On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

69. atala

Edaskai handi honen joataldi osoan On Kixoteri gertatu zitzaion jazoerarik berri eta bakanenaz.

Zaldizkoek lurra hartu zuten, eta oinezkoekin batera, oldartsuki eta leban, zeinek Santxo zeinek On Kixote jaso zituzten eta barrio barrura eraman. Ehun bat zuzi baziren han pizturik, bakoitza bere argi-lekuan, eta arkupeetan bostehun bat zutargi bai, honenbestez bada, gaua eta ilun xamarra izan arren, egunaren argia ez zen huts emaiten. Barrioaren erdian, lurretik bi kana goratsuko hil-meta bat eraikia zegoen, oro ohialguri beltzezko "trozal" handi-handi batez estalia, inguruan, mailaz maila, ezko zurizko kandelak sutan zilarrezko ehun argi-mutil baino gehiagotan; metaren gainean neska eder baten hilotza erakusgai, hain ederra herio bera edertzen, bere ederrez, edertzen zuena. Zetehunezko bururdi baten gainean burua, hainbat lore usaindunez ehunduko sorta bat buruntza, eskuak bularrean bilduak, eskuen artean palma daritzon zuhaitz-adar horail bat, garaile baten antzera. Barrioko alde batean antzoki bat eta bi aulki, gainean bi antzezlari eserita, buruetan buruntza bana eta eskuetan makilak zeduzkatela eta errege zirela ziruditenak, nahiz egiazko nahiz gezurrezko. Antzoki honen aldamenean, igoteko maila eta beste aulki batzuk, eta hauetantxe On Kixote Santxorekin ekar eta jarrarazi zituzten; dena isilean noski, eta bioi isilik egoiteko egiramuak egiten zizkietelarik; agindu beharrik ez, alta, hain harri eta zur zegozelako mihia askatu ezinik baitzegozen. Halako baten, antzoki gainera, arrandiro, bi nordin igo, nortzuk eta, On Kixotek berehala ezagutu zituen Duke jaun.andereak hain zuzen, behinolako arrotzain edo ostatari izan zitzaizkionak, haretan ere; eta azkenean, hango errege-irudiko bien ondoan balio handiko aulki bitan eseri ziren. Nor ez zen, bada, harrituko horrenbestez, gainera On Kixotek ezagutu bezala, hil-metaren gainean zegoen gorpua Altisidora ederrarena izanik? Dukeak igo eta On Kixoterekin Santxo zutik, gur luzea egin zieten, eta Dukeek era berean, buruak pittin bat makurtuz, koburu eman.

Albo batetik, une haretan, mirabe bat jalgi zen, Santxoregana eta soinaren gainera "bokazi" daritzon karradero beltzezko janzki bat eman zion, su-garrez margotua, txanoa kendu eta buruan klixket bat, Aste Santuan neketariek ibili ohi duten ttuntturroaren antzekoa ipini zion. Belarrira mintzoz, ezpainak ez irekitzeko berragindu zion, bestela, txurdel bat edo aho-lokarria ipiniko, edo, beharbada, bizia kenduko ziotela. Santxok bere buruari goiti eta beheti bahatzen zion, garretan ikusten zuen, baina erretzen ez zutelako, bost axola. Erantzi zuen klixketa, txerrenez margotua ikusi zuen, jantzi zuen harzara, eta bere buruari mintzo:

Ederki honela, ez bainaiz haiezaz errea, ez haiek eramana.

On Kixotek ere begira, eta beldurrak burua nahasia bazuen arren, barre egin bai egin zuen Santxoren itxura ikusita. Hasi zen, bada, orduan, ateratzen, hil-meta haren azpitik antza, hots bat, beratz eta atsegina, txirulezkoa, inoren ahotsek eragozten ez zutena, hantxe isiltasuna bera ere isildua baitzen, guztiz amoltsua bezain emea. Gero, bertatik bertara, mutil eder bat, lirain bat, erromatarren erara jantzia agertu zen, hilotz zirudien haren bururdi ondora, harpa eskuan, bera jotzaile, eta honako bi ahapaldi abestu zuen, ahots garbi leun-leunez:

Altisidora bere oneratzen
berpizten has dakigun bitartean
-On Kixoteren ankerraz hil baitzen-
haren gorpu zurrunaren aurrean
etxandereak ederrez apaintzen
direino bai hementxe bai gortean
dut goretsiko haren edergoa
zoritxarra baino handiagoa

Traziako kantari haren antzera
hilean bizian bezala beti
ez duke nire mingainak atzera
egin, heriotza goiti-beheti,
jalgiko da ozenki ospatzera
nire arima eretiz ereti
zabalduz orotan nire antsia
inoiz ez zaitezen izan ahantzia.

