On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

68. atala

On Kixoteri gertatu zitzaion jazoaldi urdetsuaz.

Gaua iluntto zen, ilargia ortzian baina ez ikusteko gunean: Diana anderea, zirudienez, antipodetara osteratto bat egitera joana zen, mendiak beltz eta haranak ilun utzirik. On Kixotek lo-legea egin zuen, izaiteak berak beharturiko lehenengo loaldia bete zuen, bigarrena ez; Santxok alderantziz, ez zuen bigarrenik izan, beti lo bat, ilunabarretik goizaldera lo betean iraun zuen; hara, axola guti eta hari oneko gizona izaitea. On Kixoteri, ordea, axolek loa galarazi zioten, Santxori iratzarri eta esan zion:

Balditurik nagok, Santxo, hire izaeraren askatasunaz; haitzurdinezkoa haizela iruditzen zaidak, edo brontze gogorrezkoa, ez bihotz-ondokorik ez sumakizunik. Hi lotan hagoeino ni beilan, esna eta erne; hi xaramelaka eta ni negarretan; hi ase-bete ondoan alper eta nagi haizelarik ni erkitua, alditxar egina nagok. Morroe onak bere nagusiaren aldarte gaiztoan eramankide behar dik, beraren sumakizunak sumatu behar ditik, itxura onagatik bada ere. Beha gau honen zohardiari, gagozen bakartasunari ohar hakiola, gure loaldi artean beilaldiren bat eginarazten diguna. Jaiki hadi, hire biziarren, aldenduxe hadi hemendik, eta gogo onean, esker oneko adorez, emaizkiok hirurehun edo laurehun zigorkada heure buruari, Dultzineari songintzileen menetik jara eragiteko behar dituanak kitatzen hastearren; otoi eta otoi eskatzen natzaik; ez diat hirekin beste behin, lehengo haretan bezala, besoetara heldu nahi, beso sendoak dituala bazakiat eta. Zigorkadok egin baikoz, gauaren gainerakoa kantuz emanen diagu, nik neure urrundeagatik, hik heure tenkorragatik; honela gure herrixkan geroko artzain-biziera oraintxe berton hasiko diagu.

Jauna, ni ez naiz erlijio-gizon, gauaren erdian nire lotatik jaiki eta ene buruari zigorka egiteko; ez dut uste, bertzenaz, ukaldi lazgarrien oinaze gorritik, hitzetik hortzera bezala, kantuaren atseginera iragan litekeen.Utz biezat berorrek lo egiten, ez ni hertsa zigorka egin behar horrezaz; bertzela, zin eginen diot ez dudala, ez nire haragirik ukituko, ez eta nire zamarrako ilerik ere.

Oi gogortutako arima hori! Oi erruki bageko ezkutari hori! Oi zein ogi eta zein dohain gaizki hartuak nik eman dizkizudanak eta emanen! Niri esker jaurlari izan zinen, niri esker konde izaiteko itxadopen hurrena duzu, edo antzeko izenburu baten jabe izaiteko, eta urtebete hau baino luzaroago ez duzu izanen nire hitza beterik ikusi arte; nik, jakina, post tenebras spero lucem.

Ez dut ulertzen – Santxok – :, baina ni lotan nagoenean ez naiz beldur, ez lotsa, ez itxaropen, ez neke, ez aintza; ongi izan dadila loaldia asmatu zuena, gizakiaren gogoeta guziak estaltzen dituen axala, gosea berdintzeko jakia, egarria haizatzeko ura, hotza berotzen duen sua, izekia epeltzen duen hotza da, eta, hondarrean, gauzak oro erosteko sosa, artzaina erregearekin, zuhurra ergelarekin berdintzen duen balantza edo txonpela. Loak ba omen du, aldiz, zer gaizto batto: heriotzaren antza du, lo datzanak doi-doi hila du iduri.

Ez diat entzun inoiz horren txunkun mintzatzen, Santxo, oraintxe bezain ederki, honexen haritik, hik usu erran atsotitz hura egia dela igini diat, hots, "Sorlekuak baino gehiago ohiturak "

Oi ene nagusi jauna! Orai ez naiz ni erranairuak lerro-lerro aurtikitzen dituena, berorri ere ahotik behera niri baino hobeki, binaka edo hirunaka erortzen zazkio, dena den, nire eta berorren ele zuhurren artean ezberdintasun hau dago: berorrenak tenorez eta garai onean ohi datoz, nireak, aitzitik, beti eztenorean; honela ere denak atsotitz, atsoen hitzak alegia.

