On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

67. atala

Atal honetan On Kixotek, agindutako urtebetea bete bitartean, artzain bihur eta landako biziera egitea erabaki zuenekoa agertzen da, beste gertakizun benetan onak bezain gozagarri batzuekin batera.

Eraitsia izan aitzin beredin burutapenek nekarazten bazuten, erori eta gero askoz gehiagok eragiten zion On Kixoteri gogait. Zuhaitzaren gerizpean zegoen, esana dago, eta euliak eztira ohi bezala, etorten zitzaizkion burura, sist eta sast! gogaiak, bulkoak, gogorapenak: batzuk Dultzinearen sorgingetzera zihoazen, beste batzuk handik hara egin beharko zuen biziera bazterkoiaz. Santxo iritsi zen, eta Tosilos zaltzainaren esku zabala goraki aipatu zion.

Ba ote daiteke, Santxo, oraindik ere hik ustea hori benetako zaltzaina denik? Ahantzi bide-zaik, antza, Dultzinea nekazari bihurtua, antzaldatua ekusi duana, eta Ispiluetako Zalduna' Carrasco batxilertua, niri jazarka atzetik dabilzkidan sorgin edo aztien lana dena. Esaidak orain: galdetu al diok Tosilos delako horri zer egin duen Jainkoak Altisidoraz: ni ez egoiteagatik negar egin ote duen, ala ni haren ekusterrean nengoenenan nekarazten zuten gogorapen maitekorrak utzi ote dituen ahanzturaren esku?

Ez nik halakorik buruan – Santxok erantzun – holako txotxolokeriak galdetzea nik, ez horixe. Ene bada eta ni! jauna, berori horrelakoxe nehoren gogaien galdera, maitekorrak izanik areago, egiteko egoeran ote dagoa orai berean?

Adizak, Santxo, alde handia zagok, tarte zabala, maitez eginiko edo esker onezko egiteen artean. Zalduna, izaitez, maite-peitua izan litekek, baina, zorrozki mintzatuz, ezin izan daitekek esker gaiztoko. Altisidorak, antza, ongi maite nindian; hik jakin duana legez, hiru orraziontziak eman zizkadaan; nik alde egitean negar egin zian; lotsarren, edo lotsa galduxerik beharbada, birao egin zidaan, hogen eman zidaan, erpildu nindian, arranguraka ihardun zian, ageri-agerian: maitetsi ninduen ezagugarriak hauek guztiok; maitaleen haserreak maiz birao eta arao bihurtzen dituk. Itxadopenik ez nian nik hari emaiteko, ez altxorrik opatzeko, nire guztiok Dultzineari emanak baititut, eta zaldunen altxorrak, iratxoenak bezalakoa dituk, gezurrezkoak eta aizunak; ezin, bada, besterik eman nik hari, berarenganako oroitzapenok baino, eta honela ere Dultzinearengana ditudanen kaltegarri ez badira; hik bai, herorrek egiten diok, bai Dultzineari irain hire haragiak zigorkatu ez nahi izanez -otsoek janen ailituzte okela laso-, agidanean, nahiago dituk harrentzako bazka izan daitezen ene andere gaixo haren sendagailu baino.

Jauna, egia erran behar bada, nik ezin dezaket burutara bil nire ipur-mokorretan zigorkada batzuen emaite horrek sorgintzaileek sorgindutakoekin zerikusirik dukeenik, hauxe honela: "Buruan min baduzu, igurtzi belauna" erraitea bezalakoxe liteke. Zin eginen nuke, bai, berorrek irakurri dituen zalduntza ibiltariari buruzko liburu guzietan, ez duela behin ere zigorka sorginkeriaren sendatzerik; dena den, bada-ezpada ere, nik eman emanen dizkiot ene buruari, gogoa eta astia ditudanean, behar bezala zigorkatzeko.

Jaungoikoari nahi dakiola – On Kixotek atzera – eta zeruak eman diezaala hiri gogoa ohar hadintzat zer nolako beharkizuna duan nire andereari luguntzeko, hirea ere baita bera, hi neurea haizen bezala.