Gehiagorik ez – esan zuen orduan errege-itxura zuten bietako batek – : ez gehiagorik, jainkozko kantari; Altisidora berdinik ez zuenaren dohainak eta heriotza hemen erakutsi asmoz hastea, inondik inora, amaiezinezko kantakizuna izango litzateke eta; ez baita hilik, etxakin guztiek uste bezala, Ospearen mingainetan bizirik baino; galduriko argitara itzularazteko, baina, Santxo Pantzak, hementxe dagoen honek, nekea beharko du jasan eta eraman. Oi, zu, Erradamanto, Diteren haitzulo itsubeltzetan nigaz jolasean ibilten zarena! mintza zaitez, zuk badakizu, neska hau bere onera etorteari buruz asturu igarrezinek erabaki duten guztia, eta, aitor ezazu, bada, lehen bai lehen, onera etorte horrezaz eratorriko zaigun onura belu ez dakigun, berantetsita gagoz eta.

Hau Minosek esan zuen, epaile eta Erradamantoren lagunak, eta berehala berau zutitu eta mintzatzen hasi:

Ea, etxe honetako mirabeok, goi eta behekook, txiker-handiok, erdu bata bestearen atzetik, zatozte, itxi egizue, bai, Santxoren musturra, hogeitalau zapladakoz, hamabi atzimurrrez, eta sei orrazkadaz beso-bizkarretan; Altisidoraren osasuna eginbehar honetan baitatza.

Santxo Pantzak entzun eta bere isila urratuz esan zuen:

Baita zera ere, arranoa, nik ez baitut nire muturra nehork ukitzen utziko, ez areago ixten edo hersten, lehenago mairu! Atx ene soina neronena! Zer du axola niri bizarra eskuka eta neska horren berpizteak? Atsoa mimaukerian ñapurtu zen...Dultzinea sorgindu eta nik zigorkadak jaso behar sorgingetzeko; Altisidora hil, Jainkoak eman maite-gaitzez, eta berpizteko nik jaso behar hogoitalaur zaplada, orratzez gorputza josi eta besoak zimikoz ubeldu arte jasan! Bertzeri holako holakokeriak; ni zakur zaharra naiz eta nirekin ez dago zeren ibili to hator hona to-ka.

Hilko haiz – Erradamantok ozenki – . Bigun hadi, lehoinabar hori, apal hadi Nembrot harroputz hori, jasan egik eta isil hadi, ezinezkorik ez zaik eskatzen eta. Eginbehar honen zail-errazetan ez hadi sar : zapladakoak hartu behar dituk, josia behar duk, atzez zimurka negar eragin beharko diate. Ea, bada, mirabeok, egizue nik agindu legez; osterantzean, nire fede onarren, zertarako jaio zineten ikusiko duzue!

Une honetan, iragobide batetik sei etxandere, bata bestearen gibelean, ibildeunean bezala, agertu zen, lau betaurrekodun, denak eskuineko eskuak gora jasorik, eta eskuok luzeago egitearren, egun ohi den arau, lau atz larru apain batzuez luzaturik. Santxok ikusi eta bertan, zezen zaurituaren antzera marruz, esan zuen:

Nork nahi ere ni uki eta utzi dioket, baina, etxandereek eskukatu ni nehola ere ez, ez horixe! Gatu-aztaparka egin diezadatela aurpegian, nire nagusiari gaztelu honetantxe egin zioten bezala; jos gorputza, aldean bertze, aizto-moko zorrotzez; atxek gogorki besoak suhatsez; nik jasan eginen dut, baraistuan eramanen dut, edo hemengo jaun hauen meneko izanen naiz; baina, aitzitik, etxandereek ni ukitzerik ez dut onartuko, ez eta tusuriak eraman behar baldin banindeza ere.

On Kixotek ere bere isila urraturik, honela esan zion:

Euk patxada, seme, eta egik jaun hauen atsegin, eta emaizkiok zeruari eskerrak hiregan on hori egiteko aukera ezarri duelako, hire oinazez eta ziparrez sorginduak sorgingetuko dituk, eta hilak berpiztuko dituk.