Esaten amaitu ez eta daunb! dunbots handi bat, zarata lakar bat entzun zuten, hango haranik haran zabaltzen. On Kixote zutitu zen eta ezpatari eutsi zion; Santxo astoaren azpian uzkurtu zen, albo batean iskilu-multzoa eta bestean basta ipinita, beldurrez ikaran bezain On Kixote asalduran. Pixkaka-pixkaka abarrots hura handitzen eta handitzen, iskanbila hurbiltzen, beldurti bienganantz zen: batenganantz, bederen; besteak gemena ezagun zuen. Hara, bada, zera zen: gizon batzuk azokara bidean zihoazen, zeian salkizun zeramatzaten seiehun urde baino gehiagorekin, ibilian-ibilian kurrin! eta kurrin!, putz eta putz, kirriz-karraz, hain handia hango azantza, hango kalapita, hala On Kixote nola Santxo sorrarazi zituena, ezen, zer ote zen eurenganantz zetorren ha igarri ezin zutela. Urdaldea heldu zen, eta On Kixoteren jauntasunari, ez Santxorenari, begirunerik bat ere erakusteke, lotsa onik bat ere bage, bion gainetik irago ziren, Santxoren babes-lubakiak eraitsiz, eta On Kixote uzkailiz ez ezik, Rozinante bera ere, gainera, aurretik eramanez. Urdalde ugaria, kurrinkadak, bertarean bertara iritsi zirela eta, zerri zikin haien anabasan guztiz nahasi ziren, basta lurrean, iskiluak han-hor-hemen ihaurririk, astoa eta Rozinante, eta On Kixote eta Santxo eta oro nahaste-borraste. Ahal izan zuen eran Santxo jaiki zen, nagusiari ezpata galdatu zion, zer ziren haiek guztiak eta bazekiela, urde jaun basa haietako bospasei hil behar zituela erranez. On Kixotek erantzun:

Bego hor, utz, adiskide; irain hau nire bekatuaren ordaina duk eta, zeruaren galen zuzena duk, izan ere, zentzapena duk zaldun ibiltari azpiratua den hau golo-minez egoitea, liztorrek sistatzea eta urdeek zapaldua izaitea.

Bada, zerutikako "gaztigu" behar du, halaber – Santxo mintzo – zaldun ibiltari menperatuen ezkutariak euliek ximikaturik, zorriek janik eta goseak amakiturik egoiteak. Zaldunen morroin garen ezkutariak haien seme edo haurride bagina, laugarren belaunaldira arte gutienez, tira bada, haien erruen zigorrada helduko balitzaigu ez litzateke handi ez asko; baina, zer dute ikusirik Pantzatarrek Kixotetarrekin?. Hainbatenaz ere, jar gaitezen aisa, harzara lasai, eta egin dezagun lo apur bat gaua deino, bihar Jainkoak eguna argituko du eta jaikiko gara.

Egik lo hik, Santxo, lo egiteko sortu hintzen eta; ni esna egoiteko jaio ninduan; honik eta egundu artean nire gogoetak lasai ibilaraziko ditiat; bart, hik jakin ezean, nire adimenean sorrarazi eta madrigaltto batean "asaskatu" ditudanak.

Ene irudikoz – Santxoren ihardespena – kobla bat egiteko adina gogoeta bada ez da anitz gogoeta. Egin beza berorrek nahi bezainbertze, nik ahal bezain lo eta bertze lo eginen dut.

Lurrean behar zuen guztia bildu zuen, uzkurtu zen eta lo bete luzea egin zuen, ez zorrek ez zorriek galarazita. On Kixote pago baten ondoan, edo artelatz batenean (Zide Hamete Benengelik ez du zein zuhaitz zen bereizten), bere hasperenekin bat, honela hasi zen kantari:

Oi maitasun sotila
zein zaren enetzat gogor lazgarri!
Nola ni, itolarri,
naramazun, pozez, Herio bila

Oinazerik oinaze
nabil maite-itsaso sakonean
bizia gal-bidean
bizitza aurrera eta inoiz ez ase

Biziak nau hil-hiltzen
Herio enetzat bizitza baita
ba al nezake maita
ene bizia didana ohiltzen?

