güdariak hirür hogoi ditüt, alde-alde; eia egin zeinbana doakion, ni zeinbatzaile txarra niz eta.

Hau entzun orduko, bide-lapurrak ijuika batzuk kikizaika bestetzuk, esanez:

Gora Roque Guinart, anitz urtez, horren galera irrikatzen dien zakürren gainetik!

Kapitainak bihozgetu ziren, arteztailearen emaztea goibeldu zen, ez ziren batere poztu erromesak, beraien ondasunak bahitu zituztela ikusita. Halaxe, nahibagetuak, gesu luzexka batez eduki zituen Roquek; ez zuen, baina, haien goibeldura luzatzerik nahi izan, eta, kapitainei buruz bihurturik, esan zien:

Züek, kapitain jaunok, gizalegez, emaizkidazüe mailegü hirüretan hogoi ezkütü, anderezko arteztaileak lauretan hogoi, nire lagün-tanda hau asetzearren, nontik lan hantik jan, eta gero züen bidetik joan zaitezkete, nor bere gain, nik emanen dizüedan iragan-txartel batekilan, heben aurkientza honetan sakabanatürik ditüdan bertze talde batzüekin tüpüst egin baikoz kalterik har ez dezazüen; ez düt nik asmo nehongo güdariri irainik egitea, ez, naski, ezein emaztekiri ere, handikietakoak badira are gütiago.

Ez zekiten, benetan, nola eskertu Roqueri kapitainek haren gizalegea eta haren eskuzabala; euren dirua utzi zien eta halakoxetzat hartu zuten. Guiomar de Quiñones andereak orga barrutik jauzi egin nahi izan zuen Roque handiaren esku-oinak munkatzeko asmoz, baina berak ez zion onartu inola ere; alderantziz, barkeske joan zitzaion egin zion irainagatik, bere lanbide gaiztoaz batera egin beharreko indarkeria zela eta egina. Laurogei ezkutu emaiteko agindu zion anderezkoak bere morroe bati, banaketan berari zegozkionak zehazki; kapitainek, ordurako, euren hirurogeiak sakeletik ateratuak zituzten. Erromesek beren apoita guztia, beren ezedukia, emaitekotan emitera egin zuten, baina Roquek geldi egoiteko erran zien, bere mutilengana bihurtu zen eta:

Ezkütü hauetarik bina dagokizüe, eta gainerateko hogoi; emaiezüe hamar erromesoi eta bertze hamarrak ezkütari zintzo honi, gertaera honetaz huntsa mintza dadin.

Idazteko behar zuen tresneria, beti zerbait aldean zeramana, ekarri zioten eta Roquek iragan-txartel bana eman zien, bere taldeetako buruzagiek ikas zezaten; gero, azken agur egin eta nor bere-bere joaiten utzi zien. Harriturik joan ziren, haren prestu eta mazaltasuna goretsiz, haren jokaera ezohiko eta sotila guztiz on eritzita; azkenean, ohoin ezagun ospetsu bat ez baina Alexander Handi batentzat jaiten zutela zihoazen. Ezkutari haietako batek, bere gaskoin-katalan hizkuntzan honela esan zuen:

Gure kapitain hunek uhuin baino beretter izaiteko hoboro dü: haraitzina eskü xabal ageri nahi badü, izan bedi bere onharzünaz, ez gureaz.

Oso isilean ez zuen esan gaixoak eta Roquek entzun, eta ezpatari heldu, eta dzart! burua bi zati egin zion, esateaz batera:

Mihigaizto eta ozarrak honela zehatzen ditüt nik.

Denak sor eta lor gelditu ziren, zotzorraturik bezala, inork fitsik esateko gogoa galdurik: halakoxe etorkorrak zitzaizkion.

Roque bazter bateratu zen, adiskide bati eskutitza idazteko asmoz, Bartzelonara; berarekin On Kixote Mantxako zaldun ospetsua zegoela jakinaraziko zion, aipuz aipu zebilen ibiltari izen handikoa alegia, lurbira osoan den gizonik adimentsuena eta sonatsuena zela adiaraziko zion; harik lau egunetara, Done Joanes Bataiatzailea delakoaren egunean, hiriko hondartzaren erdian jarriko zitzaiola, bere iskilu guztiak eta guzti, Rozinante bere zaldiaren gainean, ondoan Santxo ezkutaria asto batean eserita. Gertakizun honen berri Niarrostarrei emaiteko aginduko zion, adiskide zituela eta haiekin solasean ihardun zezaten; ez zuen nahi, aldiz, bere etsaiak zituen Cadellstarrak haien ikuste horrezaz poztutzerik; baina bazekien hau ezinezko zela, zeren, On Kixoteren zentzubagekeriak eta zuhur-antzak, bai eta Santxo ezkutariaren txolinkeriak ere, ororen barregarri bezain gozagarri izanen baitziren, inondik ere. Eskutitza ezkutari batek eraman zion, lapur-janzkera nekazari batenaz aldatu ondorean noski; Bartzelonaratu eta hartzaileari eskuratze aldera.