Etxandereak Santxoren ondorago eta berau bigunago, etsituago, eta aulkian ongi jarri zen, aupergia eman, ondoratu zitzaion aurrenari bizarra eman zion, eta honek bizarreko bat egin zion, ongi egina ere, azkenean kilimusi handi batez bukatzeko.

Gurketa gutiago, itxurarik ez, etxandere – Santxok esan – Jainkoarren, eskuok ozpin-urrinez dakartzazu eta!

Hondarrean, etxandere guztiek zertu zuten, eta etxeko beste lagun ugarik atzimurka egin zion; baina ezin jasan izan zuen bestea izan zen, orratzen sistadak hots; zutitu zen aulkirean, uzkur eta makur eta samur, hartu zuen eskueran zegoen zuzi bat, eta etxandereen atzetik, bere borrero haien guztien gibeletik jo zuen, zirautsela:

At!, alde tusurien jopuok, but!; ni ez nauzue brontzezko, horren zipar lazgarriez ez minik hartzeko!

Orduan, Altisidora, hain luzaro etzanik egoiteaz nekatua, aurki, alde batera bihurtu zen, eta hau ingurukoek ikusirik, ia denek aho batez, esan zuten:

Gora Altisidora! Bizirik da, Altisidora, bizi bedi!

Erradamantok Santxori sumina barearazteko agindu zion, jabaltzeko, zeren, zegoeneko, iritsi nahi zuten xedea beterik baitzen.

On Kixote, Altisidora zirkin egiten hasia zela ikusita, Santxoren aitzinean belauniko jartera joan zen, eta honela mintzatu zitzaion:

Oraintxe duk, oraintxe, ene erraietako seme, ezkutari bainoago, hartu behar dituan zigorkadak emaiten has hadineko aldia, Dultzinea sorgingetuko bada. Oraaaintxe, badioat, hire onbidea, agidanean, sasoi-sasoian duk eta hiregandik uste dugun ongia egiteko abagadunea duk.

Santxok erantzun:

Okerkeria baten gainean okerra iruditzen zait hau eta ez eztia opilean; ederra liteke, ba, zimiko, orraztada eta bizar-ukien gibeletik orain zigorkadak etorriko balira. Honez geroztik, harri larri bat har, lepoan lot eta osin batera egoztea bertzerik ez didazue, eta ez nuke nik damurik asko, baldin, bertze nehoren gaitzen sendatzeko neronek ezteietako behi izan behar banu. Utz ni: bertzenaz, ala Jainkoa, oro hamairuretara egotz eta botako dut, hamairurik ez bada ere.

Altisidora, ordurako, hil-metaren gainean eseria zen, zarramiolak hots egiten hasi ziren, txirulak lagun, eta hango guztien ahotsak honela:

Bizi bedi Altisidora! Gora Altisidora!

Dukeak zutitu ziren, Minos eta Erradamanto erregeak haiekin, eta oro bat, On Kixote eta Santxorekin, Altisidorarengana joan ziren, hartzera eta metatik jaitsaraztera. Zorabio-itxurak egin zituen, konorte galduarena egin eta Duke-erregeen aldera makurtu zen, eta On Kixoteri zeharka behatuz esan zion:

Jainkoak barka diezazula, zaldun maite-peitua, zure ankerkeriagatik beste munduan egon nauzu eta, nire eritzian, mila urtez baino luzazago; hiri, berriz, oi ludi-ortzian den ezkutaririk errukiorrena! dudan biziagatik eskerrak damaizkiat. Egundanik aitzina, Santxo adixkide, nire sei atorra emanen diat eta sei gehiago dadukak, eta denak onik ez badagoz denak garbirik bai ordea.

Santxok eskuetan mun eman zion -pot erranen zuen berak- klixketa eskuan, belauniko beti. Dukearen aginduz, klixketa ken eta haren txanoa berreman zioten, eta kapusaia berjantziz sugarrezko soinekoa erantzi zioten. Janzkia eta "mitra" nahi zituela eta utz ziezazkioten eskatu Dukeari, bere herrira eraman gogo zuela, egundaino ikusi bageko jazoera haren oroigarri. Duke andereak baietz, uzteko esan zien, adiskide mina zuela ongi zekielako. Dukeak barrioa hustutzeko agindu zuen, bakoitza bere lekura joan zedin, eta On Kixote, Santxorekin, berauek ezaguna zuten egoitzara eroan zezaten.