Ibilian-ibilian, bidean aitzina eta zezenek astrapaladan, gainetik zapal-zapal, ostikopetu zituzten lekura iritsi ziren. On Kixotek gunea ezagutu eta Santxori:

Hauxe duk larrea neskatxa artzain eder eta mutil artzain lerden haiek aurkitu genituena, anbiolako Arkadia artzainerria berritu edota antzeratu nahi zutenean, benetan asmo zentzuzkoa bezain berria; nik, Oi Santxo, hik nahi bahu, beraien antzera, gu ere artzain bilakatzea nahi nikek, baztertua egon behar dudan epean behinik behin. Artzaintzan behar direnak, ardi batzuk eta, nik erosiko ditiat; niri Kixotiz artzaina esanen zidatek, hi Pantzino artzaina izanen haiz, mendiz mendi ibiliko gaituk, basorik baso, larrez larre, hemen kantari, han bertsolari, iturrietako ur gardenetatik, edo errekasto garbietatik, edo ibai urtsuetatik edaten. Arteek euren igali gozo-gozoa ahurtaka emanen zigutek, artelatz gogorrek beren enborrak ipiniko zizkigutek esertoki, saratsek itzala, larrosek usaina, belazeek mila margoko oin-xerria hedatuko zigutek, ihaurriko zigutek, egurats garbi-aratzak arnasa emanen ziguk, ilazki-izarrek argi eginen, gauaren ilunean, xaramelak atsegina, negarrak alaitasuna, Apolok neurtitzak erakarriko zizkiguk, maitasunak zer eta, gu betiko eta beitiereko ospetsu, orainaldian ez ezik, geroaldiko mendeetan ere sonatsuak izan gaitezen, gogaiak iradokiko zizkiguk.

Arranoa! Opa egin dit, bada, eta jupa! Bizi gaitezen bizi holako bizi-moldean; nago, Sanson Carrasco batxilerrak eta maisu Nikola Bizarginak, jakin bezain laster, guregana jin eta artzaindu nahi duketela, eta, are gehiago, Jainkoak nahi izaitekotan, Apezari gogoak eman eta gure artaldera sartu-gogo dateke, alaia baita txit eta irrizale.

Ongi erran duk, edo esan, Santxo; eta Sanson Carrasco batxilerrari, artzain-lagundira sartuz gero, eta sartuko duk, Sansonino artzaina eritzi ziokek, edo Carrascon artzaina; Nikola bizarginak Nikuloso izen har dezakek, behialako Boscanek Nemoroso hartu zuena legez; Apaizari ez zakiat zein izen eman, beraren izenetik eratorririko beste izenorde bat ez bada, Apezandi artzaina edo. Guk maitatu behar ditugun artzainemeak ere izeneztatu behar ditiagu, izenok, berriz, madarien artean bezala hautatu ahal ditikeagu; nire andereak artzain bezain printzesa-izena ongi egokia duenez, ez duk zertan nekatu izen hoberen bila; hik heureari nahi duana eman diezaiokek.

Bada, nik ez diot bertze izenik emanen Teresona baizik, hauxe egokiena orai duen izenarekin, Teresa baitaritzo, eta duen gizenarekin; eta, areago, zeren, nire bertsoetan goraki aipatuz nire gogo garbiak erakutsiko baitizkiot, ni ez nabil ogi apurren bila bertze nehoren bazkaritarako. Apezak ez duke on artzainemerik, erakutsi ona izaitearren noski; batxilerrak ukan nahi badu, hor konpon.

Jaungoikoak lagun nazala, eta zelako bizitza gozatuko dugun, Santxo adixkide! Zeinbat txurunbela izanen den gure belarrien atsegingarri, zeinbat zarrabete zamorar, zeinbat danbolin, zeinbat kriskitin eta zeinbat txirrin! Eta, honelakoxe hoskailuen artean ai albokak ere entzungai izanen balira! Hementxe artzainen soinu-tresna ia guztiak bil.

Zer da alboka? – Santxo galdezka. Ez dut nik hori entzun ez ikusi ere ene bizialdian.