Bertso hauetako bakoitzaren ostean hainbat hats-beherapen egiten zuen, eta ez malkorik guti, halako bihotzean min duen harexen antzera, menpean hartua izaitearen mina eta Dultzinearen urrundeagatiko mina.

Eguna argitu, eguzkiak jo zuen Santxo izpiez begietan, iratzarri zuen, beso-zangoak astinduz eta luzatuz nagiak atera zituen; urdeek janari.zorroetan eginiko triskantzari begira jarri zen, eta urdalde osoa, eta are gehiago ere, madarikatu zuen, arao eta birao. Azkenean, biak berriro lehengo bidera; ibili eta ibili eta, arrats apalean, gizatalde bat urkusi zuten: beraienganantz hamar bat gizon zaldiz eta lauzpabost oinez. On Kixoteren bihotza taupaka hasi zen, Santxo zirin-zirin, zergatik eta han zetorren gizon-elia, lantza luze eta adargekin gudurako gerturik bezala zetorrelako. On Kixotek Santxori begira eta darauntso.

Nik ahal baneza, Santxo, nire iskiluok erabil, nire aginduak beso-loturik ez banindu, guri buruz datorren "makina" hori txitxi eta papatzat hartuko nikek; alabaina, besterik izan litekeen beldur nauk.

Zaldizkoak iritsi ziren, lantzak edo aurtagak gora, hitzik ez eta On Kixote inguratu zuten, bularrean batzuk gibelean beste batzuk, ezten guztiak herio-zemai eginez. Oinezko haietako batek, ezpainetan atza, isiltzeko egiramua egin zion, Rozinanteren ahokoari heldu eta biderean bazterrera jalgiarazi zuen; beste oinezkoak, Santxori besotik heldu, astoarekin bat, isil-isilik beti, On Kixote zeramanaren gibel joan ziren. Beronek, behin baino gehiagotan, nora zeraman, edo zer nahi zuten, galde egin nahi izan zion; baina, ezpainak higitu orduko, itxi eragiten zizkioten lantza-burdinez; eta Santxori berdin: hitz bat egitera ordukoxe, oinezko batek sast! eztenkada bat, eta astoari beste bat, hitz egin nahi bailuen. Gaua itxi zen, arindu zuten ibilera, atxilotu biak gero eta beldurtuago, eta, noizik behin, are beldurtuago, hau esaten zietenean:

Zabiltzate, trogloditok!

Isildu, barbarook!

Ordain ezazue, antropofagook!

Ez kexatu, eszitak, ez begirik ireki ere, Polifemo hiltzaileok, lehoi haragijaleok!

Eta beste hauen antzeko hitz trauskil, zakar batzuk nagusi-ezkutariei belarrietan min emaiten zietenak. Santxo bere baitan: "Gu goloditak? Gu barbarinak edo popagoak? Gu etsita? Hori bai mintzaera karkaila: larrainean ez zabilak haizerik; gaitzak oro batera zatozkiguk, orari makilak bezala, ailitz honetan gera honen asturu gaitzeko jazokizun asturugaitza!"

On Kixote durduzatua zihoan, hausnarrean, halako irainak egiten zizkieten gizon haiek nor ote zituen ezin igarriz, eta burubideak gora eta behera, ez zuen gauza onik bai txarrik asko haiengandik itxaroteko. Gaua aurrera eta ordu baten buruan, gaztelu batera ondoratu ziren; heldu eta On Kixotek, bertatik bertara, Dukearena zela ezagutu zuen, aspaldi ez zela bertan egona baitzen. Alajainkoa! – ikus eta esan – zer ote dut hau? Etxe honetan beti gizalegea lege, ororentzako abegi eta begitarte; menperatuentzat, ordea, ona gaitz bihurtzen da, eta gaitza gaitzago.

Gazteluko barrio nagusira sartu ziren, dena gerturatua zegoela ikusi zuten, nola eta haien izu edo beldurra larriagotu zien era batean, hurrengo atalean ikusiko dena bezala.