Albokak – On Kixotek darantzuio – latoizko giriseilu edo argi-mutilen antzeko burdin-xafla batzuk dituk, bata bestearekin joz, huts eta baho direlako, hots egiten dutenak, ez oso atsegin, ez "armoniko", baina ez gogaikarri ere, zarrabete-danbolinen antzeko tresna basotarrekin bat eta egoki etorten dena. Alboka hitz hau mairuena duk, gure gazteleran "al"-ez hasten diren guztiak bezalaxe, esate baterako: almohaza, almorzar, alhombra, alguacil, alhucema, almacén, alcancía, eta beste antzeko batzuk, asko ez baduk ere; gure hizkuntzak hiru hitz dik "i"-z azkendurik mairueratiko: borceguí, zaquizamí, eta maravedí. Alhelí eta alfaquí, bai aurreko "al "-agatik bai atzeko "i"-agatik, arabieratik jasoak ei dituk. Hau bide batez irakatsi diat, alboka hitza entzundakoan gogoraturik; honelakotsu irakasketan beti goi agertu behar diagu, eta honetan ni nolabaiteko olerkari nauk, hik badakik, eta lagungarri izanen zaiguk, eta Sanson Carrasco ere horretan bikaina duk; Apezari buruz ez zioat ezer, alabaina, olerkari-usain edo zera duela eginen nikek, eta maisu Nikola ere olerkigintzan ihardundakoa dela ez diat zalantzarik, izan ere, oro, edo gehienok, gitarra-jotzaile eta koblakari ohi dituk. Nik urrundeez zinkurin eginen diat, hik maitedun zintzo agertu behar duk, Carrascon artzaina erdeinatua izaiteaz arrangurak eginen ditik, Apezandi apezak berak nahi duenaz egin dezala aieneka, eta honela den-dena ezin hobeto gertatu dukek, nahierara.

Santxok hau dirautso:

Ni honen zoritxarreko naizenez, jauna, horrelako bizieran nehoiz ene burua ikus dezadan eguna iritsiko ez zaidala beldur naiz. Oi zein zali politak eginen ditudan artzain naizelarik! Nolako otapurrak, nolako esne-gainak, nolako lore-uztai eta bertze zizki-mizki ala puskila-muskila artzainenak eginen ditudan, ez baitidate zuhur izaitearen herotsik erakarriko baina burutsua izaitearen bai! Santxika ene alabak anoa eraugiko digu, oturuntza ekarriko digula alegia. Alabaina, kasu! gogo emak! itxura ederrekoa duk, eta artzain maltzurrak inozoak baino haboro dituk, eta artile eske joaitea eta kiskildua jitea nahi ez nikek; maitakeriak edota asmo gaixtoak hala hirietan nola landetan ibili ohi dituk, hala artzainen oletan nola erregeen jauregietan; beraz, surik ez bada kerik ez, eta ez dakusan begik ahalgerik ez, eta ez dakienak damurik ez, eta usu gizon zintzoaren eleak baino sasi guztien azpitik ibili nahiago izaiten duk.

Ez atsotitz gehiagorik, Santxo, erran dituanetik zein edo zein aski duk hire eritzia adiarazteko; sarri bai sarri horren esaera zaharren zale ez izaiteko aholku egin diat, esan eta esan irioile haiz tint, zarrastel hutsa; honelarik ere, basohilean ari naizela uste diat, eta "ene amak zigortu arau, nik mau-mau! "

Berori, antza – Santxok ihardetsiz – halakoxea al da: "Zozoak beleari ipurbeltz " ohi dutenetarikoa: nik atsotitz edo esaera zaharrik ez esateko ahakarka esan egiten dit, eta berorrek birazka edo binaka lerrokatzen ditu.

Adizak, Santxo: nik esaerok beren-beregi erakarten ditiat, aukera-aukeran ohi zatozak nik esatean; hik, ostera, iletik helduta ekarten dituk, tarraz edo narrasean, ez dituk ongi bideratzen; oker ez banago, beste behin ere esana diat, esaera zaharrak esaera laburrak direla, gure asaba zahar jakintsuek, asko bizitzetik eta asko ikastetik sorraraziak; hari ez datorkion supita, zuhur-hitza ez duk, zahar-hitza bada ere, zabar-hitza baizik. Bego hau, bada, hemen; gaua bazatorrak, bazter gaitezen errepidetik pitin bat, gaua emaitekotan, eta bihar zer izanen den Jainkoak zakik.

Hala egin zuten, berandu eta txarto abaldu zuten, Santxok nahiaz bestera noski. Zalduntza ibiltariaren urria gogoratzen zitzaion, oihan-mendietan ohikoa, baina ugaria ere gogoan zerabilen, etxepare-jauregietan ezagutu izan zuena, bai On Diego Mirandakoren etxean, bai Kamatxo aberatsaren ezteietan, bai On Antonio Morenorenean; alabaina, beti gau edo beti egun izaitea ezinezko zela uste zuen, eta, gau huraxe lotan eman zuen, nagusia beilan.